
Cannes zinema jaialditik eta Donostia Zinemaldiko Perlak Sailetik igaro ostean, zinemetara iritsiko da ‘Mamlaket Al-Qasab’ film irakiarra. Pelikulak komedia eta drama nahasten ditu, naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta fabularen lurraldean barna ibiltzen da. Sinpletasunaren mozorroa darabil, baina azaldu nahi duena sinplea izatetik oso urrun dago.
Lamia izeneko bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotuko da, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea nagusi da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokituko zaio; baina ez du ez osagairik, ezta dirurik ere. Hala ere, tarta derrigorrez eraman behar du, bestela ondorio latzei aurre egin beharko die.
Narrazioaren ardatza osagaien bilketa izango da; baina bilaketa hori, funtsean, aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Lamiak biziko dituen gorabeherak eta oztopoek markatuko dute kontakizunaren erritmoa eta tonu aldakorra. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatuko da hasieratik eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtzen da. Gazteak era askotako gertaerak bizitzen dituen bitartean –tartean Saeed izeneko beste haur bat ere batuko zaio– herrialdearen egoeraren lekuko bihurtzen gara.
Hasan Hadi
Hasan Hadi zinemagile irakiarra indartsu azaldu da nazioarteko zinemaren panoraman, bere herrialdeko bizitzari buruz duen begirada pertsonal eta sakonki gizatiarrari esker.
Film honek mugarri historikoa ezarri du Irakeko zinemarentzat: Canneseko Zinemaldian hautatua izan zen herrialdeko lehen film luzea izan zen, eta, gainera, debut onenari ematen zaion Caméra d’Or saria eta 2025eko Directors’ Fortnight Audience Award saria irabazi zituen. Sari horiek Hadiren indar narratiboa eta sentsibilitate zinematografikoa azpimarratzen dituzte.

EH Bildu refuerza su acción política con la aportación de David Fernàndez

EGI disfraza a Otegi y Aizpurua de guardias civiles y le responden con su denuncia de torturas

Tres personas fallecidas en un accidente laboral en una instalación ganadera de Pitillas

GARA eta Gu ere bai batu egin dira, Euskal Herriko selekzioen aldarria kalera ateratzeko xedez

