Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Raul Celada eta Katherine Ruth Tisalema 2025eko Behobia-Donostiako jaian nagusi

28.000 dortsal banatuta, eguraldia lagun eta jende andana bide bazterrean. Behobia-Donostiaren 60. ekitaldia hutsik egin ezineko festa bihurtu da, igande honetan goiz esnatzea justifikatu duena. Irabazleak Raul Celada eta Katherine Ruth Tisalema izan dira, Bikila taldekoek eraman duten ikuskizuna.

Parte hartze handia izan du Behobia-Donostiak.
Parte hartze handia izan du Behobia-Donostiak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Kirolariak patinen gainean.
Kirolariak patinen gainean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Kirol egokitua herri lasterketaren protagonistetako bat da.
Kirol egokitua herri lasterketaren protagonistetako bat da. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Kirolari bat, helmuga zeharkatu berritan..
Kirolari bat, helmuga zeharkatu berritan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Katherine Ruth Tisalema, helmugan.
Katherine Ruth Tisalema, helmugan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Raul Celada, hitzorduak izan duen irabazleetako bat, irudian.
Raul Celada, hitzorduak izan duen irabazleetako bat, irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Korrikalarien arteko agurrak eta nekea, helmugan.
Korrikalarien arteko agurrak eta nekea, helmugan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Raul Celada, Mirakruz gainetik behera ihes eginda nagusi izan da Boulebarrean.
Raul Celada, Mirakruz gainetik behera ihes eginda nagusi izan da Boulebarrean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Zaleek egiten dute Behobia-Donostia hau horren berezia», onartu du Raul Celada, Bikila taldeko korrikalariak, Behobia-Donostiaren 60. ekitaldiaren garailea. Antzera, «zaleen animoekin, uneoro hegan zoaz» onartu du talde bereko Katherine Ruth Tisalema emakumeen lasterketako irabazleak. Izan ere, Behobia-Donostia lasterketa lehiatua izateaz gain, jaia eta ikuskizuna ere bai baita, eta igande honetan, eguraldia lagun, halaxe egiaztatu dute irabazleek.

Hain zuzen, irabazle biek aurreneko aldiz hartu dute parte Behobia-Donostian eta Mirakruz gainaren bueltan erabaki baldin badute lasterketa, are eta garrantzia bereziagoa eman diote jendearen bultzadari lasterketa honetan gailentzeaz gain, esfortzu eta nekearekin gozatzeko.

«Lasterketa jokatu bezperan kide batek esan zidan Behobia munduko lasterketarik politena dela antolakuntzagatik eta jendeak sortzen duen giroagatik. Euskal jendartea halakoa da, beste proba batzuetatik ezagutzen dut-eta, eta arrazoi dute. Mirakruzen Iraitz Arrospidek –hirugarren azkenean– jo du eta hantxe eusten saiatu naiz, atzetik aurrera eginez eta indarrak zainduz. Baina batik bat jendeak eraman nau gorantz. Oso indartsu sentitu naiz bultzada horri esker eta gaina amaitzear zela harrapatu dut Iraitz, eta beheranzkoan nire martxa jarri dut, eta iritsi nendila iritsi behar nuen horraino. Azken kilometroetan, berriz, gozagarria izan da proba amaiera jendearen laguntzari esker», aitortu du Astorgan jaio eta atleta izateaz gain erizain lana ogibide duen korrikalariak.

Goizeko 10.00etan jende andana Behobiako irteeran, berdin korrika aritzeko nola korrikalariak hauspotzeko. Eguzkitsu baina fresko, gurpildun aulkietako lasterkariek eman diote urteroko legean lasterketa honetako 60. ekitaldiari. Aurrez, 20 kilometroko lasterketa gogorra eta gorabeheratsua. «Zazpigarren kilometrorako koadrizepseko sekulako mina sentitzen hasi naiz, baina jendearen laguntzarekin, hanketako mina atzean geratzen da», onartu du Diego Mentrida, lasterketako bigarren sailkatuak.

Chakib Laghar azken urteetako irabazlea eta probaren errekorraren jabea zen igande honetan ere garaipena eramateko faboritoa, baina seigarren postuarekin konformatu behar izan du. Bidean izan diren obrak direla-eta lasterketak 200 metro gehiago izateak erasan ote dio? Nekez. Besterik gabe, bost lagun bera baino indartsuago izan dira eta kitto!

Era berean, emakumeen artean Katherine Ruth Tisalema Ekuadorreko lasterkaria eta Keniako Noshim Kimuge berehala aurreratu dira eta biek ala biek erakutsitako mailak lasterketari balio erantsia eman dio.

