«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
Eukaliptoen gaia hizpide da berriro, Bizkaiko Batzar Nagusiek behin-behineko debekua luzatzea erabaki baitute. Baso Biziak plataformako kide Edu Zabalak gogora dakar espezie inbaditzaile horrek hedatzen jarraitzen duela, eta esparru honetan basogintza industriak duen indarra deitoratzen du.

Bizkaiko Batzar Nagusiek mendien araudi berria onartu arte eukalipto landaketen debekua luzatzea onartu zuten, aho batez, astelehenean, espezie horrek ingurunean eta biodibertsitatean duen eragin kaltegarriari eta horrek gizartean piztu duen kezkari nolabait erreparatuz. Ingurugiroaz arduratzen diren hainbat eragilek, ordea, duela ia hiru urte indarrean sartutako debekua 2030era arte luzatzeko eskatu dute, eukaliptoak izan duen hedatze ikusgarriari erantzuteko. Eragile horien artean dago Baso Biziak plataforma.
Duela ia hiru urte Bizkaian eukalipto gehiago landatzeko debekua ezarri zen. Bete da?
Gaia atzeragotik dator. 2017an, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak txosten zientifiko bat eskatu zuen eta bertan onartu zen eukaliptoa zuhaitz inbaditzailea eta exotikoa dela; espezie exotiko inbaditzaileen katalogoan sartzeko gomendioa egin zen, baina gomendioa bakarrik. Hori ikusita, basogintza sektorean alarmak piztu ziren, eta paper fabrika nagusiek presioa egin zuten. Eta azkenean ez zen katalogo horretan sartu. 2019an Coruñako Teo izeneko herri txiki batek erabaki horren kontra salaketa jarri zuen, baina Xunta bera ekimen horren aurka agertu zen eta hura ere bertan behera geratu zen.
Horiek hala, duela hiruzpalau urte Gipuzkoan eta Bizkaian debeku batzuk ezarri ziren. Gipuzkoan mozketa denbora 10-15 urtetik 25era luzatu zen, pinuekin bezala. Horrek hainbat inbertsorek atzera egitea ekar zezakeen, ez zitzaielako errentagarria ateratzen.
Bizkaian, berriz, diametroaren arabera ezarri zen, baita lur berrietan ez landatzeko irizpidearen arabera ere. Baina halakoetan, proposamena egiten denetik izapideak egin eta onartu arte hilabete batzuk pasatzen dira, eta horietan basogintza industria eta lur jabe batzuk erne daude eta landatzen dute. Eta debekua ezartzen denerako, azalera handitu egin da.
Jaurlaritzaren datuak hartuz gero, 2005etik 2023ra %101 handitu zen eukaliptoaren azalera. Eta 2021ean azalera 24.700 hektarea ingurukoa bazen, 2023an 26.153 ziren: mila hektareatik gorako areagotzea. Landaketa gehienak Bizkaian daude, kostaldean. Beraz, ikusten da moratoriak zeozer motelduko zuela, bai, baina tarte horretan ere gora egin du.
Debekua 2030era arte luzatzeko eskatu duzue.
Bai. Greenpeacek dokumentua atera zuen eta talde bakoitzak aukera izan zuen ekarpenak egiteko. Guk hiru ekarpen egin genizkion eskaerari. Debekua bertan behera geratuko balitz ere, uste dugu badaudela beste bide batzuk eragiteko. Arraseko mozketa debekatzea edo beste eraisketa sistema batzuetarantz trantsizioa egitea da bat. Entresakak egitea, adibidez, beti edukitzea lurra babestuko duen estaldura. Noski, horrek ez dio hain etekin handirik ematen egur industriari.
Bestetik, eukaliptoa landatzen dutenei zerga ekologikoa ezartzea. Monolaborantzek eta bereziki eukaliptoak kalte orokorrak egiten dizkiotelako gizarteari; osasunean, biodibertsitatean, uraren kalitatean eta kantitatean, lur higaduran... Landaketa egiten duenak ordaindu dezala. Ez zaizula errentagarri ateratzen? Zure arazoa da, ez gurea. Eta hirugarrenik, eukaliptoa pirofitoa denez, ikusi dugu zer kalte eta zer arrisku ekartzen dituen; hainbat gunetan segurtasun zona bat ezarri behar dela diogu, izan etxeak, eraikin industrialak, errepideak... Segurtasun eremu hori bertako baso autoktonoarekin osatu behar da eta gutxienez 15 metrotik gorakoa izan behar du.
Horrek nolabait kenketa egingo lioke eukaliptoari. Kenketa arraseko mozketa debekatzeagatik, kenketa zerga ekologikoagatik eta kenketa baso autoktonoez osatutako segurtasun eremu berde bat jartzeagatik. Hiru puntu horiek sartu genituen txosten horretan.
Administrazioen politiketan egurgintzak, papergintzak, pisu handiegia dute?
Bai, baietz uste dugu. Basogintza industria hor atzean dago, guk pentsatzen dugu lobby bat dela politika horiek finkatzen dituena. Duela urtebete basogintza politikaren azterketa egin zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, alderdi politikoek beraientzat garrantzitsuak diren taldeak deitu zituzten; gu EH Bilduk deitu gintuen, gure proposamenak azaltzeko. Basogintza politikaren aurrean dauzkagun irizpideak azaldu genituen, eta guk bezala beste talde naturazale askok, baina gero praktikan ez dute inorena kontuan hartu. Bakarrik beraien politiken aldeko proposamenak direnak.
