Lezio batzuk Minneapoliseko herritarren garaipen antifaxistatik
Minnesota izan da Donald Trumpen estrategiari orain artean tinkoen kontra egin eta atzera eginarazi dion lehena. Aurretik Los Angelesen, Washingtonen eta Chicagon bertako agintari demokratek ahaleginak egin zituzten, auzitegietan adibidez, eta agerian geratu zen herritarrak antolatzearen beharra.

Minnesotako eta bertako “hiri bikiak” (Minneapolis hiri nagusia eta Saint Paul hiriburua elkarren ondoan daude) orain arteko erresistentzia garaiezin bihurtu dira ICEko matoientzat. Basatiak eta gupidagabeak izan dira agenteak, etsaiaren lurraldean dabilela ondo dakien okupazio indar bati dagokion eran.
AEBko mapari erreparatuta, errepublikanoen gorria erabat gailentzen zaio urdin demokratari, salbuespen gutxi batzuekin: Pazifikoko kostaldea, Atlantiko iparra, eta hiruzpalau gune txiki barrualdean: mugalde latinoa, eta ia hiri guztiak. Arazoa da gorriaren eremu zabal horretan hiriak ordezkatzen dituzten puntuetan baino askoz jende gutxiago bizi dela. Eta Mississippi ibaiak herrialdea erdi-erditik zeharkatzen duen itsaso errepublikanoan, Minnesota aurrerakoia nabarmendu da historikoki. 1984an Ronald Reagan 49 estatutan gailendu zen: mapa gorri horretan, hain zuzen, Minnesota baino ez da ageri urdinez (Washington hiriburuarekin batera). Bost axola, Trumpek ohiko lotsagabekeriaz adierazi du Minnesotan bera nagusitu dela aurkeztu den hiru hauteskundeetan (hiruretan izan zen galtzaile).
Coen anaien “Fargo” filma eta gerora egindako telesailak ikusi dituenak badaki natura oso gogorra duen lurraldea dela. Ingeles jatorriko WASP (zuri anglo-saxoi protestantea) oso modu berezi batean ageri da: eskandinaviarrak izan ziren bertara joandako kolonoak, alemanekin batera, eta tradizio luterano progresistak erro luzeak ditu. Alderdi Demokratak beste izen bat daukan ia estatu bakarra da: Nekazari eta Langileen Alderdi Demokrata. Hala, hiri progresisten eta landa gune kontserbadoreen zatiketak kale egiten du sarritan Minnesotan.
Faxismoari neguan irabazten zaiola esan izan dute azken asteotan, trumpismoaren Stalingrad bihurtuko dela sinetsita. Duela urtebete Steve Bannonek izendatutako «uholde estrategiarekin» jo zuen Trumpek iparraldearen konkistara: orain artean bezala, etengabe astintzeak shockaren estrategia eta aurkariaren etsipena zekartzala sinetsita. Latinoen aurkako xenofobia garaitzerik ez zegoela uste zenean (bidenabar, “Trumpen aldeko latinoak” taldeko kubatarrak deportatzen ikusteak badauka karma kutsu bat; besteak zigortuz beren burua salbatu nahi izan dute eta berdin-berdin atxilotu eta kanporatu dituzte), somaliarren aurkako pogrom-ak sustatzen saiatu zen, dirulaguntzen iruzur bat aitzakia hartuta.
Kaliforniatik Washingtonera eta Chicagora, lezioak ikasita hartu zituzten minnesotarrek. Online antolatuta, milaka lagunek bat egin zuten kale izoztuetan ICEren jarduna zailtzeko asmoz: etengabe bozinak eta txistuak joz, auzokideei ohartaraziz senide edo auzoak bahitzera zetozen matoiak inguruan zebiltzala, jatetxeetan sartzen ez utziz, eta loa galaraziz sarri, hotelen inguruetan protesta eginez. Ahalik modu anonimoenean antolatu dira, Etxe Zuriaren mendeku goseaz jakitun. Erresistentzia inork berarentzat aldarrikatzea ere eragotziz, antolamendu erabat horizontalean, eta aldeko erakundeak -gobernadorea, alkatea, hiriko polizia eta Estatuko Guardia Nazionala- aliatu izan daitezkeela jakitun.
HERRITARREN ESKUBIDEAK
Josu Goikoetxearen “Lakioa” liburuko ipuinetako batean, George Floyden eta Iñigo Cabacasen hilketak aztertu nahi dituen ikasleari kasuak parekoak ote diren galdetzen dio unibertsitate irakasleak, «Parekoak ez. George Floyd hil zuen polizia kartzelan sartu zuten». AEBn, bere arazo eta miseria guztiekin, oso txertatuta dagoen eskubide batean erabat sinetsi dute: Konstituzioaren lehen zuzenketak elkarretaratzeko, protestarako eskubidea bermatzen du, baita adierazpen askatasuna ere. Greg Bovinok nazi itxura indartuz zapaltzen zituenean Minneapoliseko kale elurtuak, Kristi Noemek Renee Goodi «barne terrorista» deitzen zionean, Stephen Miller “lehen ministroak” atxiloketa eta egur gehiago ematea eskatu duenean, hortxe egon dira herritarrak, protesta eskubidea dutela jakitun, eta telefono mugikorra aldean. Bistan da Trumpen erretreta partziala beste nonbait kolpea emateko abiapuntua izan daitekeela. Baina horri zelan aurre egin ere nabarmen geratu da asteotan.
Ahalduntze ariketa masiboa izan da Minnesotan. Herritarrek adierazpenerako eta protestarako eskubidea daukatela jakitun. Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian delitutzat hartzen dira agenteei errespeturik ez izatea edo irain egitea. AEB oso urrun dago herrialde perfektua izatetik, baina «sasikume hiltzaile» deitzea ez da delitua. Ez dago mozal legerik demokrazia batean oinarrizkoa beharko lukeena eragozteko: boterea daukana fiskalizatzea. “The New York Times’-ek berehala gezurtatu zuen Gooden hilketaren bertsioa. Prettik pistola behin ere ez zuela hartu erakutsi zuten, herritarren bideoei esker, eta inolako motiborik gabe hamar tiro eman zizkiotela.
Thomas Jeffersonen esaldi ezaguna da hau: «Egunkaririk gabeko Gobernuaren eta Gobernurik gabeko egunkarien artean, azken hori hautatzen dut». Minneapoliseko bataila herritarren erresistentziaren adibide da. Estatubatuarrek oso barneratuta daukate hori. Eta onenetakoak dira mitoak eraikitzen ere. Bruce Springsteenek egin du aurreko astean, eta uste baino lehen izango dugu pantailetan ere, egon ziur.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
