Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘Elles aussi’, emakumezko talde batek sortutako mistoko bide gogorra

Melanie Grünwald eta Fay Manners dira Tête aux Chamois-eko (Suitzako Alpeak) proposamenaren (135 m) egileak. Austriarrak eta britainiarrak gehienez M7+ maila gainditu zuten; guztiz era askean igotzeko, tarte txiki bat (A0) falta izan zitzaien.

Fay Manners sokaburu 'Elles aussi' bidearen luze batean.
Fay Manners sokaburu 'Elles aussi' bidearen luze batean. (Melanie GRÜNWALD)

Nahiz eta azken urteotan joera aldatzen ari den, ez da ohikoa mistoko eskalada gogorretan emakumezkoak bakarrik ikustea. Nolabait esateko, egoera hori pixka bat irauli dute Melanie Grünwaldek eta Fay Mannersek. Austriarra eta britainiarra gai izan dira Tête aux Chamois-en (Suitzako Alpeak) 135 metroko proposamen berri bat sortzeko eta igotzeko: “Elles aussi”. Zailtasun tekniko azpimarragarriak ditu. Gehienez M7+ maila gainditu dute. Oso gutxigatik bada ere, bi protagonistok ezin izan diote puntu gorria jarri edo guztiz era librean kateatu. Izan ere, zati txiki bat era artifizialean (A0) gainditu dute. Jarduera hiru egunean egin zuten: urtarrilaren 21etik 23ra.

Baten batek esango du ibilbide berria laburra dela. Eta horrela da. Baina aipatu bezala, jarduera horrek bestelako joera bat erakutsi du: bi emakumezkok osatutako sokadak mistoko marra gogor bat sortu eta eskalatu du. Manners da talde horretako igotzaile teknikoena. Alpeetan bizi den britainiarrak azaldu duenez, bera izan da helburu horren bultzatzaile nagusia: «Negu honetako hainbat unetan elurra oso ezegonkor egon da eta baldintza nahiko lehorrak izan ditugu. Horrek guztiak mistoko eskaladan zer edo zer egitera motibatu nau. Eskoziara joateko asmoa nuen baina, hemengo baldintza egokiak ikusita, otu zitzaidan etxean bertan neguko abentura bat egitea. Melaniek eta biok sortutako bidea Tête aux Chamoiseko lehena da. Horretaz gain, esan behar dut ingurumari horretan emakumezko talde batek zabaldu duen lehen proposamena dela. Azken eite horri dagokionez, aitortu behar dut neskaz osatutako talde gutxi daudela mistoko bide berriak zabaltzen dituztenak. ‘Elles aussi’ urrats txiki bezain esanguratsua da. Bederen, egoera hori irauli ahal izateko. Guztiz era librean eskalatzea falta da, eta hori neska talde batek lortuko balu, pozarren izango ginateke».

Bi alpinistek Tête aux Chamoisen sortutako ibilbide berria. (Melanie GRÜNWALD)

Grünwaldek, bestetik, esan du Mannersek jarduera hori egiteko proposamena egin zionean pare bat gauza argitu ziola; batetik, mistoko ibilbide gogorretan eskarmentu mugatua duela, eta, bestetik, dry-toolinga berarentzat berria dela. Alabaina, austriarrak abentura horren aldeko apustua egin zuen: «Nire lehen esperientzia berezia izan da. Horman hiru egun egin genituen ibilbide zorrotz bat sortzen eta eskalatzen. Pioletak eta kranpoiak arrokan ondo kokatzen eta txertatzen denbora errealean ikasi nuen. Oso  gogorra izan zen. Hotza. Beldurgarria. Lehen bi egunetan ez nengoen ziur jarduera hori biribiltzeko gai izango ote ginen. Fayk erorikoa izan zuen bide erdian. Aurrera jarraitu eta goitik atera ginen. Fayk izan duen adorea txalotzekoa da. Proiektu hori mamitu zuen, eta horri garrantzi handia ematen diot. ‘Elles aussi’-n egin duguna ez da soilik igoera bat izan. Diziplina anitzeko kontu batean murgildu ginen; hots, eskalada mistoa, dry-toolinga, eskia eta logistika lotu dituena. Hormatik jaisten ginen bakoitzean, eskiak jarri eta aldats pikoak jaisten genituen motxila astunekin eta erabat nekatuta. Nahiz eta gogorra izan den, barre egin dugu. Gure jarreran sinetsi dugu eta emaitza eder bat lortu. Kontuan hartu behar da mistoko eskalada gogorra oraindik gizonezkoek menderatzen dutela».

Jarduera osoa

Bi alpinistok NAIZi bidalitako oharrean diote Manners izan zela helburu horren bultzatzailea. Azken neguetan ingurumari horretan mistoko eta dry toolingeko aukera berriak esploratzen eta aztertzen izan da. Lan horretan asko lagundu zion Simon Châtelanen ‘Dry tooling et Miste’ gidaliburuak. Ekipatu gabe zeuden balizko zirrikituak bilatzen jardun du. Britainiarrak adierazi du eskiko eta alpinismoko beste arlo batzuk praktikatzeko baldintzak ez daudenean mistoaren aldeko apustua egiten duela. Hor aurkitzen du oasia.

Châtelanen zenbait marra eskalatu ondoren, harekin harremanetan jarri zen, eta esan zion bertako eskalatzailea denez Tête aux Chamoisen bide berri bat zabaltzeko asmoa zuela. Châtelanek erantzun zion bikain iruditzen zitzaiola, besteak beste, eskalatzaile gutxi daudelako neguko marra berriak sortzeko motibatuta.

‘Elles aussi’ sortu den ingurua, Tête aux Chamois, Pillon izeneko lepoaren azpian dagoen teleferikoan kokatuta dago. Leku berezia, alde guztietatik begiratuta. Black Tunnel-ean du sarbidea; oso ezaguna, muturreko eskia praktikatzen duten eskiatzaileentzat. Tunel amaieran Black Wall dago; hots, 3 kilometro eta 1.000 metroko desnibela dituen jaitsiera. Hori aski ez, eta 45 graduko aldatsak eskiatu behar dira. Diotenez, Alpeetako ibilbide pikoenetakoa da.

Hori esan eta gero, argi geratzen da Manners ez zebilela soilik eskalatzaile baten bila. Eskiatzaile zaildu bat nahi zuen alboan, motxila astunekin horman igarotako orduek sortzen duten nekearen ondoren sekzio tente horiek segurtasunez eskiatuko zituena. Britainiarrak bazekien neguko mistoko eskalada batean murgiltzeko kide bat lortzea zaila izango zuela. Izan ere, bide berri bat zabaltzeak egun luze hotzak eta garraio astunak eskatzen ditu, baita zalantzak sortu ere. Grünwald abentura horretan batu zitzaion. Bost urte zeramatzan lesio bategatik geldirik, baina iragan udaran alpinismora itzuli zen Alpeetan eta Ama Dablamen bakarkako igoerak eginez.

Eskaladako lehen bi egunek asko eskatu zieten maila fisikoan zein mentalean. Bidearen oinarrira heltzeko, elur-hauts sakona izan zuten; arroka, berriz, nahiko hauskorra: «Elur pixka batekin samurra izango zen, baina horren ordez mugimenduak arreta handiz egin behar izan genituen. Lehen bilgunea harkaitz sendoan antolatu genuen. Hortik aurrera, berriz, zailtasun teknikoak iritsi ziren».

Lehen luzearen ondoren, tximinia lehor, fin eta zehatza eskalatu behar izan zuten pioletekin eta kranpoiekin. Pixka bat gorago, bi sabai handik babesten dute ibilbide hori. Lehena, zeharkaldi batekin saihestu zuten. Bigarrenak, aldiz, eskalada zuzena, pikoa eta zailtasunean iraunkorra eskatu zituen.

Grünwald eta Manners, mistoko jarduera gogorraren protagonistak. (Melanie GRÜNWALD)

Igoera osoan Manners sokaburu joan zen, ahalik eta gehien librean igotzen. Eroriko handi bat izan zuen, eta, ezusteko horren ondoren, babesteko tresneria eta txapak segurtasunez jartzeko metro gutxi batzuk era artifizialean egin zituen. Protagonistok diote hurrengo luzeak kalitate handikoak izan zirela arroka trinkoan. Metro horietan elurrez eta belar izoztuz beteta zeuden artesiak gainditu behar izan zituzten. Azken luzean, berriz, kimikoak aurkitu zituzten. Hain zuzen, 2003an Lador Bertrandek goitik jarritakoak. Mannersek parabolt berriak jarri zituen eskuinetik irten ahal izateko.

Elurte handi bat iritsi baino lehen, Grünwald eta Manners “Elles aussi”-ren lan guztiak biribiltzeko gai izan ziren hiru eguneko jarduera gogorrean. Orain bide osoari puntu gorria jartzea falta da: «Polita izango litzateke emakumez osatutako talde bat izatea gure bidea errepikatu eta era askean igotzen duena».