
Realzaleek zein athleticzaleek badakite derbiak hiru puntu baino gehiago direla. Are gehiago kontuan izanik bi taldeen egoera. 11. jaurdunaldia hasi orduko, 17. postuan kokatzen dira txuri-urdinak; zuri-gorriak 9. postuan daude, baina sentsazioak ez dira askoz hobeak. Izan ere, bost puntuko aldea ateratzen dio Athleticek Realari, baina etxekoak derbia irabazita, bi puntura izango dituzte bilbotarrak.
Horrez gain, datuek ez diote mesederik egiten talde bizkaitarrari. Anoetan irabazitako azken derbia 2016/17an izan baitzen. Zortzi urte pasa dira ordutik. Lehoiek (0-2) irabazi zuten, eta Iñaki Williamsek eta Raul Garciak sartu zituzten golak. Garai hartan, Realaren atzeko lerroan Yurik eta Iñigo Martinezek jokatzen zuten. Athleticen hasierako hamaikakoa erreparatuz, Kepa edo Laporte agertzen dira.
Entrenatzaileentzako ere partida erabakigarria izango da. Sasoi hasiera txarrak zalantzak sorrarazi ditu zaleen artean. Haatik, Franciscok arnasa hartu du Ligan Sevillaren aurka irabaziz eta Kopan Negreira mendean hartu ondoren. Valverderen figura ere kolokan jarri dute zaleek azken boladan; izan ere, Getaferen aurka galtzeak suposatu zuen etxean jasotako bigarren porrota. Aurreko denboraldian galdutako partida kantitate bera, alegia.
Norgehiagokaren bezperan hitz egin dute biek. Franciscok Kuboren itzuleraren berri eman du: «Hilabete eta erdi daramagu bere orkatilarekin bueltaka. Oraingoan, medikuekin eta jokalariarekin ziurtatu dugu dena ondo zegoela. Aste honetan sentsazio onekin ikusi dut». Bere aldetik, Valverdek derbi baten garrantzia azpimarratu du: «Partida lehiatua izango da, eta ziurrenik garrantzi handia izango dute buruz-burukoek. Bigarren jokaldiak egongo dira eta adi egon behar dugu aurrea hartzeko eta baloi bakoitzeko borroka irabazteko. Derbi guztiak horrelakoak dira».

Sergio Franciscoren lehena
Imanol Alguacilen gidaritzapean, euskal derbiek kolore txuri-urdina hartu ohi zuten. Realak bost garaipen eta bi berdinketa lortu zituen Anoetan oriotarrarekin jokatuko derbietan. Oraingoan, Sergio egongo da aulkian eta aitortu duenez «gogo eta ilusio handiarekin» bizi nahi du derbia barrutik.
Entrenatzaile gipuzkoarrak astea borobildu dezake derbian garaile ateratzen bada. Hori lortzeko asmoz, erabakigarriak izango dira Oyarzabal eta Barrenetxea. Bi aurrelarien bolada ona baliatu nahi dute donostiarrek: lau gol daramatza txuri-urdinen kapitainak eta hiru gol pase Barrenetxeak.
Hori gutxi balitz, jakina da aurrelari eibartarrak ez duela hutsik egiten derbietan. Eibartarrak zazpi gol sartu dizkio Athletici derbietan, eta, horietako sei garaipen txuri-urdinarekin amaitu ziren.
Gorrotxategi ere estreinatuko da euskal derbi batean. Alderantziz, Ruperez, Yangel Herrera, Karrikaburu eta Oskarsson deialditik kanpo geratu dira.
Takefusa Kubo, ordea, bueltan da eta ilusioa piztu du Donostian. Izan ere, aurrelari txuri-urdinak azken partidak galdu ditu, Japoniatik min hartuta itzuli baitzen. Era berean, Karrikaburu eta Oskarsson lesionaturik egoteak eragin du Sadiq ere deialdian sartzea. Bai Kubok zein Sadiqek minutuak izan ditzateke bigarren zatian.
Lesio gehiegi Athleticen
Aste garbia izan dute lehoiek euskal derbia prestatzeko eta Getaferen aurka eman ziren akatsak konpontzeko. Haatik, albiste txarra iragarri zuten ostegunean Ibaiganetik. Sannadik eskuin belaunean mina zuela hasi zuen denboraldia, bilakaera luzeko meniskoko-afekzio baten ondorioz. Belaunaren egoerak okerrera egin du eta astelehenean egingo zaio ebakuntza.
Erizaindegia gainezka dauka Athleticek: Sannadiz gain, Egiluz, Lekue, Prados, eta Iñaki Williams deialditik kanpo geratu dira, baita Yeray ere. Alta, Laporte berreskuratu du Valverdek derbirako eta erdiko atzelariak esperientzia gehitu diezaioke defentsa-lerroari.

Deialdiaren berritasuna Seltonen (Durango, 2007) agerpena izan da. Youth-Ligako txapelketan distira egin du lehoikumeak eta, horren ondorioz, lehen taldearekin entrenatu du azken aste honetan.
Partidari begira, Ibaiganetik jakinarazi dute besoko beltza eramango dutela lehoiek Jose Antonio Latorre hil delako 83 urterekin. Athleticen 2.000. golaren egilea izan zen Latorre.
Eguneko egitarau osoa
Ohi den bezala, euskal derbirako hainbat ekintza antolatu dituzte larunbaterako. Lehenik, goizeko 12.00etan, Ursurbilen egingo dute XXIV. Bertso Derbia. Txuri-urdinen ordezkariak Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña izango dira. Zuri-gorrien aldetik Jon Maiak, Aitor Etxebarriazarragak eta Jone Uriak parte hartuko dute. Gai-jartzailea Karlos Aizpurua izango da.
Derbia 16:30ean hasiko da pic.twitter.com/jn5yaglF5c
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) October 30, 2025
Partida hasi baino bi ordu lehenago, Realak antolatu du busari harrera, motorrak berotzeko asmoz. Azaldu dutenez, autobusa ospitaletik jaitsi, Anoeta hoteletik sartu eta Belodromoaren ondotik igaroko da. Azkenik, Anoetako hegoaldeko aparkalekutik sartuko da zelaira.
Hamaikakoak:
REALA: Remiro; Aranburu, Jon Martin, Zubeldia, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Carlos Soler, Brais Mendez; Barrenetxea, Gonçalo Guedes; Mikel Oyarzabal.
ATHLETIC: Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Yuri; Jauregizar, Galarreta; Robert Navarro, Oihan Sancet, Nico Williams; Gorka Guruzeta.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz
