
Astelehenean, hilaren 26an, Sean Baleyk sare sozialak erabili zituen jarduera handi baten berri emateko. Eskalatzaile estatubatuarrak esan zuen ‘Duality of Man’ bidea (Dry Canyon, AEB) kateatu zuela, eta harentzat 9c mailako proposamena egin ere. Alabaina, badirudi igoera hori iazko lehen hiruhilekoan egin zuela. Hortaz, azken hilabete luze hauetan berri hori isilean izan du.
Ohiko bihurtzen ari ote da jarrera hori eskalatzaile estatubatuarren artean? Adibide batzuk badaude. Shawn Raboutou «talde» horretako ordezkari bat da. Atzerapen handiarekin ‘Alphane’ eta ‘Megatron’ boulderren berri eman zuen. Hots, 9a mailako munduko hirugarren eta laugarren proposamenak. Bat-batean, aldez aurretik informaziorik eman gabe, bideo bat argitaratu zuen jarduera horien inguruan.
Bada, Baleyk antzeko jarrera hartu du. Azken urteotan erabat murgilduta egon da ‘Duality of Man’ proiektuan. Tarte luze horretan ez du argazkirik, ezta Instagramen argitalpenik eskaini ere. Hori gutxi ez, eta hedabideekin ez du harremanik izan. Soilik helburu horren inguruko zurrumurruak zeuden.
Baina diogun bezala, joan den astelehenean lerro gutxi batzuk idatzi zituen: «Lau urte eta hiru denboraldiren ostean, ‘Duality of Man’ kateatzeko aukera izan dut. Dry Canyonek ez dit ezer erraztu. Pazientzia asko landu behar izan dut; izan ere, bide hori bi ordu itzalean egoten da. Baldintza egokiak ere gutxitan eman dira. Zalantzarik gabe, denbora gehien eskatu didan xedea izan da. Oso itsututa egon naiz. Inoiz eskalatu dudan marra gogorrena izan da. Horrekin ere ez dut zalantzarik. Horregatik 9c maila proposatu dut».
Ezaugarriak?
Aurreratu dugun bezala, Baleyk isilean izan du ‘Duality of Man’-eko prozesu guzti-guztia. Ibilbide horren inguruan ezer gutxi dakigu. Informazio bakarra da Dry Canyonen dagoela. Nolako da? Ze estilo du? Luzea al da? Ezaugarri horien guztien inguruan ez dago argibiderik. Ziur aski estatubatuarrak laster batean emango ditu pelikula baten bitartez. Hain zuzen ere, Mellow Film Tour-en estreinatuko denean.
Bederen, argi geratu da ‘Duality of man’ dela 9c mailako (kirol eskaladako zailtasun gorena) munduko laugarren proposamena. Adam Ondraren sinadura daraman ‘Silence’ (Flatanger, Norvegia) izan zen lehena. Ondoren, Seb Bouin-en ‘DNA’ (Verdon, frantziar Estatua) heldu zen. Eta hirugarrena: Jakob Schuberten ‘BIG’ (Flatanger, Norvegia). Lau proposamen horiek ez dute momentuz errepikapenik jaso.
Lerrootako protagonistaren izena kirol eskaladarekin baino boulderrarekin lotu behar dugu. Munduko espezialista sasoikoenetakoa dugu. Urtebete baino gutxiagoan ‘Alphane’-ren (Chironico) lehen igoera igo zuen, eta ‘Shaolin’ (Red Rocks) eta ‘Arrival of the birds’ errepikatu ere. Hirurak ala hirurak 9a mailakoak dira.
Azken urteotan, berriz, kirol eskaladan gogor estutzen ikusi dugu. Modalitate horretan hobetzen asko lagundu dio Zailtasuneko Munduko Kopan lehiatzeak. Duela bost urte, adibidez, nazioarteko zirkuitu horretan bi garaipen erdietsi zituen. Arrokan ere emaitza ikaragarri onak lortu ditu. 2021. urtean, adibidez, ‘Bibliographie’ (Ceuse) sinatu zuen.
Modu batera edo bestera esanda, argi geratzen da Baley bikain moldatu dela kirol eskaladaren eta boulderraren lotura horrekin. Batez ere, muturreko mailari dagokionez. Schubertek eta Ondrak bezala, eskalatzaile estatubatuarrak kirol eskaladan 9c maila eta boulderrean 9a egiteko gaitasuna erakutsi du.

Osakidetza ha administrado vacunas caducadas a 253 personas, la mayoría bebés

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona
