NAIZ

Urrezko zazpi domina lortzeko lehian da Euskal Selekzioa, Nazioen Ligaren azken txanpan

Ostiral eta larunbataren artean jokatuko dira Bizkaian lehiatzen ari den Nazioen Ligaren finalak. Eta honela daude gauzak osteguneko emaitzen ostean....

Euskal ordezkariak, Emakumezkoen Binakako txapelketan.
Euskal ordezkariak, Emakumezkoen Binakako txapelketan. (FIPV)

Gernikan bide ofiziala abiatu ostean, Euskal Selekzioa indartsu dabil aste honetan Bilbon eta Barakaldon jokatzen ari den Nazioen Ligaren edizio berrian. Gaur ostiralean jokatuko dira lehenengo finalak.

 

Ia sail guztietan dominak lortzeko lehian da Euskal Selekzioa eta bederatzi kategorietatik zazpitan du urrezkoa lortzeko aukera. Hau da orain arte gertatutakoa, sailez sail:

EMAKUMEZKOEN ESKU BANAKAKOA

Multzo bakarrean jokatu den lehian espainiar selekzioak batu du puntu gehien, hiru norgehiagokak irabazi dituelako Laia Salsamendi naparrak. Frantziar selezkioa izan da bigarren (M. Goyenetche), eta euskal selekzioa hirugarren (Maddalen Etxegaraik jokatu zituen lehenengo bi partidak eta Enara Gamindek hirugarrena). Finala Salsamendik eta Goyenetchek jokatuko dute, beraz, larunbatean 19.00etan.

EMAKUMEZKOEN ESKU BINAKAKOA

Lehenengo fasearen bukaeran Euskal Selekzioa izan da nagusi (hiru garaipen) eta Espainiakoa bigarren (bi). Mexikok eramango du brontzezko domina. Aldai eta Agirre izan da euskal ordezkariak azkeneko partidan Esperantza pilotalekuan, Mexikoren aurka hain zuzen ere. Finala, larunbatean 20.00etan.

EMAKUMEZKOEN ZESTA PUNTA

Multzo bakarrean lehian sei selekzio izan dira lehenengo fasean eta Espainiak eskuratu ditu garaipen gehien. Gero, hurrenez hurren, Euskal Selekzioa, Frantzia eta Mexiko agertzen dira sailkapenean, partida bana irabazita. Ostiral honetan Barakaldon izango da finala 19etan espainiar eta euskal selezkioen ordezkarien artean, eta aurretik, 12etan, brontzezko domina eskuratzeko partida. Gojenola eta Arakistain kantxaratu ditu Euskal Selekzioak aurreko partidetan.

GIZONEZKOEN ZESTA PUNTA

Sailkapen sistema bera erabilita, Euskal Selekzioa izan da hemen onena eta Frantziakoaren aurka jokatuko du finala, ostiral honetan 20etan Barakaldon. Brontzea Espainiako eta Mexikoko jokalarien artean erabakiko. Urreisti eta Erkiaga izan dira Euskal Selekzioen ordezkariak lehenengo fasean.

GIZONEZKOEN ESKUZ BANAKAKOA

Bost lehiakideren artean Euskal Selekzioa izan da onena orain arte, hiru garaipen lortuz (partida bat galdu zuen, Espainiaren aurka). Espainia bigarren delarik, aurrez aurre egongo dira berriz finalean, larunbatean 16etatik aurrera. Ekain Lizeagak ordezkatu du Euskal Selekzioa.

GIZONEZKOEN ESKUZ BINAKAKOA

Hemen ere bost selekzio lehian zirela, berriz ere Euskal Selekzioa izan da nagusi, baina kasu honetan ‘akatsik’ egin gabe: lau partida, lau garaipen. Espainiaren aurka arituko da finalean, hau bigarren gelditu baita, Mexiko eta Frantziaren aurretik, hurrenez hurren. Zubizarreta, Landa, Azketa eta Bernaola kantxaratu ditu Euskal Selekzioak lehenengo fase honetan. Finala, larunbatean 11etatik aurrera.

LARRUZKO PALETA

Hamar partehartzaile ziren arlo honetan, eta ondorioz bi multzotan jokatu da sailkapen fasea. A delakoan Espainia izan da lehena, Frantzia bigarren eta Euskal Selezkioa hirugarren. B deritzonean, Argentina maisu berriz ere espezialitate honetan, Mexiko eta Portugalen aurretik. Finalerdiak jokatu beharko dira ostiral honetan: Espainia-Mexiko eta Argentina-Frantzia. Finala, igandean.

PALA MOTZA

Bederatzi selezkioak bi multzotan banatu dituzte. A delakoan Euskal Selekzioa izan da lehena eta Frantziakoa bigarren, eta ostiral honetan jokatu dute finala.

PILOTA EGOKITUA

Frantziar selekzioak batu ditu hemen puntu gehien, bigarren Euskal Selekzioa zelarik, eta hirugarren postuan Argentina kokatu da.