Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Mikel Zabalza, kontakizun ofiziala

Gaurko egunez eraman zuten Mikel Zabalza, duela 40 urte. Nafarrarekin, haren neska-lagun Idoia Aierbe, Ion Arretxe eta Manuel Bizkai ere atxilotu zituzten...

Zabalza eta sarekada hartan harrapatutako beste batzuen irudiak, Agoitzen eginiko ekitaldi batean.
Zabalza eta sarekada hartan harrapatutako beste batzuen irudiak, Agoitzen eginiko ekitaldi batean. (Gorka Rubio | Foku)

Eraman zituzten lekura iritsi orduko, ateko idazkunik irakurri gabe ere, ez zen zaila esperantza oro galtzea, infernutik igaro denak ondo dakienez ez baita erraz handik irtetea. Luze gabe irten zen Zabalza, ordea; besteei, zitalkeriaren palazioa atzean utzita ere, luzatu egin zitzaien infernua, bizi arteko zigorra denez gero. 

Abenduaren 14an, 20 egun igarota, Zabalzaren gorpua agertu zen, baina ez objektu galduen bulegoan. Agertu zen gorpua, eta amaren esperantza oro desagertu. Demokrazia gazteak 10 urte zituen.

Guardia zibilengandik ihesi Bidasoko uretan ezkutatu zen terrorista arriskutsuaren berri jakiteko, gomendagarriagoa da joan den igandean 7Kn argitaratutako erreportajea bertsio ofiziala baino. 

40 urteko honetaz gainera, egunotan beste urteurren garrantzitsu eta borobilago batzuk izan dira. Francoren heriotzaren 50.a eta hura hil eta bi egunera diktadurak monarkiara egin zuenekoa, hiru urte geroago monarkia konstituzionala izango zen horretara, alegia. Konstituzioa izango zen, hain zuzen ere, monarkia irentsarazteko bidea. Eta fardel berean, Armada Espainiaren batasunaren berme gisa ezarri eta «nazionalitateak» onartuta autodeterminazio eskubidea lurperatu zuen lege gorena eman zioten espainiarrek beren buruari. 

Juan Carlos I.a demokraziako lehen estatu burua izan zen, baina lehenago ere izan zuen kargu hori, jardunean, diktadorea hilzorian zela, eta erabaki batzuk hartu zituen; esate baterako, Mendebaldeko Sahara Marokoren eta Mauritaniaren mende uztea, AEBen bedeinkaziopean espainiar monarkiaren kanpo legitimazioa bermatzearen truke. Barne legitimazioa hedabideen ardura izan zen lehen momentutik, eta 1981eko otsailaren 23ko Estatu kolpe edo zerak demokraziaren salbatzaile kategoriara igoko zuen. Hedabide frankistek, botere aparatuak bezala egun batetik bestera demokrata bilakatuta, esan zuten espainolak errepublikazale jaiki eta erregezale oheratu zirela Borboiaren mezua entzundakoan. 

Haren semeak ospatu du monarkiaren 50. urteurrena, aitak zuen zuen legitimitate berarekin, jatorrizko legitimitate faltarekin. Hedabideek jatorri frankista hori zuritzeko behin eta berriz gogorarazi izan dute erregearen arbitro papera; hala ere, zalantzaren bat bazegoen ere, 2017ko urriaren 3an Felipe VI.ak ondo baliatu zuen espainiar monarkiaren dohainak erakusteko lehenengo aukera, kataluniar herria mehatxatuz eta haren aurkako neurri errepresiboak hauspotuz. Hamaikagarrenez, hedabide gehienen txalo beroa jaso zuen.

Garai bateko militarren arriskua zauriak berriro irekitzeko arriskua da orain, inoiz ere itxi ez diren zauriak berriro irekitzekoa, alegia, duela 80 urtekoak eta duela 40 urtekoak

Horien bidez jakin genuen Estatuak bere burua defenditzeko eskubidea duela, Israelek baino lehenagotik. Eta europar aurpegia eginda, konbentzitu nahi gintuzten ‘Almeria kasua’ (akordatzen?) sekulako ikaragarrikeria izanda ere, salbuespen saihetsezina izan zela. Baina benetan ikaragarria izan zen, hara guardia zibilen jokaeraren alde gaitzesgarria, torturatu, hil eta kiskalitako gazteak ETAkoak ez izatea. 

Gaur egun ere ez dago arazorik faxismoaren apologia egiteko, hara zertan zen harako ‘la grandeza de la demokracia’ hura; hala ere, iraganean aztarrika ibiltzeak dakarren arriskuaz ohartarazi izan digute beti eta beti, espainiar ezkerrak ere bai, oraintsu arte. Garai bateko militarren arriskua zauriak berriro irekitzeko arriskua da orain, inoiz ere itxi ez diren zauriak berriro irekitzekoa, alegia, duela 80 urtekoak eta duela 40 urtekoak. Bertsio ofizialak Mikel Zabalzaren desagertze eta heriotzaren ingurukoa azaltzen duen bezala, bertsio ofizialez osatutako kontakizun ofizialak azaltzea nahi dute frankismoa eta frankismostea. 

Nolanahi den, arriskurik handiena ahanztura litzateke, eta gezurra ontzat ematea, eta 40 zein 80 urte igarota, justizia eskatzeari uko egin ez dion herri bat sumatzen da hemen, infernua ezagutu dutenak gogoan dituena.