Ezohiko bisitan, Cerro Steffenek ekarpen ederra jaso berri du
Angelina di Prinzio, Paloma Farkas eta Catalina Unwinek Hegoaldeko Izotz Zelaian dagoen hirumilakoaren mendebaldeko isurian bide bat sortu dute: 'Sincronia' (WI4, M4, 60º, 900 m). Hiru egun behar izan zituzten mendira heltzeko.

Patagoniara hurbiltzen diren eskalatzaileentzat eta alpinistentzat, erpin eta orratz ezberdinen artean, Cerro Torre, Paineko Dorreak eta Cerro Chalten (Fitz Roy) izar nagusiak dira. Baina murru dotore eta estetiko horiez gain, Argentinako eta Txileko eremu menditsu horrek aukera anitzak eskaintzen ditu, besteak beste, esplorazioaren aldeko apustua egiten dutenentzat.
Hain zuzen ere, hurrengo lerrootako protagonisten espedizioak esplorazioa izan du oinarri. Eremu ezezaguna, informazio gutxi eta igoera bakarra zuen mendi bat. Angelina di Prinzio, Paloma Farkas eta Catalana Unwinek osatutako taldeak Cerro Steffenen (3.300 m) kokatu zuen euren helburua. Hegoaldeko Izotz Zelaian dago, hots, urrutiko leku basati batean. Bada, hirukote horrek hirumilakoaren mendebaldeko isurian aukera izan zuen ibilbide bat sortzeko: 'Sincronia' (WI4, M4, 60º, 900 m). Horri esker, aurpegi horren lehen igoerarekin egin dira.
Lan hori egiteaz gain, aurreratu behar dugu mendiaren bigarren igoera izan dela; lehena, Jorge eta Pedro Skvarca anaiek lortu zuten 1965an. Hurrengo hamarraldietan beste espedizio batzuk saiatu dira Cerro Steffera hurbiltzen edo hura eskalatzen, baina hirukote hori heldu arte inork ez zuen arrakastarik erdietsi. Alpinistok diote abentura ondo planifikatzea izan dela erronka horren atal garrantzitsuena: «Igo nahi genuen marra irudikatzea ondo zegoen, baina esfortzu handiena estrategia eta logistika ondo zehaztea izan zen. Eremu basati horretan ezin da ezer aurreikusi, baina guk, bederen, zorte handia izan genuen eguraldiarekin. Mendi gidariak gara, eta azken urteotan ikasi dugun guztia espedizio horretan indarrean jarri nahi genuen. Izaera horretako jarduera bat behar genuen, emakumezko talde batek aurrera eramango zuena urrutiko inguru basati batean».

Espedizio hori egiteko, di Prinzio, Farkas eta Unwinek 'Grit&Rock'-en dirulaguntza jaso zuen; elkarte horrek emakumez osatutako taldeak babesten ditu. Informazioa arakatu ondoren, alpinistok erabaki zuten Cerro Steffeneko mendebaldeko aurpegia izango zela helburu nagusia: «Igo gabe zegoen isuri hori, eta xede erakargarria iruditu zitzaigun. Urrutiko lekuetan dagoenez, horma hori ez da herri, errepide edo xenda batetik ikusten; hortaz, esplorazioak indar handia zuen. Steffenera heltzea abentura osoa da. Txileko 7 Errepideak O'Higgins herrira eraman zigun; errepide horren amaieran dago. Ondoren, ontzi batean 85 kilometro egiten dira. Klimaren eta izozmendien agindupean zaude, eta bide hori egitea bi ordukoa edo egun osokoa izan daiteke. Ontzitik jaitsi eta beste 22 kilometro egin behar dira oinez. Ez da batere samurra; izan ere, glaziar puskatu batetik igaro behar da. Zeharkatu behar den morrena ere egoera kaskarrean dago, baina, zorionez, ez du arrakalarik. Laburbilduta, gure kasuan, hiru egun behar izan genituen mendira heltzeko».
Bibak txarra
Hurbilketa ibilbide hori egin eta gero, alpinistok esku artean zuten helburura abiatu ziren. Lehen zatia ez zen erosoa izan; serac arriskutsu bat zeharkatu behar zuten. Errimaia gainditu eta eskalatzen hasi ziren: «Artesi handiak zituen korridore tekniko batean (60º) sartu ginen. Sumendi-lurralde bat da, eta hasierako igoera horretan, lehen luzean, harkaitz batek soka bat hondatu zuen. Ezusteko horrek ez zuen gure motibazioan eraginik izan eta aurrera jarraitu genuen. Hegoaldeko isuritik hurbildu ginenez, mendebaldeko horma oso berandu ikusi genuen. Denda bat eraman genuen paretan gaua igarotzeko. Gure itxaropena zen bibak eroso bat aurkitzea, baina, elurrezko zelai bat aurkitu ordez, 60ºko aldats batean izotzarekin topo egin genuen».
Egoera ez zen batere baikorra: denda altxatzeko izotz horretan plataforma bat egitea ezinezkoa zen. Balizko lan horrek ordu asko eskatzen zienez, atsedena hartu ordez, hirukoteak eskalatzen jarraitu zuen. Ilunabarra gainean zuten, eta bibaka antolatzeko lekurik ez zuten aurkitu. Une jakin batean etena egin eta erlaitz txiki batean eseri ziren: «Onartu behar dugu gau hori oso-oso gogorra eta deserosoa izan zela. Iltze bat arrokan jarri eta nolabaiteko segurtasuna eman zigun. Zintzilik igaro genuen gaua. Oinak lo-zakuan sartuta eta denda hankak babesten».
Ordu luze eta hotz horietan alpiniston itxaropen bakarra egunsentia heltzea zen. Lehen argi izpiekin egoera pixka bat aldatu zen. Mate pixka bat hartu, gorputzak zer edo zer berotu eta martxan jarri ziren: «Zalantzarik gabe, mate horrek animatu zigun. Hortaz gain, InReach bitartez kide baten mezua jaso genuen. Gure aurreikuspena zen tontorretik 200 metrora geundela, baina kideak berri pozgarri bat bidali zigun: 80 metro falta zitzaigun Steffeneko puntu garaienera iristeko».

Gau hori hala nola atzean utzi eta, biharamunean, eskaladaren azken zatia goiz hasi zuten. Protagonistok aurreratu dute egoera asko aldatu zela eta Steffenek aurpegi atseginagoa eskaini ziela. Horrekin esan nahi dute mistoko luzeak eta elur perretxiko arriskutsua ondo gainditu zituztela. Azken sekzio horrek mehatxu egin zien, baina gai izan ziren 'olatu' handi hori saihestu eta norabide seguru bat bilatzeko. Gailurrerira eraman zituen azken luzean Unwin sokaburu joan zen, eta goizeko hamarretan Steffeneko gailurrean elkartu ziren.
Ibilbide berriak, 'Sincronia'-k, forma hartzeaz gain, di Prinzio, Farkas eta Unwinek ekarpen berria egin diote Patagoniako urrutiko lekuetan dagoen hirumilakoari. Jaitsieran, berriz, ez zuten arazorik izan. Bide batez, eginiko lanaren inguruan alpinistok diote espedizio oso berezia izan zela: «Amets handi bat aurrera eramatea zen geure helburu nagusia, eta horrek plus berezia eman zio jarduerari. Hiru neska elkarrekin eskalatzea ederra izan da oso, eta ikusi dugu ahalmena dugula izaera horretako eskalada bat egiteko. Dagoeneko, hirurok ala hirurok badakigu non kokatzen den gure gaitasuna. Mutilekin eskalatzen dugunean egoera oso ezberdina da; izan ere, maiz luze oso zail baten ardura haiek hartzen dutelako. Baina Steffeneko kasuan askoz ere egoera naturalagoan sentitu gara; norberak bere ardurak hartu zituen. Sekzio gogor bat heltzen zenean, gutariko batek metro zail horiek eskalatzeko proposamena egiten zuen, eta besteok arazorik gabe onartzen genuen. Ardura hori hartu, gogor estutu eta saiatzen zen. Bideari 'Sincronia' deitu diogu, besteak beste, espedizio osoa sinkronizatuta zirudielako. Hortaz gain, hiruron artean lotura magikoa egon zen».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
