
LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, Gora Lorezainak batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute batzarra—, patronalak udal eremuko lorezaintzako lehen hitzarmen kolektiboaren sorrera blokeatu izana salatzeko eta mobilizazioen deialdia iragartzeko agerraldia egin dute.
Duela urtebete baino gehiago, enpresa horietako plantillak beren lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin antolatzen hasi ziren, gaur egun lorezaintzako Estatuko hitzarmenean araututa daudenak. Hitzarmen hori Madrilen negoziatu zen, eta uste dute ez dela nahikoa Iruñeko errealitate ekonomiko eta sozialerako.
Abuztutik bilerak
Abuztuaren amaieran, batzarrak sindikatuei jakinarazi zien hitzarmen propio baten negoziazioa bultzatzeko beharra zegoela. Une horretatik aurrera, sindikatuek bilerak eskatu zituzten Iruñeko Udalarekin eta azpikontratatutako enpresekin, lan-baldintzak Udalak zuzenean kontratatutako langileen baldintzekin parekatzea ahalbidetuko zuen hitzarmen bat negoziatzeko proposamena helarazteko.
Iruñeko Udalak, kontratazio-agiriaren lizitatzaile eta prozesuko alderdi garrantzitsu gisa, jakinarazi zuen ez zuela modu negatiboan ikusten ekimen hori, baina adierazi zuen negoziazio-eremua zuzenean enpresekin ireki behar zela, sindikatuek jakitera eman dutenez.
Enpresen erantzuna
Hala ere, OHLA Ingesan eta Eulen enpresek, bost bilera egin ondoren, negoziazio-eremuaren irekiera blokeatzen jarraitzen dute. Sindikatuek salatu dutenez, konpainiek «ez dute arazoa kontuan hartzen, konponbide eskasak proposatu dizkigute eta, gainera, langileak zatitzen saiatu dira». Tasubinsa enpresa ez da joan deitutako bilera bakar batera ere.
Egoera horren aurrean, sindikatuek «enpresen jarrera eta lan-baldintzak hobetzeko borondate falta» salatu dute, «egungo zein etorkizuneko kontratazioetarako bermeekin».
Erakunde sindikalek lorezaintzako lehen hitzarmena sortzearen alde egin dute, Iruñeko Udalak azpikontratatutako enpresentzat, langile guztientzako berme eta lan-baldintza berdinekin. «Ez gara begira geratuko gure eskaerei entzungor egiten dieten bitartean. Merezi duguna eskatzen ari gara: baldintza duinak, hemen negoziatzea eta ez Madrilen. Hemen lan egiten badugu, hemen erabakitzen dugu», adierazi dute.
Gauzak horrela, mobilizazioak deitu dituzte. Lehen elkarretaratzea hilaren 18an izango da, 15.00etan OHLA enpresaren egoitzaren aurrean (Landaben industrialdean). Hurrengoa hilaren 22an izango da 15.30ean Eulenen egoitzaren aurrean (Mutiloa industrialdean). Hirugarrena, hilareen 23an 25.15ean izango da Tasubinsaren aurrean (Arazuri-Orkoein industrialdean). Gabonetan ekintzekin jarraitzeko asmoa dute eta ez dute baztertzen urtarrilaren 8tik aurrera greba deitzea.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
