Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Joe Saccoren Gazari buruzko trilogiaren amaiera atera da euskaraz

Joe Sacco kazetari eta marrazkilari ospetsuak Palestinari buruzko trilogia osatu du ‘Gazako oin-oharrak’ komikiarekin, ‘Palestina’ eta ‘Gerra Gazan’ lanen ondoren. Bilboko Astiberri argitaletxeak ostegun honetan kaleratu du komikia, euskaraz.  

Komiki honen orrialde bat. Kazetaritza da, marraztuta.
Komiki honen orrialde bat. Kazetaritza da, marraztuta. (ASTIBERRI)

2009ko ehun libururik onenetakoen artean kokatu zuen ‘Publishers Weekly’ aldizkariak. Urte horretan bertan, Nobela Grafikorik Onena izan zen ‘The Observer’ aldizkariaren arabera. Joe Saccoren ‘Gazako oin-oharrak’ komikiari buruz ari gara. Saccoren kazetaritza bisual bereziak xehetasun zoragarri eta zehatzez islatu du hango paisaia konplexua

Kazetaritza bisualaren egile klasiko honen ‘Palestina’ Astiberrik 2023an ekarri zuen euskarara –oraintxe bigarren edizioa atera da– eta, ondoren, ‘Gerra Gazan’ (2024) iritsi zen. Orain trilogiaren bukaera ekarri du euskarara, ‘Gazako oin-oharrak’ izenburuarekin, hau ere Julen Gabiriak itzulia.

Hau Saccoren orain arteko obrarik anbiziotsuena da, eta egileak, gure garaiko gatazka izugarri batetik abiatuta, esperientzia intimo eta gertukoa eskaintzen digu. Artxiboen zokorik sakonenean, 1956ko gertakari odoltsu bat dago kukututa: soldadu israeldarrek 111 palestinar akabatu zituzten tiroz. Maltan jaio, Australian hazi eta AEBetan bizi den marrazkilariak, abiapuntu hori hartuta, berrogeita hamar urteko denbora-tartea hartzen du, bizi-bizi mugitzen da gerra batetik bestera, eta iheslarien, eskola-umeen, alargunen zein xekeen ahotsak biltzen ditu: finean, tragedia baten esentzia jasotzen du.

Gaztelaniaz atera berri da Joe Saccoren azken lana (‘El disturbio eterno’, Recervoir Dogs), Indiako borroka erlijiosoei buruzkoa.