
Nafarroan ikastetxeetako aurrematrikulazio epea gerturatzen ari delarik, seme-alabak euskaraz matrikulatzeko deia egin dute gaur Iruñean euskalgintza eta hezkuntza arloetako eragile nagusiek, sindikatuekin batera.
Horrela, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduaren aurrean egin duten agerraldian talde hauetako ordezkariak izan dira: AEK, IKA, Errigora, Taupa Mugimendua, EHE, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Dindaia, AET, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskalgintzaren Kontseilua, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, NIZE zuzendarien elkartea, Ikama Nafarroa, NUPeko Euskara Taldea, LAB, ELA eta Steilas.
Guztien izenean Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, Aitziber Garmendia Sortzen Elkarteko ordezkariak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak adierazpen bat irakurri dute.
Bertan diotenez, «haurrei euskara ematea haietako bakoitza pertsona eta herritar gisa aberastea da: kultura unibertso oso baterako atea irekitzea, eleaniztasunerako gaitasuna indartzea, Nafarroako berezko hizkuntzaren jabe egitea, etorkizunean herritar osoago izateko bidea eskaintzea...».
«Euskarazko ereduek euskara, gaztelania eta hizkuntza gehiagoren jabe izango diren ikasleak sortzen dituzte; harremanak zabaltzeko bidea ematen dute, trebakuntza eta aukera profesionalak areagotzeko modua dira, garapen pertsonalean sakontzekoa. Nafarroaren osotasuna jasotzeko giltza. Azken batean, euskarazko ereduek etorkizuneko ateak eta aukera berriak irekitzen dizkiete haurrei», nabarmentzen du adierazpenak.
«Amankomuneko etorkizuna hobetzeko»
Honekin batera, egungo umeei euskara ematea «gizarte gisa amankomuneko etorkizuneko hobetzeko bidea da: hasteko, kinka larrian den euskarari, Nafarroako berezko hinzkuntzari, etorkizuna bermatzea, Pizkunde berri baterako hazia landatzea».
«Era berean, nafar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta betetzeko oinarriak jartzea. Hizkuntzen auzia arrakalarako bide izan dadin eragotzi eta gizarte kohesioa indartzeko modu, justizia sozialean aurrera egiteko, eta, beraz, bizikidetzan eta demokratizazioan sakontzekoa. Ez dezagun ahaztu azken ikerketen arabera Nafarroan handia dela euskararen normalizazioaren aldeko adostun soziala», aipatzen du adierazpenak euskaraz matrikulatzeko onuren artean.
Honekin batera, «gure seme-alabei euskara ematea etorkizun hobe hori elikatzea da. Are eta gehiago gaur egun mundu osoan nagusitzen ari den testuinguru bortitzean. Izan ere, indartzen ari den olatu erreakzionarioaren parte da beste hainbat kolektibo zapalduren aurka bezala hizkuntza minorizatuen eta hiztun komunitate minorizatuen aurka egitea. Olatu erreakzionario hori hizkuntza hegemonikoak indartzera dator, beste supremazismo batzuekin batera hizkuntza supremazismoa sendotzera. Olatu horren aurka egiteko tresna indartsua dugu euskara: tokikoaren, komunitatearen, aniztasunaren, askatasunaren, justiziaren eta bizikidetzaren alde egitea den heinean. Gure seme-alabei euskara ematea mundu bizigarriago baten alde egitea da».
Nafarroako Gobernuari «trabak ez ezartzeko» eskatu diote
Nafarroako Gobernuari espreski euskarazko matrikulazioaren alde egiteko eta trabarik ez jartzeko eskatu diote. «Oraindik ere, Nafarroako leku askotan seme-alabei euskara emateko hautua egitea zailtasunez beteriko bide bat da gurasoentzat eta zenbait herri eta ikastetxetan ez da euskarazko ereduez informatzen edo familiak baldintzaten saiatzen dira», salatu dute.
«Horregatik, dei berezi bat egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari, eta zehazki Hezkuntza Departamenduari, euskarazko ereduei bide emateko trabak ezarri ordez erraztasunak eskaini eta, are, euskaraz ereduen bultzatzaile izan dadin ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea bermatua izan dezaten. Halaber, eskaera indar politikoei euskarazko ereduen eskainza aldian aldiko negoziazio politikoetatik atera eta Nafarroako hezkuntza sistemak berak proposatu eta bultzatutako egiturazko aukera izan dadin», gaineratu dute.
Gauzak horrela, gonbidapen berezia egiten diete gurasoei: «Eman euskara zuen ondorengoei, haietako bakoitzaren etorkizun eta ongizate pertsonalaren alde».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas


