NAIZ

AHTaren zundaketen kontrako mendi martxa deitu dute hilaren 23rako Idiazabalen

AHTaren zundaketak salatzeko mendi martxa egingo dute hilaren 23an Idiazabalen. Zundaketak eta AHTaren egitasmoak berak ingurunean eragingo dituen kalteak salatu dituzte.

Mendi martxa iragartzeko Idiazabalen egin duten agerraldia.
Mendi martxa iragartzeko Idiazabalen egin duten agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

AHTaren zundaketen kontrako mendi martxa deitu du Stop Zundaketak-AHTrik ez ekimenak hilaren 23rako Idiazabalen. Ibilbidea herriko plazatik abiatuko da 9.30ean Dantzalekuraino (Ataungo muga) heltzeko eta Idiazabalera itzultzeko. Orotara, hamar kilometroko luzera eta 500 metroko desnibela du ibilbideak.

Bidean, Inma Mugerza hidrogeologoak AHTak ingurunean sortu ditzaken kalteen berri emango du. Horrez gain, izaki mitologikoen pasarte batetaz gozatzeko aukera izango da, bertako produktuz osaturiko hamaiketakoa egingo da eta trikitilari eta panderojoleak ere izango dira.

«Azken asteetan zeresana eman dute berriro ere AHTaren inguruko berriek. Orain gutxirarte abiadura handiko trena eraikitzeko bi alternatiba zeuden arren, bat-batean hirugarren batek, Etzegarate ingurukoak, indarra hartu duela dirudi. Oscar Puente ministroa behin baino gehiagotan Gasteizko alternatibaren alde agertu da, baina orain Gipuzkoako Aldundian baikor dira alternatiba berriari esker AHTa Ezkiora iritsi daitekeela amesten dutelako. Estatuko, Nafarroako eta EAEko administrazioak elkarri mokoka ibili dira, bakoitzak azpiegitura erraldoi hau bere mesedeetara ahalik eta gehien hurbiltzeko helburuarekin», azaldu dute ekimenaren berri emateko egin duten agerraldian.

Gauzak horrela, urriaren amaierarako Bakaikun, Ataunen eta Idiazabalan zazpi zundaketa egiteko asmoa zegoen, baina momentuz ez dute horren berri. «Irakurri dugunaren arabera, bederatzi hilabete izango dituzte zundaketa hauek egiteko eta segurtasun pribatua izango omen du lanak gauzatuko dituen enpresak», gaineratu dute.

Proiektuarekin bueltaka

«Orain lau aste, Garraio Ministeritzatik iragarri zen behin betiko baztertuko zela Ezkioko alternatiba ofiziala, hau da, Aralar Natur Parketik igaroko litzatekeena; haien hitzetan alternatiba berriak ‘ez dio Aralarri eragiten, eta askoz ere inpaktu txikiagokoa da’, baina AHTak Natur Parkea ukituko ez duela dioten arren Ataungo zundaketa puntuak parketik hurbil daude, eta halabeharrez AHTak babesturiko gunea igaroko luke. Ibilbide berria Natur Parkea inguratzeko helburuz sortu bada ere, ingurumen kalteak ia berdinak izango dira, 22,5 kilometroko tunel batetik hogei kilometroko tunel batera igarotzen baita. Gainera, Aralar eta Aizkorri-Aratz natur parkeen arteko korridore ekologikoa bete-betean zatituko luke azpiegitura honek», salatu dute.

«Berriki kaleratu dugun adierazpenean esaten genuen moduan, eta Euskal Herriko gainontzeko tarte gehienetan bezala, azken zundaketa kanpaina zonaldeko udalen eta biztanleen borondatearen aurka egin nahi da, behin baino gehiagotan azpiegitura honen aurka agertu baikara. Horregatik udalei (Beasain, Ataun, Idiazabal eta Bakaiku) dei egiten diegu lanak egiten ez laguntzeko eta baimenik ez emateko», eskatu dute.