Badago kasu larri bat: Lurgaia fundazioak Kutxabankekin Markesbasoko basoan, Lasao inguruan, zazpi urtetarako prozesua adostu zuen eremu hori 290 hektareako baso misto atlantikoa bihurtzeko. Ia-ia sinatzekotan zeuden, baina Gipuzkoako Aldundia eta Basotik fundazioa enteratu, negoziazio horietan sartu ziren eta Lurgaiari aurrera jarraitzea eragotzi zioten. Eta baso misto atlantikoaren berreskurapena bertan behera geratu da.
Orduan, hitzak bai, baina errealitateak administrazioaren norabidea erakusten digu.
Esan daiteke ustiaketara begira dagoen eredu bat dela?
Bai. Esaten duguna da produkzioa beste modu batean egin daitekeela, eredu asko daude. Soriara joaten bazara, hango pinudietan bertako basozainek esaten dizute gaur egun egurra baino gehiago ematen duela onddoak. Baina hemen badirudi egurraren norabidetik ateratzen den edozein proposamen edo egurra ateratzeko beste modu batzuk daudela esatea astakeria dela. Eredu produktibo jasangarriak daude, hurbilekoak. Baso autoktonoarekin kalitatezko egurra eskura daiteke, askoz irabazi ekonomiko handiagoa emango duena. Gaztainadi bat bost-sei urtetara mikorrizatzen baduzu, bai egurraren aldetik bai onddoen aldetik bai gaztainen aldetik, eukaliptoari mila buelta ematen dizkio produkzioan.
Gu ez gaude eredu produktiboen kontra, guk esaten dugu kontserbaziorako gune batzuk mantendu edo handitu behar direla, babestu. Eta badaude ereduak Asturiasen, Galizian... Euskal Herrian, Itsasondon hainbat urte daramate lurrak erosten, publikoak egiten, eta beste eredu bat martxan jartzen; gaztainadietan sustraiak mikorrizatzen dituzte eta boilurrak eta onddo mota batzuk sortzen dira. Lekeition ere erosi zuten. Moratoriak bezain garrantzitsua da lurra berreskuratzea. Halako batean konturatzen zara zure udalerrian, turismoarekin gertatzen den bezala, zenbait lur jadanik ez direla herriarenak eta beste helburu batzuk dauzkatela. Eta zu ez bazara lurraren jabe, ezin duzu erabaki.
Larrialdi klimatikoari begira ere eragina dauka baso mota bat edo bestea izateak, ez?
Hori da. Aniztasun handiagoko zerbait bilatu behar da. Guk landaketa bakoitzean hamar espezie inguru landatzen ditugu. Egiten dituztenak ez dira jasangarriak, ez lurrarentzat, ez ekosistemarentzat, ezta klima aldaketari erantzuteko ere. Are gutxiago jakinda sarri erretxina duten koniferoak direla eta suari oso modu bortitzean erantzuten diotela.
Gizartean kontzientzia areagotu dela ikusten duzue?
Bai, uste dut lanean ari garen taldeen presioagatik moratoriaren diskurtsoa mahai gainean jartzea lortu dela. Lehen diskurtso bakarra zegoen, administrazioena eta basogintza sektorearena. Eta diskurtso makurra da, beraiek basoaz hitz egiten dute, baina beraiek kudeatzen dutena ez da basoa; basoa suntsitzen dute landaketak sartzeko. Diskurtso hori ertz guztietatik eraisten saiatu gara eta uste dugu lortu dugula orain arteko eredua justifikatzea zailagoa izatea.
Gu 2021ean sortu ginen plataforma bezala. Ordura arte herriz herri egindako mozio guztiak bildu eta gida bat egin genuen. Eta hor agertzen da zein herritan debekatu zen, zeinetan moratoria lortu zen, zein herritan bultzatu zen lurrak erostea, zeinetan bultzatzen zen baso autoktonoa eta zeinetan ez... Nik uste dut aldarri garrantzitsua izan dela. Gora iritsi nahi badugu oztopo asko dauzkagu, baina herrietan daukagu gure indargunea.
Uda honetan sekulako suteak egon dira Penintsula osoan; zuhaitz hauek pirofiloak direla nabarmendu duzu. Suteek eragin duten ikarak balioko du kontzientzia areagotzeko?
Bai, baina tristeena da suteak ere politizatzen direla, beti da «zuk ez duzu ondo egin eta nik...». Suteei jarraipena egin zaienean badaude hainbat elementu inoiz aipatzen ez direnak; mendia erre da, baina zer erre da? Normalean ez da esaten. Askotan eukaliptoak edo pinudiak dira. Badaude bideoak non Galiziako suhiltzaile batek erretako gune bat erakusten duen, eta ondoan haginez jositako mendi malda bat dago eta hor ez da sua sartu, suteak inguratu du eta ondo mantendu da. Horregatik eskatzen dugu baso autoktonoz osatutako gunea hainbat egituren inguruan. Galizian oraindik eukaliptoak daude, ez dago segurtasun distantziarik. Suteek balioko beharko lukete horretarako? Bai, baina gero eztabaida hutsaldu egiten da. Mezua da suhiltzaileak heroiak direla, hau eta beste, baina ez da mamira joaten.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

