
Toure detektibearen serieari atsedena emanda, beste eleberri beltz bat argitaratu du Jon Arretxek, Durangoko Azokaen atarian. ‘Txerriak eta loreak’ izenburuarekin, txistor lapurketa batekin abiatzen da istorioa, Sakanan. Oraingoan, ezagunak dituen tokiak aukeratu ditu: Sakana, Gasteiz eta Basauri.
Astearte honetan aurkeztu du Donostian Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editorearekin batera. Azken honek azaldu duenez, Arbizuko industriagunean gertatzen den lapurreta xumeak «ustekabeko bide ilun batzuk» irekitzen ditu eta «pertsonaia arriskutsuen arteko kate kriminala» abiatzen du. Horrela, korala bezala definitu duen nobela honetan udaltzainak, txistogileak, enkargu ilunak egiten dituztenak eta «mafia txikiak» ageri dira.
Beraz, nobela berri honetan «etorkin, etxegabe, prostituta edo bestelako biztanle zaurgarrien ordez, negozio aitorrezinetan diharduten bertoko aberats eskrupulugabeek hartuko dute protagonismoa», laburbiltzen du argitaletxeak. «Ezohiko nobela da, laburra eta pertsonaia bereziez hornitua: Zuriñe Ruiz de Gordoa gasteiztar mandatugile bitxia, Gabriel Abrisketa basauriar enpresari ustela, Fermin Bakaikoa arbizuar txistorgile iluna... Harridura, dibertimendua eta ustekabeak ziurtatuta daude», gaineratzen du.
Hortaz, «kritika sozial gutxien daukan nobela» bezala definitu du Jon Arretxek ‘Txerriak eta loreak’. «Nire helburu nagusia irakurlea eta jendea dibertzitekoa izan da», gaineratu du, «kritikatik aldentzeko beharretik» abiatu delako.
Pertsonaia nagusia, protagonista, Zuriñe Ruiz de Gordoa arabarra da. Down sindromea du eta judoka, indartsua eta «bereziki zorrotza» da, Mujikaren esanetan. Gainera, emakumeek nobelan daukaten protagonismoa azpimarratzeko ezaugarria iruditzen zaio editoreari. Ruiz de Gordoaz aparte, garrantzitsua da ere Iratxe, mafiosoaren alaba.
Jon Arretxe idazlearentzat pertsonaia «interesanteena» da Ruiz de Gordoarena, ez duelako inoiz aurkitu horrelakorik nobela beltzetan. Gaineratu duenez, «badauka potentziala» beste nobela batzuetarako.
Serie baten lehenengoa izan daitekeen honek askatasuna eman dio Arretxeri idazterakoan. «Kortse bat kentzearen antzerakoa izan da», deskribatu du. Izan ere, Toureren istorioarekin «nahiko baldintzatuta nengoen», baita hizkuntza aldetik ere. Oraingo honetan errazagoa izan zaio Sakanako, Gasteizko edo Basauriko euskaran erregistroak ongi bereiztea. «Oso gustura idatzi dut nobela hau», esan du Donostiako aurkezpenean.
Gustura egin badu ere, atzetik lan handia egon da idazten hasteko. Ideia idazle kanariar batek eman zionetik, dokumentazio lana egin behar izan du. Txistorgintzaren ofizioaz ere bai baina batik bat Down sindromedun pertsonen ezaugarriak ongi ezagutzeko. Horretan lagun izan du Paz Velasco kriminologo espainola.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

