Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Lau deabru ‘guardako’ eta Urtain, Bernardo Atxagaren azken nobelan

‘Enarak’ liburua aurkeztu du Bernardo Atxagak ostiral honetan. 2019tik prosarik argitaratu gabea zen eta Urtainen bueltan dabiltzan lau deabru ditu protagonista obra berriak, baita herri kirolari aski ezaguna ere.

Bernardo Atxaga, liburu berria esku artean duela.
Bernardo Atxaga, liburu berria esku artean duela. (Oskar MATXIN | FOKU)

Txoriek garrantzia dute Bernardo Atxagaren obran eta bizitzan, idazlearen beraren hitzetan, eta beraz ez da harritzekoa plazaratu berri duen nobelari ‘Enarak’ izena eman izana. Hegaztiak, ordea, ez dira nobelaren protagonista, lau deabru guardako baizik. Ohikoagoak izaten dira aingeru guardakoak, baina deabruen bidez soilik esan daitezke idazleak liburuan jaso dituenak. Bilboko Arte Ederren museoan aurkeztu du Atxagak Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu duen nobela berria.

Beste lan batzuetan buru belarri ari zela sortu zitzaion Atxagari nobela idazteko ideia. «Hasi nintzen astebururo zerura joan eta zeruan dagoen jendearekin hitz egiten», eta horrela hasi zen batzuen eta besteen arteko hartu-emanei erreparatzen. Eta bertan, «ia nahi gabe», aurkitu zuen deabru guardakoa: «Zeru horretan ibiltzen zen gordeka, ezkutuan». Atxagak ikusi zuen otu berri zitzaiona «normalean esan ezin diren gauzak» idazteko bitartekari ezin hobea zela, joko nahikotxo ematen ziona sortzaile gisa.

Pertsonaiek egiten dute nobela bat, idazleak azaldu duenez: «Pertsonaiarik gabe ez dago nobelarik. Ipuin batek ahots batekin nahikoa du, poemak ez du behar... Baina nobelak bai». Horrela, nobelaren nondik norakoen berri emateko, pertsonaiak deskribatzeari ekin dio aurkezpenean.

Lau deabru dira, lau deabru guardako, hain zuzen ere. Nork bere izaera propioa dauka, baina gaiztoak dira denak, eta inmaterialak, «airez eginda daude». Atxagak azpimarratu du liburuan datozenak haien pentsamenduak direla, ez bereak: «Pentsatzen badute nik zuzenean egile bezala hori esaten dudala eskandalu bat izango da».

Lau deabru horiek Urtainen, hura gorrotatzen zuen beste pertsona baten eta, kontrara, asko maite zuen pintore baten bueltan dabiltza liburuan. Hezur haragizko izatea duten protagonistak lur sail berean daude ehortziak, 25 urteko tartearekin. Izan ere, Atxagak azaldu duenez, Urtainen inguruan idatzi nahia piztu eta haren hilobira bisitan joandakoan jakin zuen 25 urte igarota bertatik kendu eta beste nonbaitera eramaten dituztela gorpuzkiak. Hortik atera du denbora tartea; horregatik gertatzen da narrazioa 1992an, hots, Urtain hil zenean, 2017an eta 2042an.

Aizarnazabaleko Arroa Gainan kokatu du istorioa, ondo baino hobeto ezagutzen du ingurua Atxagak. Hain zuzen, bertan kokatu du Urtain aizkolariaren (eta harrijasotzailearen, eta boxealariaren...) hileta, nobelari hasiera ematen dion gertaera, alegia. Azaldu duenez, hainbat arrazoi tarteko egin du hautua: «Bata da pertsonala, ni jaio nintzen tokian harria, aizkora, belarra, idi proba... ohikoak zirelako, eta ezagutu nuelako txikitan Urtain. Bestea ideologikoa da. Nik uste nuen mundu hori estereotipoaren azpian zegoela zapalduta eta hortik atera behar nuela».

Hiru kapitulutan

Lau deabru eta hiru gizon, horiek dira liburuaren protagonistak, eta hezur haragizko protagonista bakoitzeko atal bat dauka nobelak. Atxagak azaldu duenez, hasieran nobela Urtaini buruzkoa da, baina hura gorrotatzen duen pertsonaia protagonista bilakatutakoan suspense bihurtzen da. Azkenean, aldiz, galeria itxura hartzen omen du, Euskal Herriko hainbat artista agertzen baitira.

Lagunei omenaldia egin nahi izan die modu horretan, eta pozik dago emaitzarekin. Izan ere, liburuaren azken hamar orrialdeetan 30 margolaritik gora aipatzen ditu.