Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Athleticek Atletico bisitatuko du, Kopari berrekinez

Kopako final-laurdenak jokatuko dituzte asteazken honetan Alcalan (18.45). Lesioak bizkaitarren lana konplikatzen ari dira eta talde madrildarrak bolada txar luzea bizi du. 

Gazteak protagonismo handia izaten ari dira.
Gazteak protagonismo handia izaten ari dira. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Hirugarren txapelketari ekingo dio Athleticek urte hasiera gogor honetan. Ligan etenaldiaren aurreko goranzko ibilbideari jarraipena eman eta Superkopan debutan galdu ondoren, zuri-gorriek Kopari berrekingo diote orain. Asteazken honetan Atletico Madrilen aurka jokatuko dituzte final-laurdenak (18.45), partida bakarrera erabakiko duena zein talde heltzen den txapelketaren azken-aurreko mailara.

Talde bakoitzak baditu bere arazoa neurketaren atarian. Athleticen kasuan, erizaindegiari dagozkio gehienbat. Javi Lergak Ligako azken partidarako egin zuen deialdia ikusi besteri ez dago konturatzeko: bigarren taldeko zazpi jokalari sartu ziren hogeiko zerrendan. Lezaman emandako prentsaurrekoan, entrenatzaile nafarrak ez du argitu Maite Zubieta –orkatila bihurrituta galdu zuen Espanyolen aurkako partida– edo Adriana Nanclares –Real Madrilen aurkako norgehiagokan buruan hartu zuen kolpetik errekuperatzen dihardu– hitzordu honetarako bueltan egongo badiren. «Azken ordura arte ez dugu jakingo, hainbat ariketa egiten ari dira iritsiko diren ala ez ikusteko eta bihar bertan jakingo dugu», azaldu du entrenatzaile nafarrak Lezaman eskainitako preutsaurrekoan. Nolanahi ere, «garrantzitsuena osasuna» dela azpimarratu du «eta ez dugu arriskurik hartuko».

Azkenean Zubietak eta Nanclaresek bidaiatzeko aukera badute ere, bajen zerrendak oso luzea izaten jarraituko du, eta, beraz, Lergak onartzen du «bihar ere egongo dela lagunduko digun jendea». Hau da, deialdian egongo direla bigarren taldeko futbolariak beste behin ere. Protagonismo handia izaten ari dira eta «klubak oso osasun ona» duela nabarmendu du entrenatzaileak ildo honetan. ««Nik ez diot NANari begiratzen jokalarien aldeko apustua egiterakoan, eta hemen baldin badaude, prest daudelako da. Jakina, garapen-prozesu luzeagoa behar dute, baina zirkunstantzien ondorioz, haien partehartzea behar izaten ari gara eta lehen taldeko beste edozein jokalari bezeala laguntzen ari gaituzte».

Atleticok ere baditu jokalari lesionatutak, gutxiago baina garrantzitsuak, eta Gabi Garcia bezalako oinarrizko futbolaria galdu du neguko merkatuan. Baina bere arazoak aspaldi hasi ziren. Izan ere, azaroaren 16tik ez da partida bakarra irabazteko gai izan. Ezta Kopan ere, final-laurdenetarako txartela penaltietan eskuratu baitzuen, Alhamarekin berdindu ondoren. Ligan bosgarren postura jaitsi da, Europatik hamar puntura dago eta azken hilabeteotan, bere poztasun bakarra Txapeldunen Ligako play-ina jokatzeko sailkatzea izan da. Hain da kezkagarria egoera, klubak Victor Martin entrenatzailea kargugabetu duela ere. Jose Herrera ez da zenbaki hobeekin hasi eta joan den larunbatean berdindu besterik ez zuen egin Granadarekin etxean. Panorama horrekin, Koparen garrantzia bikoiztu egin da madrildarrentzat.

Athleticentzat ere handitu egin da txapelketaren garrantzia, azken hilabeteetan egindako ibilbide onak ez duelako konpentsatzen Ligako hasiera eskasa eta Europa utopia bilakatu da. Pozak, neraz, beste nonbait bilatu behar dira. Lerga ez dago ados. «Ez dut uste Kopa ihesbide bat denik. Intentsitate, emozio, poz eta ilusio berarekin ekiten diegu Kopari eta Ligari», esan du.

Kasu guztietan asko da. Koparen kasuan, lehenengo helburua finalerdietara iristea da, eta horretarako, bizkaitarrek «zaurituta dagoen eta egoerari buelta emateko gogoa» duen aurkaria gainditu beharko dute. Jose Herreraren etorrerarekin bere joko-egitura aldatu du Atleticok. Talde «bertikala da eta protagonista izan nahi du baloiarekin. Jokoaren eraikitzetik nagusitzen saiatzen dira eta jokalari oso erabakigarriak dituzte azken herenean. Partida bat erabaki dezaketen jokalariak dira. Adi-adi egon beharko dugu».

Zaila izango da baina Lerga baikorra da. «Ondo gaude. Taldeak berregiten jakin izan du eta ederki lehiatzen ari gara. Konfiantzaz eta erronkari aurre egiteko prest sentitzen gara. Partida bat da, Atleticoren aurka eta bere etxean jokatzen dugu, baina kanporaketa gainditzeko prest gaude», azpimarratu du.

Alcalako partidak emango die hasiera final-laurdenei. Realak ostegunean jokatuko du, Badalona Zubietan hartuz. Honako hauek dira kanporaketa guztiak:

Asteazkena:

Atletico Madril - Athletic (18.45, TDP)
Madril CFF - CA Tenerife (19.00)

Osteguna:

Real - Badalona (19.00, RFEFTV)
Real Madril - Bartzelona (21.00)