Euskal zinema: zer dator 2026ean?
2024a ez zen bereziki oparoa izan euskal zinemagintzarentzat. 2025ean, berriz, estreinaldi ugari izan ditugu; gertaera isolatu bat izan da ala uzta oparo eta luze baten hasiera? Urte berriak emango dizkigu lerroburu itxaropentsu hori baieztatzeko ala ezeztatzeko gakoak.
2026ean izenburu oso interesgarriak datoz, baina kopuruari erreparatuz gero, filmen alorrean behintzat, 2025a baina apur bat baxuagoa izango da; garapen prozesu eta grabazio asko iragarriak daudenez, litekeena da 2027an uzta oso oparoa izatea.
Pantaila handira begira
‘Zeru Ahoak’ telesailaren ostean, Koldo Almandozek ‘Azken agurra’ filma ekarriko du. 45 urteko Tomas Martinezen istorioa azalduko du: hileta zibilen enpresa baten jabea, praktiketan ari den idazkari gazteaz maitemindua, aita traketsa, enpresari kaotikoa eta ameslari amorratua; errauts-ontzien, hileta laikoen eta erabaki zalantzagarrien artean bidea egiten saiatzen den antiheroia. Ezintasun eta kontraesan existentzialak gorpuzten dituen pertsonaia honek, bizitzari aurre egin beharko dio…heriotzarekin lanean. Filmeko protagonistak, Iñigo Azpitarte eta bere lehen film luzea egiten duen Izaro Nieto dira; aktore taldea osatzen dute Iñaki Beraetxek , Iraia Eliasek, Joxean Bengoetxeak eta Laia Escribano haurrak.
«Istorio xume eta iradokitzailea da, jende arruntaz hitz egiten duena. Nire asmoa, ikusleak zinemara joan eta epikarik gabeko istorio zintzo eta ironiko batez gozatzeko aukera izatea da, modan dauden kausa eta diskurtso intelektualetatik urrun» , adierazi du Koldo Almandozek.
Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga aldiz aldiz ‘Inurri Itsuak’ filmeko protagonistak izango dira; Igor Legarreta bilbotarraren hirugarren film luzea. Filma euskaraz idatzi dute Legarretak berak eta Andoni de Carlosek, “Las ciegas hormigas” Ramiro Pinilla getxoztarraren eleberrian oinarrituta. Legarretaren hitzetan, «zoritxarrarekiko erresilientziari eta gizakiaren biziraupenaren aldeko betiereko borrokari buruzko western tragikoa» izango da.

Iaz iragarri zuten, baina atzeratu egin da David Pérez Sañudoren lan berria. ‘Sacamantecas’ filmean XIX. mendean 13 eta 55 urte arteko sei emakume bortxatu eta hil zituen gizonezkoaren bizitza izango du hizpide. Asier Guerricaechevarriaren eta Joan Urkixoren jatorrizko istorio batean oinarrituta, hiru pertsonaiaren istorioa du kontagai: hiltzailea, justizia bila ari dena eta, azkenean, egia aurkitzen duena.
Telesailak
Pantaila txikian ere izango dugu zer ikusi. Hasteko ‘Argi Gorriak’ telesaila; Vidania Films ekoiztetxearen proiektu berria. Thriller kutsuko komedia dramatikoa izango da, euskaraz grabatua, baina txinera eta gaztelania ere entzun ahal izango dira. Zuzendaria Alberto Gastesi donostiarra da, berriki 'Singular' filma aurkeztu duena, eta protagonista nagusia Itziar Ituño.
Telesailak Elena Mujika (Itziar Ituño) izeneko bikoizketa-aktorearen istorioa kontatuko du: bere urterik zirraragarrienak atzean utzi dituen emakumea da, eta errutinan murgilduta bizi da. Ustekabean, iktus bat izan zuenetik ezinduta dagoen senar ohia agertuko da, heriotza mehatxupean dagoena.
