
‘Jai-Alai’ da Gaizka Arostegi idazleak argitaratu berri duen nobelaren izenburua. Honek aditzera eman duenez, zesta puntari buruzko istorio bat da, euskaraz idatzi den lehenengoa. Zehazki, kirok honek munduan zehar izandako ospea hartu du abiapuntu ETBko kiroletako emakizunetan lan egin izan duen Arostegik.
Asteazken honetan aurkeztu du bere lan berria Gaizka Arostegik, Ekar argitaletxeko Xabier Mendiguren editoreak lagunduta. Idazleak azaldu duenez, zesta punta «kirol soil bat baino gehiago» delako erabaki zuen honen inguruan nobela ontzea. Munduan mende bat baino gehiagoko ibilbidea duela azpimarratu du, esate baterako, Estatu Batuetan, Kuban, Argentinan, Txinan, Egipton edo Filipinetan.
«Beste kirolek ez daukaten xarma berezia eta epika» ditu zesta puntak, idazlearen hitzetan. «Bizitzaren metafora bezala», grina, pasioa, borroka, dirua, sexua, arrakasta eta porrota ere tartean daude. Beraz, «osagai horiekin zirraragarria da idazle batentzat liburu bat idaztea», adierazi du.
Martin Larralde da liburuaren protagonista, izenarekin Ruper Ordorikaren kantari keinu bat eginez, Arostegik azaldu duenez. Urte askoan munduko frontoietan ibilitako puntista da Larralde eta Euskal Herrira Cadillac Eldorado batean itzultzen denean hasten da eleberria, 1989ko Estatu Batuetako pilotarien grebarekin batera.
1976an partida gogoangarri bat irabazi zuen protagonistak, baina bere distira itzalixea dago geroztik, bere gorputz segaila ere alkoholak eta desengainuek apur bat makurtuta. «Ez da gizon erraza eta orbaindu gabeko zauriak ditu bihotzean eta gorputzean», azaldu du idazleak. Ameriketan arazoetan sartu denez, ihes egin du, baina «oso zaila da norbere buruarengandik ihes egitea» eta etsai eta maitale zaharrak eta aspaldiko mamuak topatuko ditu.
Eleberria bi denbora espaziotan gertatzen da, biak tartekatuta. 1970ko hamarkadako Miamin, alde batetik, zestalarientzat «urrezko urteak» izan zirenetan, «benetako idoloak» ziren garai horretan. Bestetik, Larralderen itzulerarekin, 1980ko hamarkadaren bukaerako Euskal Herrian, «bizi zen giro nahasiarekin, krisialdi ekonomikoarekin eta heroinaren izurritearekin», laburbildu du idazleak.
Dokumentazio lana
Miamin ez dela sekula egon aitortu badu ere, eleberria idazteari ekin baino lehen, «ahal nuen guztia» dokumentatu zen Gaizka Arostegi, izan ere, «lotsagarria izango zen hanka sartzea». Horretarako, puntista ohiekin hitz egiten eta irakurtzen ibili zen, istripu batek hilabete batzuez etxean geratzera behartu zuenean.
Liburuaren gaia bururatu ostean, irudi batetik jaiotzen dira Arostegiren eleberriak. Kasu honetan, azalean Euskal Herriko errepide batean irudikatutako Cadillak autoaren irudiarekin hasi zen. «Eleberri bat idaztea errepide batean bidaia egitea bezalakoa da, bidegurutzeak daude eta bideak aukeratu behar dira», laburbildu du Gaizka Arostegik.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

