
Hil honen hasierak lurrikara berezia jaso zuen Red Rockeko (Nevada, AEB) basamortuak. Ez du natura kontuekin zerikusirik, baizik eta bete-betean boulderrarekin. Zach Galla izan da protagonista. 25 urteko eskalatzaile estatubatuarrak komunitatea ahoa bete hortz utzi du 9a mailako bi bloke astebeteko epean sinatu eta gero.
Denbora hain txikian boulderreko zailtasun goreneko bi eskalada handi horiek egitea oso-oso ikusgarria da; izan ere, espezialista zailduenek bat egin eta denbora hartzen dute hurrengoa proiektua prestatzeko. Gallak irauli egin du egoera hori. Hori gutxi ez, eta egundoko jauzia egin du bere progresioan. Eta hori diogu ordura arte 8c+ mailan kokatuta zuelako bere burua; hain zuzen ere, lau bloke zituen.
Baina abia gaitezen hilaren 4an egin zuen lehen urratsarekin. Hilabete batzuk lehenago Sean Baileyk lehen aldiz igotako ‘Shaolin’ izan zen eskalatutako blokea. Gallak berak dio borroka eroa izan zela: «Onartu behar dut boulder horrek inoiz egin dudan gogorrena izan dela. Metodoa bilatu eta mugimenduak menderatu nituenean, une jakin horretan sentitu nuen arrakastatik gertu nengoela. Behetik hasitako benetako ekinaldiak hasi nituenean, lehen dinamikoari eutsi nion; bigarrenari, aldiz, ez».
Bi dinamiko horiek lotzea giltza zen, baina behin eta berriz muturrekoak jaso zituen. Azken dinamikoan 25 aldiz huts egin zuen, eta horregatik dio ‘Shaolin’-en gertatutakoa ez zela borroka fisikoa izan, baizik eta mentala. Baina egoera hori denboraldiaren laugarren bisitan aldatu zen. Berriro ere muturreko azken mugimendua probatzen hasi zen. Aurreko ekinaldietan jasotako zaplaztekoak behin betirako amaitu ziren: «Ilgorarekin azken saialdiak egin nituen, eta den-dena ahokatu zen. Bazirudien memoria muskularra garatu nuela. Azken heldulekua hartu eta erabat elektrikoa sentitu nintzen. Inoiz eskalatu dudan bloke gogorrena eta ederrena izan da».
Bigarrena
‘Shaolin’-en bizitako blokeo egoera hori askatu eta gero, Gallak beste fase batean kokatu zuen bere burua. Eta horrek 9a mailako boulder berri bat egitera eraman zuen. ’Return of the Sleepwalker’ zain zuen. Metodo zuzenagoa asmatu ostean, blokearekin zuen harremana aldatu zen: «‘Shaolin’-en arrakasta lortu eta gero, egundoko zama kendu nuen gainetik. Azkenean, nire burua aske zegoen eta presio guztia desagertu zen. Boulder hori behin edo behin probatu nuen, baina ez gehiegi; izan ere, asmatutako metodoa ezinezkoa iruditu zitzaidan. Baina aurten itzuli naizenean, egoera oso ezberdina izan da. Eskuinean dagoen helduleku bat erabili nuen, eta horri esker beste mugimendu batzuk saihestu nituen».
‘Return of the Sleepwalker’-eko prozesuari dagokionez, Gallak baieztatu du fisikoki ‘Shaloin’ baino gogorragoa dela eta kontrako egoera bizi izan zuela: «Saialdi sendo batzuk egin eta gero, neure buruak argi zuen bloke hori oso gainetik nuela. Eta ‘Shaolin’-en ez zitzaidan hori gertatu. Prozesu hori askoz ere azkarragoa izan zen. Fisikoki asko eskatzen du, baina egoera kontrolatzea errazagoa da. Asmatutako metodoak erabat lagundu zidan, eta mugimendu guztiak oso azkar lotu nituen».
Irakurtzen den bezala, eskalatzaile estatubatuarrak hozka egin dio boulderreko maila gorenari bi 9a horiek egiten. Arrakasta horren eta bi bloke horiek duten mailaren inguruan honako hausnarketa egin du: «Nire maila gorena 8c+ zen, eta horregatik nire buruak iritzi ezberdinak jaso ditu. 8c+ gogorren eta 9a samurren artean aldea dago. Koska hori alde batera edo bestera joan daiteke hatzen neurriengatik eta beso-zabalarengatik. ‘Return’-ekin eta ‘Shaolin’-ekin ageriko urratsa egin dut nire ibilbidean. Alabaina, 9a mailan eskarmenturik ez dudanez, ezin dut zehaztu non kokatu ditzakedan. Zenbakiak alde batera utzita, argi dut bi bloke horiek kalitate oso handia izatez gain, orain arte egin ditudan zailenak direla. Astebeteko epean sinatzea amets bat dirudi».

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai
