
Esne ekologiko salduenetako baten kaxa da. Lehen planoan bi behi agertzen zaizkigu soro eder batean, nola ez. Han urrutian, eguzkia sartaldean, ilunabar zoragarri batean. Eta bien artean, albo batean… aerosorgailu bat. Danimarkan gaude, paisaia ekologiko idiliko bat irudikatzeko XXI. mendeko haize-errota erraldoi bat erabiltzen duen herrialdean. Marketin suizida litzateke gaur egun Euskal Herrian esne kaxa bat irudi horrekin saltzen saiatzea.
Duela bi hamarkada, Danimarkak kontsumitzen zuen argindarraren %85 inguru ikatzaren eta gas naturalaren bidez eskuratzen zuen; alegia, mundua berotzen duten erregai fosilen bitartez. Egun, %90 jatorri berriztagarriko argindarra da han. Horren inbidiarik ez du Nafarroak, 2024. urtean kontsumitu bezainbeste argindar sortu baitzuen instalazio berriztagarriekin. Horrek ez du esan nahi kontsumitutako guztia berriztagarria izan zenik, gauzak konplexuagoak baitira, baina lurralde autonomo gisa, Nafarroa ongi posizionatuta dagoela esan daiteke. Aintzat hartzen duguna Euskal Herria bada, ordea, gauzek beste kolore bat daukate. Beltza.
Ipar Euskal Herriko datuak eskuratzea zaila da, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoari begiratzea nahiko da jakiteko etxeko lanak oro har egin gabe daudela. 2025. urtea bukatzera doan honetan, Energiaren Euskal Erakundeak oraindik ez ditu 2024ko datuak argitaratu, baina 2023koen arabera, kontsumitutako argindarraren %6,6 baino ez zen izan tokian sortutako berriztagarria. Eta hemen argindarrari buruz bakarrik ari gara.
Guztira, Hego Euskal Herrian, 2023. urtean, 6.303 kilotona petrolio baliokide (KTOE, ingelesez) kontsumitu genituen. Lehengai berriztagarrien bidez hemen bertan eskuratutakoak, ordea, 855 soilik izan ziren, %13,6. Gainerako guztia, krisi klimatikoa eragiten duten fosilak dira. Horixe, euskal “esfortzu klimatikoa”.
Ez dugu gure esne kutxetan aerosorgailurik nahi, baina petrolio edo gas natural putzu bat egon zitekeen, errealitatea islatu nahiko bagenu. Gure paisaian, ordea, ez dago horrelakorik.
Zenbaki hauek, gutxi-asko, ezagunak dira. Agian ez zenbaki zehatzak, baina energia berriztagarri gehiago behar dugula, abstraktuan, kontsentsua da herri honetan. Hala diote inkestek behintzat. Plakak eta aerosorgailuak non jarri adostu nahian hasten garenean datoz arazoak. Baina kontsentsua hori bada, proiektu berriztagarri orori boteprontoan eman ohi zaion ezezkoari buelta bat emateko urtea behar luke 2026ak. Nola askatu korapiloa? Paisaiari nola begiratzen diogun ulertzea, eta lurraldea nola ulertzen dugun begiratzea baliagarria izan daiteke.
«Elur-lausoak» gure mendietan
Lurraldea eta paisaia gauza desberdinak direla diote adituek. Lurraldea hor dagoena da, gure aurrean, existitzeko gure beharrik ez duena; eta paisaia, dagoen horri guk ematen diogun begiratua, janzten diogun esanahia eta aitortzen diogun balioa. Hala bada, posible da lurraldea ikustea? Gure begiei ikasitakoa eranztea? Eta erreala al da paisaia? Existitzen da kode kultural partekatu batetik harago? Ezetz uste zuen Claude Monetek: «Niretzat, paisaia ez da existitzen zentzu hertsi batean; aldiro aldatzen da; inguruko atmosfera da bere benetako balioa ematen diona».
Jar dezagun adibide bat. Mendi magal batean elur gehiegi metatzen denean, elurra erori egiten da. Lurraldea ez da oso poetikoa bere horretan. Baina hori ikusten duenak izen bat jartzen dio: “elauso” edo “elur-lauso”, Pirinioetako alde bietara. Eta hitz horrekin, paisaiaren parte bihurtzen doa. «Begira, malda horretan ‘elausoak’ daude neguero».
Lurraldean, besterik gabe, grabitateak azaltzen duen elur-jausia, komunitate horren motxila partekatura sartzen da pixkanaka.
Zer salbatu? Lurraldea ala paisaia?
Ezberdintasuna azalduta, berriztagarriek nori egiten diote kalte orduan, lurraldeari edo paisaiari? Ez dago erantzun bakarra, jakina. Proiektu berriztagarri askok ingurumen inpaktu larriak dituzte, lurraldean behin betiko kalteak eragiten dituzte, ekosistema baten oreka txikituz, adibidez. Klima krisiak modu globalean eta baita Euskal Herrian ere egiten duen bezala, bestalde. Beste proiektu batzuetan, ordea, inpaktu bisuala aipatzen da gehiago aurkako kanpainetan. Alegia, paisaia itsusten dela. Agian, ingurumen inpaktua eta inpaktu bisuala bereizteko garaia heldu da.
Eta, bide batez, beste bereizketa batzuk ezartzeko tenorea ere iritsi da, eztabaidari bere konplexutasun osoan heltzen saiatu nahi badugu. Noiz hasiko gara bereizten proiektuak, garatzen duten jabetza eta kontsumo ereduen arabera? Ez baitu balio, klima krisiaren aitzakiapean, betiko negozio ereduak indartu eta tokiarekin inolako loturarik ez duten proiektuak bultzatzea. Baina igual tratatu behar baditugu Araban 1.346 MW planteatu dituen Solaria korporazio erraldoia, eta haragi ekologikoa produzitzen duen ekoizle batek jabetza partekatu batekin proposatutako 40 MWak, bada, agian hobe dugu argiak itzali, ateak itxi eta meteoritoari itxaron.
Eztabaidan laguntzeko: ez badira ezkerrak gobernatzen dituen udaletan entseatzen jabetza, kudeaketa eta kontsumo eredu berri hauek, nork uste dugu egin behar duela? Solariak? Iberdrolak?
Baina eztabaida hauek fundamentuz gauzatzeko, onartu beharko dugu aurrena aerosorgailu edo plakaren bat gure esne kaxan. Paisaia defendatzearen poderioz, azkenean lurraldea galtzen buka dezakegulako.
Edo bestela esanda, «elurlauso» hitz ederrak gure hiztegian jarraituko duelako, baina mendiak «elausorik» gabe geratuko zaizkigulako.
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

