NAIZ

‘The Fairy Queen’, klasikoa desakralizatzera datorren opera-esperientzia

Shakespeareren ‘Udako gau bateko ametsa’ komedian oinarri hartuta Henry Purcellek sortutako ‘The Fairy Queen’ piezatik abiatu eta kantua, musika zein kaleko dantza –hip hop-a barne– uztartzen ditu azaroaren 19an, asteazkenean, Kursaal auditoriora iritsiko den ikuskizun kitzikagarriak.

‘The Fairy Queen’, erabateko bitxikeri bat, iritsiko da asteazkenean Donostiako Kursaalera: opera-esperientzia gaztea eta berria, Shakespeareren ‘Udako gau bateko ametsa’ komedian oinarri hartuta Henry Purcellek sortutako ‘The Fairy Queen’ piezatik abiatu eta kantua, musika zein kaleko dantza uztartzen ditu. Paul Agnew musika zuzendari eta  Mourad Merzouki koreografo eta eszena zuzendari direla, Les Arts Florissants taldearen eta Compagnie Käfig dantza-konpainiaren eskuetan, XVII. mendeko maitagarrien ipuin dibertigarri honek bere modernotasun osoa erakusten du, publiko orori zuzendutako ikuskizun bihurtuta. 

1979an William Christiek sortua, Les Arts Florissants garaiko instrumentuekin interpretatzen espezializatutako abeslari eta instrumentista taldea da, eta aitzindaria izan da errepertorio barrokoaren berpizkundean. 2020az geroztik, Paul Agnew tenore eta zuzendari britainiarra da bere zuzendarikide musikala. Taldeak Parisko Philharmonie-n du egoitza, eta hainbat hezkuntza-programa garatzen ditu musikari gazteentzat.

Hip hop-a, zirkua... klasikoa berritzeko

Mourad Merzoukiri dagokionez, 90eko hamarkadaz geroztik hip-hop eszenan garrantzi handia du. Egile honek diziplina askoren arteko bidegurutzean dihardu: zirkua, arte martzialak, arte ederrak, bideoa eta zuzeneko musika uztartzen ditu hip-hop dantzaren esplorazio-jardunarekin.

1996an, bere konpainia sortu zuen, Käfig (‘kaiola’, arabieraz eta alemanez) eta tonu sinboliko bat eman zion: paradoxikoki, ‘irekiera’ eta estilo bakar bat lantzeari uko egitea irudikatzen du. 2009an, Centre chorégraphique national de Créteil et du Val-de- Marne zentroko zuzendari izendatu zuten, eta 2023ra arte «dantza munduari leiho gisa» erabili duen proiektu artistiko bat garatu du: obra berriak sortu eta interpretatzen zituen bitartean, talde independenteei eta konpainia emergenteei laguntza eman die, baita hip-hop dantzari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa landu ere. 2023an Käfig konpainia Lyongo ekialdean, Bronen eta Saint-Priesten berrezarri zuen.

Merzoukiren hitzetan, Donostiara datorren «ekoizpen honetan, kantua, musika eta dantza uztartzea landutako gaiaren metafora da: harrituko gaituzten forma artistikoen nahastura berri eta liluragarria, alegia. Proiektu honen erronka nagusia zen abeslari eta musikari talde batek aberastuko zuen koreografia-materiala lantzea. Bakoitzak bere lekua aurkitu behar zuen, bata bestearen ilustrazio hutsa izan gabe [...]. Bereziki gertukoa dut kontzertu-modu berriak garatzeko ideia, musika klasikoarekiko izan dezakegun apriorismo elitista desakralizatzea helburu hartuta, horretarako kaleko dantza delakoarekin aurrez aurre jarrita, dantza mota hori ere zorrotza izan baitaiteke. Bi munduak hurbiltzea dantza eta musika deskubritzeko eta ahalik eta pertsona gehienengana iristeko dugun borondatetik sortzen da». 

Sarrerak eros daitezke kursaal.eus webgunean edo Kursaaleko leihatiletan (%10eko beherapena Eszena Kideentzat).