«Etxe Museoaren bilduma eta Olaso Dorrea Fundazioaren artxiboa handitzen eta aberasten ari gara, aurreko mendetik honako ibilbideari buruz memoria proiektu oso bat osatzeko egitasmoarekin», azaldu du Irati Jimenez Olaso-Dorrea Fundazioko lehendakariak astearte honetan Donostiako Aranzadiko egoitzan egindako agerraldian.
Urko Aiartza Olaso Dorrea Fundazioko zuzendaria zuen alboan, eta atzean, beren bilduma «aberasten» lagundu duten objektu, pieza eta dokumentu esanguratsuak, «artefaktuak» beren hitzetan.
Telesforo Monzonek gordetako Sabino Aranaren mikrofilmatutako obraren kopia bat, Lauaxetaren gabardina eta gurutzea, Karmele Urrestiri eta Txomin Letamendiri Agirre lehendakariaren Gobernuak emandako dokumentazioa, Otaegi eta Garmendia heriotzara zigortutako militanteen pankarta, bala tiroz zulatutako Txomin Iturberen alkandora eta Txillarre baserrian erdietsitako lehen akordioaren originala batu zaizkie museora.
Jakinarazi dute beren bilduma «aberasteko» bidean daudela, eta hainbat «faktorek» azaltzen dutela. Batetik, frankismo garaian jasandako espoliazioaren azterketa bat egiten ari direla kontatu du Jimenezek, eta horrek, Olaso Dorrearen historia XX. mendean kokatu duela: «Abertzaletasunaren sorrera eta garapena, 36ko gerra, frankismoa, 60ko hamarkadako herri susperraldia, Trantsizioa eta ondorengo egoera, gaur arte». Bigarrenik Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak eta Isidro Monzonek egindako ibilbideak hari horri segitzea ahalbidetzen duelako; eta hirugarrenik, gure herriaren memoria lantzeko eta ulertzeko gogo nabaria sumatzen dutelako.
Gogo horren ondorio dira hainbat familiek, fundazioaren esku jarritako objektuak, eta epe ertainera Etxe Mseoan erakusketa-areto berri bat jarriko dutela aurreratu dute, aipatutako ibilbide historikoa azalduko duena, «epealdi horretako ikasgaiak etorkizunera proiektatzeko».
Artefaktuak
Monzonek Sabino Aranaren obrak mikrofilmeetan gordetzen zituen, eta bere obra gal ez zedin egindako kopietako bat eskuratu dute. Urte askoan galduta egon ostean, Donibane Lohizunen zuen etxetik desagertu zen 80ko hamarkadaren lehen erdian, eta aurten anonimo batek itzuli dio Olaso Dorreari. Ongi zainduta ikusten dira, nahiz eta paketeak urteak igaro direla igarri, eta hauxe irakurri daiteke: «Copia 7. MiCRO-FILM de las Obras de ARANA-GOIRI´tar Sabin. Conviene preservarle del calor y de la humedad».

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren istorioa geroz eta ezagunagoa egiten ari da, ‘Karmele’ filmak ekarri ditu gogora eta GAUR8n ere Urrestiren inguruko erreportaje sakonak bere bizitza eta pentsamoldeak ekarri zituen argitara. Urresti eta Letamendiren «igarobide dokumentuak» daude egun ikusgai.
Estepan Urkiaga Lauaxetaren argazkiaren ondoan, fusilatu zutenean eskuan zeraman gurutzea zegoen, bertan zegoen elizgizonari esker eskuratu zuen familiak. Bere azken egunetan jantzi zuen gabardina ere eskuratu dute, Concha Arrazola jaso zuen fusilamenduaren ostean, Emakume Abertzale Batzako kide izanik, gordetzeko eskatu baitzioten. Ondoren, Txaber Erraztiren eskuetan egon zen, Laudioko etxe batean egon zen gordeta 40 urtez meza-jantzien artean, eta 2007.urtearen inguruan senideen eskuetara itzuli zen, orain Bergaran egongo da ikusgai.
Jantziekin jarraituz, Antonio Goikoetxea Egaña gudariaren uniformea ere eskuratu dute senideek eta Egoibar 1936 Elkarteak utzita: «Barakaldo bataloi sozialistako kidea izan zen hasieran eta gero Amuategi bataloi sozialistako tenientea. Morkaiko mendiko borrokaldian parte hartu zuen», azaldu du Jimenezek, eta frankismoan behin baino gehiagotan atxilotua izan zela kontatu zuen.
Txomin Iturberen alkandora ere, ezin hobe zaindua dago, tiro zuloak ere bazituen alkandorak eta norbaitek txukun josita jaso zuen; Cerlo familiaren dohaintzari esker, ikusgai egongo da. 1979Ko maiatzaren 4an, Biarrizko Marion Lakuaren etorbidean tirokatu zuten, eta birritan zauritu zuten, besoan eta sorbaldan. Jimenezek kontatu du nola hartu zuen babesa Angeluko Larochefoucauld etorbideko 6. zenbakian, Cerlo sendiaren etxean, hain zuzen. Jean Pradier Biarrizko medikua izan zen zauriak sendatzera joan zena. Etxe horretan egon zen urtetan alkandora.

Otaegi eta Garmendiaren aurpegiekin egindako telazko pankarta bat ere eskuratu dute, Ipar Euskal Herriko manifestazioetan erabilitakoa, «Pankarta hura urtetan egon zen Maite eta Pierrot Cerloren etxean, eta orain Monzon-Olaso Etxe Museora ekarri dute».
Dokumentu esanguratsu bat ere badago, Txillarre baserriko Pello Rubiok emandakoa, 2002ko azaroan, Txillarre baserrian egindako bileretan, Arnaldo Otegik, Jesus Egigurenek, Paco Egeak eta Pernando Barrenak sinatutakoa, ‘Prolegómeno para un diálogo político’ du izenburutzat, eta dokumentu originala eskuratu dute erakusketarako.

Parte izateko deia
Lanean jarraitzeko deia egin dute Olaso Dorrea Fundazioko kideek, hiru norantzatan egin daitezken ekarpenak aipatu dituzte. Batetik, «balio historikoa, etnografiko edota artistikoa izan dezaketen objektuen dohaintza egiteko». Bestetik, gaitasun profesionalen aldetik ekarpena egiteko eta hirugarrenik, dohaintza ekonomikoaren bidez laguntza emateko, abian dago ekarpen mota hau egiteko kanpaina jada.
Epe laburrean egingo duten ekimen bat iragartzeko ere baliatu dute agerraldia: «Estepan Urkiagaren objektu oso hunkigarriak daudenez eta abertzaletasunaren erreferentzia nagusi horren jaiotzaren 120.urteurrena bete denez aurten, abenduan zehar erakusketa bat egingo dugu Olaso Dorrean Lauaxetari buruz».

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

