Emakunde Emakumearen Euskal Erakundak lagundutako 'Emakumeak bizikletaz euskal hiriburuetako kaleetan zehar. Diagnostiko parte hartzailea genero ikuspegiarekin' azterlanak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan bizikletaren erabileran dagoen genero arrakala nabarmendu du. Emakundek astelehen honetan aurkeztu du emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanei ematen dien bekaren emaitza, Donostiako Ziklotekan.
Laura Latorre Hernando ikertzaile, prestatzaile, narrazio terapeuta eta hiri txirrindularia eta Guillermo Vera Idoate antropologia eta etika ekologikoan aditua dira ikerlanaren egileak, eta bizikleta hiriko garraio gisa erabiltzen duten emakumeen elkarrizketak eta kontakizunak oinarri hartuta egin dute.
Bizikleta erabiltzeko motibazioetara hurbildu eta emakume txirrindulariek egiten duten hiri espazioaren erabilera aztertu ondoren -hiru hiriburuetan zentratuta-, azterketaren ondorio nagusia da genero arrakala dagoela: «Bizikleta azpiegitura eskasak, genero sozializazio desorekatuak eta ikuspegi androzentrikotik bizikletaren erabilerarekin batera jarraitzen duten aurreiritziek eta estereotipoek eraginda, bai eta emakumeek hiri ingurunean bizi dituzten jazarpen eta indarkeria esperientziek eraginda ere».
Edonola ere, ikerketaren arabera, «aurrerapen handia» egin da bizikletaren hiriko erabileran, «emakumeak gero eta gehiago jabetzen baitira hiriko espazioaz». Izan ere, erabiltzaileen arabera, «garraiobide horrek beste hiri eredu atseginago eta jasangarriago batzuk sortzen laguntzen du».
Noemi Ostolaza Emakundeko idazkari nagusiak ikerlanaren aurkezpenean adierazi duenez, «bizikleta genero ikuspegitik begiratzeak, oztopoak identifikatzea ez ezik, hiri inklusiboagoak irudikatzea ere eskatzen du, pedalei eragitea pertsona guztientzako aukera segurua, askea eta bidezkoa izan dadin».
Bere ustez, «gizarte eta hirigintza eraldaketek emakumeen eta gizonen beharrak aintzat hartu behar dituzte, baita hiri atseginagoak, jasangarriagoak eta berdinzaleagoak sortzeko beharra ere». Horrela, besteak beste, hiri plangintzak eta garraioak familia bizitza, bizitza pertsonala eta lan bizitza uztartzean duen eragina nabarmendu du Ostolazak, bai eta emakumeak ahalduntzeko eta espazio publikoa okupatzeko bitarteko gisa bizikleta erabiltzeak duen garrantzia ere.
Praktikotasuna, azkartasuna eta autonomia
Bestalde, ikertzaileek ohartarazi dute «generoak eta gizartean oraindik dagoen denboraren eta zaintzaren arrakalak» ere baldintzatzen dutela emakumeen bizikleta bidezko joan-etorrien hazkundea. Bizikleta hiri garraio gisa aukeratzen duten emakume txirrindulariek haien praktikotasuna, ekonomia, autonomia eta azkartasuna baloratzen dituzte.
Orobat, ikerlanak trafiko politikak eta bizikleta azpiegiturak ere aztertu ditu, eta, elkarrizketatuen ustez, hobetu egin behar dira, joan-etorrietarako modu jasangarriak errazteko. Ildo horretan, kontuan hartu dira hirigintza feministarekin lotutako gaiak, bizikletentzako aparkalekuen segurtasun baldintzak hobetzen lagundu behar dutenak.
Ikerketa amaitzeko, ikuspegi feministadun herritarren hezkuntza sustatzeko eta hiri mugikortasunean bizikidetza hobetzeko proposamenak egin dira. Hala, hainbat ekimen planteatu dira, hala nola kontzientziazio kanpainak, bizikleta erabiltzeko eta mantentzeko prestakuntza eta hiri garapen trinkoa lortzeko politika publikoak sustatzea.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
