Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Hemen da ibilaldi amaigabea

THE LONG WALK (LA LARGA MARCHA)
AEB, 2025. 108’. Zuzend.: Francis Lawrence. Gidoia: J.T. Mollner. Akt.: Cooper Hoffman, David Jonsson, Judy Greer, Mark Hamill. Musika: Jeremiah Fraites. Argazk.: Jo Willems.

‘The Long Walk’ filmeko protagonistak.
‘The Long Walk’ filmeko protagonistak. (Vertigo Entertainment)

Irudikatu egoera hau: lehiaketa batean parte hartu behar duzu, lasterketa moduko batean. Arauek oso sinpleak dirudite, baina joko basati eta bortitz baten parte dira. Ibilbide luze bat egin beharko duzu oinez, etenik gabe; gelditzen bazara edo martxaren abiadura murrizten baduzu, tiroz hilko zaituzte. Irabazle bakarra egongo da: bizirik geratzen dena. 

Hori da Stephen King-en –bere garaian Richard Bachman ezizenarekin idatzi zuen– izen bereko eleberrian oinarritzen den ‘The Long Walk’ filmaren premisa gupidagabea, bizitzaren eta obedientziaren arteko dantza makabro bat. Amerika distopiko batean girotuta dago, gerra suntsitzaile baten ondoren, telebistaz ematen ari den ikuskizun krudel baten menpe bizi den gizarte batean. Erregimen militar batek antolatzen du ‘Ibilaldi luzea’ deritzona: ehun nerabe inguru hautatu dituzte etenik gabeko ibilaldi batean parte hartzeko. Erritmo finkoan ibili behar dute gelditu gabe. Martxa moteltzen edo gelditzen direnek, zigor terminala jasoko dute. Irabazle bakarra egongo da.
 
Kontakizunaren erdigunean Ray Garraty dago (Cooper Hoffman). Bere urrats bakoitzean ikusleak akiduraren, min fisikoaren eta beldurraren zama sentitzen du, eta, aldi berean, biziraupenaren instintua eta gizatasunaren hondarrak uztartzen dituen bidaia batean murgiltzen da. Beste parte-hartzaileekin duen harremana, hauskorra eta efimeroa,  basakeriaren erdian dagoen gizakiaren azken lotura bihurtzen da: konpainia, lehiaren eta heriotzaren arteko lerro mehe baten gainean.