Nagore Belastegi
DONOSTIA
Interview
Jose Antonio ELOSEGI
Errezil sagar ekoizlea (Gabiria)

«Guretzat plaza ona da, jendeak estimatzen du hemengo Errezila»

Gabiriako Oñatibi Txiki baserrian egiten du lan Jose Antonio Elosegik, anaia Aitorrekin batera. Errezil sagar ekoizpenean hirugarren belaunaldia dira. Donostiako San Tomas azokara joaten direnen artean, sagarrak soilik eramaten dituzten gutxietakoak dira. Garaipen ugari eskuratu izan dituzte.

Gorka rubio  FOKU
Gorka rubio FOKU

Jose Antonio eta Aitor Elosegiren aitona-amonak -batez ere amona- Errezil motako sagarrak ekoizten hasi ziren. Haien alaba Mirenek ere ohitura horri heldu zion, eta ezkondu eta Gabiriako Oñatibi Txiki baserrira joan zenean ere sagastiak zaintzeari ekin zion. Bere fruituak Ordiziako azoka bereziko lehiaketara aurkezten hasi zen 1970eko hamarkadan, eta han sari ugari irabazi zituen. Lekukoa semeek hartu diote, eta hauek ere txapela hainbatetan jantzi dute.

Jose Antonio Elosegik oraindik tailerrean lan egiten du, baina hura uzteko asmoa du sagarretara bakarrik dedikatzeko, horiekin gaztetan hasi bazen ere. Duela bost urte hil zitzaien aita, eta aurten hil da ama. Sagastiaren ardura osoa hartzeko garaia heldu zaie bi anaiei.

Donostiako San Tomas azokan txerria protagonista den arren, egunaren jatorria hirira produktuak eramatera joaten ziren nekazariak izanik, ezinbestekoa da Errezil sagarrak bezalako frutak eskuragarri egotea.

Donostiako San Tomas eguneko azokara nekazari asko ez zarete joaten. Zuentzat plaza ona al da?

Asko ez gara, baina garenak behintzat ondo jartzen gara, ondo zaintzen dugu generoa. Poliki saltzen da. Eguraldi txarra egiten badu, haizeak asko kastigatzen du, nahiz eta Konstituzio plazan egon. Hala ere, guretzat plaza ona da. Jendeak estimatzen du hemengo Errezila.

Nora joaten zarete zuen sagarrekin?

Astean zehar azoka batzuetara joaten naiz ni, eta gabonetan feria bereziak hasten direnean San Andres, Santa Lutzi, San Tomas... horietara joaten saiatzen gara.

Azokara eraman beharrekoak nola prestatzen dituzue?

Aurretik prestatzen dira gauzak. Egun batzuk lehenago saskiak preparatzen dira; nola jarri ere kontuan hartzen da. Nik kilotan ez dut neurtzen zenbat daramagun; saskia bete eta listo. Kilo mordoxka dira, furgonetan 400, 500 edo 600 kilo sartuko ditugu. Gehienetan asko saltzen da, eguraldiaren arabera; ona egiten badu, ondo saltzen da; txarra egiten badu, ez hainbeste.

Aurten ezurtea izan da; uzta txikia jaso duzue. Nola ematen diozue horri buelta?

Buelta? Aguantatu egin behar! Prezioak garestixeagoak daude... Datorren urtera begira, garrantzitsuena da negu ona egitea. Neguan izotza eta hotza egin behar du, elur giroa. Zuhaitzak neguan atseden hartu behar du. Eguraldi ona egiten badu puja (kimua) mugitu egiten zaio, eta udaberria iristean, mugitu behar denean, ez da mugitzen.

Hotzarekin zomorroak hil egiten dira eta arbolak deskantsatu egiten du. Zuhaitza bizirik dago. Askotan jendeak ez du hori ulertzen, baina zuhaitzak indarrak gorde behar ditu.

Lorea goizegi ateratzea ez da ona izaten, ezta?

Arbola trastornatu egiten da; lorea eman behar duenean ez du ematen, eta orduan ez dago fruiturik. Aurten hori gertatu da, zuhaitzak loretan ikusgarri egon ziren, baina eguraldiak okerrera egin zuen, euria eta hotza, eta euria, eta euria, eta euria... erleak ez ziren mugitu eta fruituak ez zuen kuajatu.

Zikloak ondo egin behar ditu. Nahiz eta zikloa ondo egin, abuztuan kazkabarra egiten badu ere fruitua galtzen da. Beti gaude zerura begira!

Nabaritzen duzue klima aldaketa, beraz?

Bai, baina bueno, guk badugu sagastiak ureztatzeko modua. Hala ere, eragiten du; eguzki askok zuhaitza erre egiten du. Ikusten da klima aldatzen ari dela, eta zuhaitzak trastornatu egiten dira.

Badiote urte bat ona bada hurrengoa txarra dela.

Hori aspalditik dator. Zuhaitzak bere prozesua du. Orduan, zuhaitz bat sagarrez topera dagoenean esaten du ‘ni aurten topera nago, orduan datorren urtean ez dut lorerik emango’. Baina topera dagoenean, kentzen badiozu, zuhaitzak sentitzen du ondo dagoela eta hurrengo urtean berriro ematen du lorea. Hori da trukoa; loreek alea hartzen dutenean, sagar batzuk kentzen ditugu urtero sagarrak izateko. Garai batean hori ez zen egiten eta horregatik esaten da urte bat bai, bestea ez.