Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Elixabet Etxandi Goihenetxe
Xilabako finalista

«Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke, Xalbadorren garaitik ez da baxenabartarrik»

2000. urtean Izpuran sortua, Historian lizentziaduna. 14 urterekin hasi zen bertsotan eta egun bertso irakaslea da. Bigarren Xilaba du, eta lehen aldiz iritsi da finalera, umetako ametsa beteta. Nafarroa Behereko finalista bakarra da.

(Guillaume FAUVEAU)
Zorionak lehenbizi. Zer sentsazio dituzu finalera begira?

Milesker! Egia erran, hastapenean bertigo handi bat. Ez nuen berehala gozatu berriarekin, jakinda ene ametsa dela ttipitatik. Baina gero buelta eman nion, ingurukoen babesarekin eta egindako lanari bere aitortza emanez. Poz handia dut orain.

KAZETAri emandako elkarrizketan bertso eskolako ikasleak eskertu zenituen eman dizuten babesagatik.

Bai. Bertso irakasle gisa lanean ibiltzen naiz Baiona inguruan eta uste dut irakaslea kantari ikusita kuriositatea sortu zaiela txapelketarekiko. Babesa sentitu dut haien partetik saioak aurrera joan ahala, beti interesatzen zirelako eta galdetzen zidatelako ea finalean nintzen [irriz]. Haien poza sentitu dut eta ederra da transmisio lanak bere fruituak ematen dituela ikustea.

Polita izanen da haiek finalean publikoan ikustea.

Pozgarria da ere justu nire ikasleak direlako aski eremu erdaldunekoak. Nik badakit etxean ez dutela euskara entzuten eta badakit bertso saiora joanen direla haien guraso erdaldunekin. Beraz, euskararekiko lotura hori sendotzeko ere balio du eta ni biziki harro.

Nafarroa Behereko finalista bakarra izanen zara.

Hori da. Proportzionala da. Parte hartzaile gehienak lapurtarrak dira eta beti izan dira gehiengoa finalean. Ramuntxo Christy sartu zen duela urte batzuk eta ez da beste baxenabartarrik sartu. Pozik nago gurpil hori hausteagatik. Gainera, deigarria da emakume baxenabartar bat sartzea, jakinik bakarra naizela. Ni banoa karga horrekin ere. Bertso eskola bat dugu Nafarroa Beherean lagunartean eta hortik joanen naiz finalera, gure balioekin.

Zein helburu dituzu?

Egia aitortzeko, nik duela lau urte bertsoa erabat utzi nuen eta erraten nuen ene bizitzako erabaki onena zela, ez nintzela sekula itzuliko. Lau urtez egon naiz plazetatik kanpo eta duela urte bat berriz hasi nintzen bertsotan aipatutako giro informal horretan, Nafarroa Behereko bertso eskola batean. Xilaban izena eman nuen ene burua berriz kokatzeko Iparraldeko bertso panoraman. Finalerdiak nituen helburutzat eta hor nire buruari erran nion nahi nuela finalean kantatu eta ahal zen guzia eginen nuela horretarako. Finala, beraz, bonus bat da. Gertatzen ahal zen gauza ederrena. Lehia aldetik ez diot helburu konkreturik eman nahi ene buruari. Amesten ahal bada pixka bat, Euskal Herrikoan kantatzea ederra litzateke. Uste dut Xalbadorren garaitik ez dela baxenabartarrik aritu Euskal Herrikoan.

Nola baloratzen duzu Xilaba honetako ibilbidea?

Lehen saioan lasai joan nintzen eta hor lortu nuen hurbilen izatea transmititu nahi nuen horretatik. Beste bi saioetan biziki lotua joan nintzen eta bertso bakoitza borroka handi bat izan zen. Ene etsai handiena ene burua izan zen. Atxikiko nukeen ariketa bat Baigorriko bakarkakoa da.

Bertze momentu bat ere bada aunitz zabaldu dena: Muskildiko saioan jasan zenuen erasoa, eta, batez ere, eman zenion erantzuna.

Trikota kendu nuenean, ganbarakoa kantatu aitzin, txistu batzuk entzun ziren publikotik. Harro nago erantzuteagatik, biziki eskertua babesagatik eta pozik izan duen oihartzunagatik. Uste dut balioko duela gauzak aldatzeko eta gogoetatzeko.