Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Astrak bi hamarkada, belaunaldi arteko sokak ez du etenik

Hogei urteko ibilbidea beteko du hil honen 24an Gernikako Astrak. Makina bat bizipen eta oroitzapen gordetzen du garai batean arma fabrika izatetik kulturarako fabrika soziala izatera pasa zenak. Eskualdeko erreferentzia izatea lortu du.

20. urteurreneko ospakizun betean dira Gernikako Astran.
20. urteurreneko ospakizun betean dira Gernikako Astran. (Hibai AGORRIA)

2005eko abenduak 24a markatzen du egutegiak. Goizaldeko 5ak dira. Iparragirre Rock elkarteko eta gazte mugimenduko kideak eta hainbat herritar Astra eraikina okupatzera doaz. ‘Astra Gernikentzako’ ekimenaren lehen hazia da. Mugimendu horri esker, 2006ko maiatzean ekipamendua erosten du Udalak. 2008. urtean Udalaren eta Astra Kordinadoraren artean hitzarmena sinatu eta horren bitartez Astraren kudeaketa koordinadoraren eskuetan gelditzen da. Beraz, herriari irekita egongo den espazio zabala izatea lortzen da.

Kulturgunea, entsegu lokalak eta kultur taldeentzako azpiegiturak. Hauek dira garai hartan Astra Koordinakundearen eskariak. Musika talde dezente daude Gernikan. Inguruko herrietara jo beharrean izaten dira enseguetara. Berdin modu autogestionatuan lana egin nahi duten taldeak. Horrek erakusten du Gernika herri bizia dela kultur zein arlo sozialean.

Hogei urte. Ez da kultur sorkuntza bakarrik, eraldaketa soziala eta elkar ekintza ere bada Astra. Makina bat esperientzia hartu ditu eraikinak. «Ahalbidetu du espazio bat. Ez bakarrik aterpe bat, proiektu bat, ematen dielako elkarte hauei, funtzionamendu aldetik elkarte eta eragileak zein norbanakoak saretzeko espazioa da Astra». Irati Agorria eta Malen Torreren hitzak dira. Biak dira Astrako kide. 

«Urte gutxi nituen Astra okupatu zenean. Proiektura lotu nintzen militantziatik eta batez ere gazte arlotik eta feminismotik. Geroztik kudeaketan jardun dut Astrako organu desberdinetan», azaldu du Agorriak.

«Nire kasuan Bilbotik Gernikara ofizialki duela pare bat urte etorri nintzen. Bertako gazteen artean ibiltzen eta mugitzen hasi nintzen. Beti izan dut presente Astrara jotzea bertako egitarauaz gozatzera. Bertso afaria, erakusketak edo kontzertuak direla. Inoiz ez dut jardun horrela hain fuerte azkenengo hilabeteetan bezala. 20. urteurrenak eman dit aukera gehiago hurbiltzeko. Uda amaitu zenean hasi nintzen bertan bitartekari bezala soldatapeko lanean eta orain arte», kontatu du Torrek.

Belaunaldien arteko soka. Ahaleginak egiten dituzte adin desberdinetako herritarrek Astrara jo dezaten. «Badaukagu Urdaibai Kantagunea deitzen den abesbatza eta bertan gehienbat jende heldua joaten da. Beraientzako ere Astra egiteko eta saretzeko leku bat denaren adierazlea da. Eta badugu Astra Txiki proiektua ere, familiaren elkargunea. Haurrei zuzendutako ekitaldiak gure egitarauaren barnean; beti saiatzen gara jarduera eta programazioa adin artekoa izan dadin», diote.

Herritarren partetik egitasmoak lehen pausuetatik jaso du babesa. «Astra okupatu zenean eta ostean Udalarekin hitzarmena sinatu zenean eta herriratu zenean, ikusi zen Gernikako herritar desberdinen babesa zuela».

Memoria historikoa

Arma fabrika izatetik kulturarako fabrika soziala izatera. «Ez dugu ahaztu behar kulturarako fabrika soziala deitu genuena lehen arma fabrika zela, bere garaian bonbardaketa ostean eraitsia izan ez zena; memoria historikoaren ikuspegia ere badu espazioak». Lehena eta oraina batzen dituen espazio bezala ulertzen dute Agorriak eta Torrek.

Asanblada bidez hartu ohi dira erabakiak. Pentsamendu kritikorako gune ere izan nahi du. «Pertsona bakoitzaren iritziak bestearen pisu bera du eta beti ere errespetagarria izango da erabakiak hartzerako uneetan. Badago iritzi edo ikuspuntuak botatzeko askatasuna. Askotan esaten dugu ikasteko baina desikasteko balio digula. Astra irekia, partehartzailea, autogestionatua, feminista, diru irabazirik gabekoa eta ekologista da», azpimarradu dute.  

Astrak jakin du «hasierako asmoa mantentzen desitxuratu gabe, proiektua eguneratuz. Gizartea, lan egiteko moduak, partehartzeko moduak aldatu dira». Hala diote Agorriak eta Torrek.

Urte luze hauetako lorpenei dagokienez, Gernikakoa ez ezik, «eskualdeko jarduera kulturalen lehen bihotza da Astra» bi kideen esanetan.

Nola erakarri belaunaldi berriak? Hauxe aurrera begira duten erronketako bat. «Gazteak izango dira Astra mantendu eta zainduko dutenak etorkizunari begira», esan dute.

Gazteei okupazioaren transmisioa egitearen beharra nabarmendu dute. «Okupazioan piztu zen grina eta gauzak egiteko modu bat hainbeste eraldatu duena Gernika eta eraldatzen jarraitzen duena... Modu desberdin batean egiten delako hemen lan, eta garrantzitsua da hori transmititzea. Horri lotuta erronka nagusia da, pertenentzia sentimendua. Nola egin okupatu ez duen, baina jarduera bertan egin dezakeen belaunaldi batek Astra berea sentitzeko?», bota dute galdera. 

Kilometroak

Astraren norabidea markatzen duten erabakigune estrategikoak dira Kilometroak. «20 urtetan lau eman dira. Badaukagu pentsatuta bosgarren bat egitea. Urteroko asanbladaz gain erabaki ideologikoak birpentsateko, proiektuaren sakontasuna pentsatzen jartzeko guneak dira Kilometroak. Eguneroko kudeaketaz harago, momentu honetan zer behar duen Astrak eta zer behar duen Gernikak», azaldu dute. 

Abenduan egitaraua prestatu da 20. urteurrena ospatzeko. Hainbat tailer, Amets Arzallusekin solasaldia ‘Miñan’ liburutik abiatuta, ‘Jone batzuetan’ filmaren emanaldia, ‘20 urte aurrera begira’ mahaingurua, emakume sortzaileen azoka... iragarri dituzte Gernikan. Abenduaren 24an, okupazioaren 20. urteurrenean, argazki erraldoia egingo da. «Egun horretan okupatu zen, baina nahi izan dugu hilabete guztiko eskaintza egin. Egun zentralik egon gabe, hilabete guztian presente edukitzea Astra inguruko jendeak, Gernikakoak eta Busturialdekoak eta baita Bizkaikoak ere. Hilaren 20an, esaterako, herri bazkaria egingo dugu komunitatea elkartzeko, elkarrekin egindakoa ospatzeko eta aurrera begira ere jartzeko», esanez amaitu dute.