Katherine Ruth Tisalema, helmugara heldu den lehen emakumea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Maite ditut aldapak eta erritmo aldaketak!», esan du Tisalema irabazleak. «Zuzengune luze eta lauetan askoz gehiago sufritzen dut, baina hainbesteko erritmo aldaketa piloa eskatzen dituen lasterketa honetan aritzea gozagarria izan da. Noshim eta biok berehala nabarmendu gara eta oso lasterketa polita egin ahal izan dugu. Mirakruzeko aldapara arte elkarrekin joan gara eta hantxe erabakiko zela ikusi dugu», adierazi du.

28.000 istorio

Alde batetik garaipenaren bilako lasterketa jokatu da eta bestetik, Behobia-Donostian aritzeko erronka pertsonal ezberdinak. Esaterako, emakumeen artean iaz nagusi izan zen Mireia Guarnerren kasua. «Lau hilabeteko jaioberri bat daukat eta hark eman dit helmugara iristeko bultzadatxoa», azpimarratu du korrikalari katalanak.

«Badakit lasterketak emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna bilatzen duela eta nik ere nire aletxoa jarri nahi nuen. Familiak ez zekien oraindik, baina bi hilabeteko haurdunaldia nuen iaz Behobia irabazi nuenean. Parte hartu aurretik mediku azterketa bat egin nuen eta sendagileek baimena eman zidaten proban parte hartzeko, eta zorionez irabazi egin nuen. Aurtengorako banekien ezingo nuela irabazi, baina nire buruari erakutsi nahi nion, eta baita gainerako emakumeoi ere, entrenatzeak, ama izan berritan ere ariketa fisikoa egitea, zeinen garrantzitsua den. Horregatik, iazkoa esperientzia ederra izan baldin bazen, aurtengoa are eta bereziagoa izan da», gaineratu du.

Politikariak, pertsona ezezagunak, hedabideetako profesionalak kirolari bihurtutakoak, lasterketa Palestinaren aldeko aldarria egiteko baliatu duten korrikalari herrikoiak... 28.000 dortsal banatu badira, bakoitzak bere istorio propio eta pertsonala kontatu dezake. Falta direnak gogoan, maite diren horiek bihotzean, helmugara malkoak begietan sartu direnak bat eta bi baino gehiago izan dira, bien bitartean korrikalari herrikoak, irabazleak helmugara iristerakoan oraindik Behobian ziren horiek ere beren Behobia propioa egin dute, bakoitzak bere motibazioak bultzatuta eta beti ere lasterketaren arima den zaleen bultzadak hauspotuta.

«Imajinatu zer litzatekeen hau bidea hutsik balego! Jendeak egiten du hau berezi!», azaldu du ia 40 urtean lasterketa hau osatu duen Andoni Aizpuru telebistako esatari eta metereologoak.

Mirakruzetik zerura

Baina Behobia-Donostia lehia ere bada. Hau da, palmares bat osatu behar da eta hala erabaki da igande honetan ere. Sarritan gertatu ohi den bezala, Mirakruz gainean izan da galbahe nagusia.

Iraitz Arrospide pozik bezain jota azaldu da helmugan. Izan ere Amasako korrikalariak bosgarren bider zapaldu du Behobia-Donostiako podiuma, baina ezin irabazi sekula ere, nahiz eta oraingo honetan oso gertu izan duen. izan ere, Realeko korrikalariak Mirakruzen gora bakarrik alde egitea lortu du, lasterketa buruko taldea mila puskatan apurtuz.

«Inoizko Behobiarik onena egin dut. Mirakruzen oso ondo sentitu naiz eta aurrera jo dut, baina gainean harrapatu nau –Raul Celadak– eta aldapa behera ezin izan diot jarraitu. Jendeak bultza egin dit, baina bigarren lekua ere joan zait. baina egindakoarekin pozik egon behar».

Gizonezkoen lasterketa goitik beherakoan erabaki bada, behetik gorakoan hautsi du behin eta betiko Katherine Ruth Tisalemo Ekuadorgo korrikalariak. «Aldapa gora ikusi dut tartea egin nezakeela ikusi dut eta hantxe esan dut nire artean: "aurrera, ea noraino iristen naizen eta harrapatzen banaute, ba harrapatu naute eta akabo!" Jainkoari eskerrak, jendearen bultzadarekin iristea erdietsi dut», onartu du hegoamerikarrak.

Eta horrela, tantaka edo multzoan, bakarka edo familian, beste Behobia-Donostia bat amaitu da igande honetan. Igandeaz gozatu eta datorren urtekoari begira hasteko unea da orain.