Osagai fantastikoak dituen thriller bat ere izango dugu: ‘Odol Ilargia’; martxoan estreinatuko da Primeran plataforman. David R. Losada zinemagilea da zuzendaria. Gidoilariak, berriz, Losada bera eta Mikel Alvarez Sarriegi dira. Baleuko ekoiztetxearen eta EITBren produkzio bat da. Fikzioak lagun talde baten bizitzako bi garai zehatz ditu ardatz; hamar urteko aldea dago bataren eta bestearen artean (2015 eta 2025). Suizidio batek eragin handia izango du pertsonaia nagusiengan, eta gertaera horren atzean urteetan isildutako traumaren inguruan garatuko da istorioa. Julen protagonistak argitara aterako du guztia. Pertsonaien bide horretan, hainbat gaitan jarriko du arreta telesailak: bigarren aukerak, adiskidetasunaren balioa eta identitate sexuala, besteak beste.
EITBren 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiaren barruan lehena ‘Piztiak’ izango da. Lanaren sortzaileak Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez dira eta 20-25 minutuko sei atal izango ditu. Ekiñeri agur-festa egingo diote lagunek izeko Karmen bizi den baserrian; tokiak ahoz-aho kontaturiko istorio, sineskeria eta sekretu ezberdinak gordetzen ditu. Festa-gau horretan, Ekinek kutxa bat topatuko du ganbarako teilapean. Ezusteko aurkikuntza hori izango da ondorengo gertakizun guztien eragile. Puzzlea osatzeko beharrezko diren pieza bakoitza, baserrira gerturatzen joango diren pertsonaia ezberdinek emango diote Karmeni. Iraganean jatorria duen gertaera batek zerikusirik izan dezake, egun, baserrian bizi diren egoerekin? Karmenek argitara atera beharko du guztientzat ahaztua izan dena. Zein da baserriak gordetzen duen sekretua? Izango al du zerikusirik Ekiñe eta Karmenekin? "Piztiak" telesailak, sekretu familiarra argitara ekarri nahi du. Iraia Elias izango da aktore protagonista, baina 35 aktore inguruk parte hartu dute. Ataletako batean, Yune Nogueirasek jokatzen du rol nagusia.

‘Tamara eta Mara’ aldiz casting batean aurkitzen diren bi aktoreren arteko lehiari buruzko komedia izango da: Tamara (Ainhoa Etxebarria) eta Mara (Ainhoa Artetxe). Begira Produkzioak ekoiztetxeak ekoitzi du eta Ane Rotaetxek zuzendu. Gidoian, Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazorekin batera, Antton Telleriak parte hartu du.
Bi izenburu horiez gain, ‘Lehen aldiz’ (Jone Arriola), ‘Izaki pixkat gardenak’ (Iñigo Sbeltza), ‘AIRBNBarik’ (Alba Lozano eta Nitya Lopez) eta ‘Estu’(Xabier Ojinaga eta Ander Mateos) urtean zehar grabatuko dira.
Beste izenburu batzuk
Baleuko ekoiztetxea Gozategi-rekin lanean ari da taldeari buruzko lana osatu eta 2026ean dokumentala estreinatzeko. 35 urte beteko dira agertokietara lehen aldiz igo zirenetik eta lan berezi bat prestatzen ari dira. Udazkenean estreinatzeko asmoa dute.
Ez daude 2026rako guztiz baieztatuak, baina litekeena da gehienez bi urteko epean iritsiko direla: Iratxe Fresnedaren ‘Bide guztiak irekiak daude’, Tamara Garcia Iglesias-en ‘Hauek ez dira orbainak’, Maia Iribarne Olhagarairen ‘Altxaliliak’, Natxo Leuzaren ‘Ante ti mi sombra’, Norma Vila-ren ‘Salitre’ eta Izaskun Arandiaren ‘Irailak’
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

