
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskal Wikilarien Elkarteak (EWKE) ‘Diximet’ web ataria euskaratu dute, 6 eta 12 urte arteko neska-mutikoekin pediatriari buruz euskaraz aritu ahal izateko tresna gisa. Webguneak medikuntza hiztegi orokorra, giza gorputzaren atlasa eta infografiak biltzen ditu, neska-mutilek erraz erabiltzeko eta galderak egiteko moduan.
Txikipediarekin hasitako bideari jarraituta sortu dute ekimen berria EHUk eta EWKEk, zientzien oinarrizko gaiak euskaraz eta librean egon daitezen. Horrela, katalanez, gaztelaniaz, galegoz eta ingelesez lehendik zeuden bertsioei euskarazko «Diximet» gehitu zaie orain.
Zarauzko Orokieta Herri Eskolak parte hartu du proiektuan, eta bertan aurkeztu dute aste honetan. Aurkezpenean izan dira Rosa Estopa, Pompeu Fabra Unibertsitateko kide eta proiektuaren sortzaile eta zuzendaria; EHUko eta EWKEko ordezkariak; eta herri eskolako ikasleak.
Pompeu Fabra Unibertsitateko IULATERM ikerketa taldeak abiarazi zuen proiektua, eta beste unibertsitate batzuetako hizkuntzalari eta terminologoek ere parte hartu zuten «Diximet»eko edukiak aholkatzen, Bartzelonako Hospital del Mar eta Gironako Medikuen Elkargo Ofizialeko pediatrekin batera.
Estopak azaldu duenez, «Diximet plataformak osasunaren inguruan hitz egiteko eta medikuntzako kontzeptuez aritzeko balio du, baina umeek ulertzeko moduan. Kasualitatez sortutako ekimena izan zen; alabaren galderei erantzun nahian, umeentzako egokitutako hiztegirik ez zegoela ohartu nintzenean sortu zen ideia».
Gogorarazi du 20 eskolak eta 3.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu zutela proiektuaren garapenean, eta euskarara ekartzea azpimarratu du, «proiektu globala» baita «eta etorkizunean neska-mutil gehiagok erabil dezaten».
Bestalde, Igone Zabala, EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak, adierazi du «inspiragarria» izan dela horrelako materialarekin lan egitea: «Metodologikoki oso ondo landutako ekimena da, eta luxua izan da proiektua euskarara ekartzeko lan egitea».
Azaldu duenez, Elhuyarrek itzuli ditu testuak, EHUko hizkuntza zerbitzuekin eta Terminologia Plangintzarako zuzendaritzarekin elkarlanean, eta Zarauzko Orokieta eskolarekin batera aritu dira grabaketak egiten, «eurentzat, umeentzat, 6 eta 12 urte arteko neska-mutilentzat egindako tresna baitira».
Gainera, ezinbestekoa izan da EWKErekin elkarlanean aritzea, zientzien oinarrizko edukiak euskaraz eta modu librean eskaintzeko helburua baitzuten aurretik Txikipedia proiektuarekin ere, EHUko Hezkuntza Eskolako etorkizuneko irakasleentzako tresna gisa.
Ikasleen parte-hartzea
«Diximet» webaren euskarazko bertsioari ahotsa jarri diote Zarauzko Orokietako 80 ikaslek, irakasleen laguntzarekin. Ikastetxean duten irrati-estudioan grabatu dituzte ahotsak, eta bi ikaslek ere parte hartu dute aurkezpenean.
Lehen Hezkuntzako 6. mailako Nahiak eta Beñatek azaldu dutenez, asko ikasi dute ekimenarekin, nahiz eta definizioen grabaketak errepikatu behar izan dituzten tarteka, «batzuk beste batzuk baino zailagoak zirelako azaltzeko».
Arantzazu Fernández de Arroiabe, Orokieta Herri Eskolako Ikasketa-buruak, esker ona adierazi die parte-hartzaileei eta erakutsitako arduragatik zoriondu ditu. Gurasoetako batzuk ere izan dira gaurko aurkezpenean.
Hiztegiaren edukia eta helburua
Pediatriarako hiztegi hau 6 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Medikuntza orokorreko hiztegiaz gain, giza gorputzaren atlasa eta infografiak eskaintzen ditu, osasunari eta medikuntzari buruzko informazioa modu errazean eta ulergarrian azaltzeko.
Hiztegiak 300 termino baino gehiago jasotzen ditu, eta definizioek ikasleek egindako marrazkiak eta audioak dituzte lagungarri. Gainera, covid-19ari buruzko hiztegi osagarria ere gehitu da.
«Diximet» baliabide digital erabilgarri gisa sortu da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastegiek osasunari eta hizkuntzari buruzko hezkuntza-proiektuak garatu ahal izateko. Orain asmoa ekimena zabaltzea eta ahalik eta haur eta ikastetxe gehiagorengana heltzea da.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
