
Trail running-eko denboraldia amaitzen ari da; azken ‘apurrak’ baino ez dira geratzen. Euskal Mendizale Federazioaren Euskal Herriko Kopak, adibidez, azken hitzordua izan du. Hain zuzen ere, atzo, igandean, jokatutako Kolitza Balmatrail lasterketak amaiera eman zion erregulartasunaren zirkuituari.
Balmasedan bildutako lasterkariak 25 kilometro eta 1.300 metroko goranzko desnibela dituen proban lehiatu ziren. Bezperako euriak lokatza sortu zuen, baina, oro har, baldintza egokiak izan zituzten. Bederen, tenperaturari dagokionez.
Emakumezkoen kategoriari dagokionez, Estel Roig katalanak erakutsi zuen oso sasoiko aurkeztu zela Balmasedako hitzordura. Goitik behera menderatu zuen 25 kilometroko lasterketa. Helmuga puntuan 2:14:28 denbora markatu zuen. Bigarren sailkatuari, Sara Gutierrezi, hamaika minutuko aldea atera zion. Nora Narbaiza hirugarrena izan zen 2:28:37 denborarekin.
Antzeko egoera bizi zen gizonezkoen lehian. Gontzal Murgoitiok erakustaldia eman zuen ingurumari horretako mendietan. Garbean, Kolitzan, Sabugalen eta Cerro del Castillon lehen postuan igaro eta gero, Balmasedako hitzordua irabazi zuen. Elorriarraren denbora: 1:55:43. Mikel Larrinagaren eta Borja Fernandezen artean lehia estua bizi izan zen. Larrinaga bigarren postuan sailkatu zen 2:04:07 kronoarekin, eta zortzi segundo beranduago Fernandez helmugaratu zen.
Euskal Herriko Kopak, denera, zortzi etapa izan ditu, eta sailkapen orokorrean azaltzeko gutxienez korrikalariek bost proba egin behar izan dituzte. Hortaz gain, bost denbora onenak kontuan hartu dira behin betiko sailkapena egiteko. Garazi Sampedro erregularrena izan da nesken mailan, eta koparekin egin da. Oihane Unzaluk zilarra eraman du, eta Nora Narbaizak brontzea. Mutiletan, Mestafa Mahfoudek irabazi du, Ander Jauregi bigarrena izan da eta Sergio de Oliveira hirugarrena.
Errekorra
Lasterketa horrekin batera ezin dugu aipatu gabe utzi bezperan jokatu zen Kolitzako errekorra. Erronka hori 1960an sortu zen, eta azken urteotan indar gehiago eman diote nazioarteko hainbat korrikalari gonbidatuz. Bi protagonista izan dira aurtengo ekitaldian: Madalina Florea errumaniarra eta Roberto Delorenzi suitzarra. Bi korrikalari hauek iazko errekorrak hobetzera etorri ziren. Hain zuzen ere, Joyce Muthoni Njeru eta Patrick Kinpgnego kenyarrek zituztenak. Oro har, iazko eta aurtengo baldintzak ia berdinak izan dira; izan ere, bi ekitaldi horietan euri txikia egin du.
Floreak aukera izan zuen iaz Njeruk Kolitza igotzen eta jaisten egin zuen kronoa (ordubete eta 24 segundo) hobetzeko. Errumaniarrak dena eman zuen 12 kilometro eta 730 metroko desnibela dituen ibilbidean. Jaitsieran lokatzarekin eroriko batzuk izan zituen, baina helmugan krono ederra ezarri zuen: 57 minutu eta 53 segundo. Errumaniarrak eskertu nahi izan zuen ibilbidean jasotako babesa: “Nahiz eta hotza egin eta nekatuta nengoen, ikusleek asko bultzatu naute. Horrek guztiak asko motibatu zidan, eta gogor estutzeko indarra eman ere. Esan behar dut denboraldia oso luzea izan dela, eta Balmasedara nekatuta iritsi naizela. Etorkizunean saiatuko naiz itzuli eta krono hori hobetzen”.
Delorenzik, berriz, ezin izan zuen Kipgnengoren errekorra (49 minutu eta 7 segundo) ondu. Lasai asko esan daiteke oso urrun geratu zela. Izan ere, iazko kenyarraren denboratik sei minutura geratu zen: 55 minutu eta 10 segundo. Suitzarrak onartu zuen Kolitzako errekor horretara ez zela sasoiko heldu.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
