Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ivan Zuluetaren ondarea jasotzen duen dokumentala

EL ÚLTIMO ARREBATO
Estatu espainola / Euskal Herria, 2025. 108’. Zuzendariak: Marta Medina, Enrique Lopez Lavigne. Gidoia: Marta Medina, Jaime Chavarri. Musika: Jose Ignacio Arrufat. Argaz.: Alvaro Gomez Pidal.

‘El último arrebato’ dokumentaleko pasarte bat.
‘El último arrebato’ dokumentaleko pasarte bat. (Apaches Entertainment, 39 Escalones)

Ivan Zulueta donostiarraren zinemagintzak arrasto sakona utzi du ondorengo belaunaldietako zinegile ugariren lanean; bere obrarik ezagunena ‘Arrebato’ (1979) izan zen. Estreinaldian oharkabean igaro bazen ere, urteen poderioz kultuzko klasiko bihurtu da. Filmak B serieko film zuzendaria den Jose Sirgado (berriki zendu den Eusebio Poncelak gorpuztua) protagonistaren sorkuntza-krisia zein pertsonala du abiapuntu. Anarekin (Cecilia Roth) duen harremana hautsi du, eta ez da gainditzeko gai. Testuinguru horretan, Pedroren (Will More) presentzia agertuko da: Super-8arekin esperimentatzen duen eta zinemaren esentzia bera topatzearekin obsesionatua dagoen gaztea.

Bere filmeko protagonisten antzera, Zuluetak berak ere drogen eta zinemaren liluran harrapatuta bukatu zuen. Madrildik alde egin eta Donostiako bere familiaren etxetzarrean babestu zen, ermitau baten gisara. Ez zuen inoiz gehiago film luzerik zuzendu, eta 2009an zendu zen, bere inguruan beti misterio kutsu bat utzita.

Bada, Zulueta eta ‘Arrebato’ filma abiapuntutzat hartuta, Marta Medina eta Enrique Lopez Lavigne zinegileek ‘El último arrebato’ lan berezia sortu dute. Dokumental sailkaezin honek  filmean parte hartu zutenen testigantza garrantzitsu eta esklusiboak biltzen ditu, besteak beste: Marta Fernandez Muro, Cecilia Roth eta Eusebio Poncela aktoreak; Zuluetaren lagun mina izan zen Jaime Chavarri zinegilea –filma sortzeko funtsezkoa–; Carlos F. Heredero zine kritikaria; Paco Hoyos –jatorrizko negatiboaren zaindaria–; Carlos Astiarraga –Zuluetaren bikotekidea eta lehen zuzendari laguntzailea–; eta Virginia Montenegro, zuzendariaren lagunik onena eta haren obra guztien eta oroitzapen baliotsuaren legatuduna.