«Larrialdietara joan naizen bakoitzean esan dut: ‘Eskerrak hau utzi nuela!’»
Galdakaon harrapatu dugu hurrengo astean Metrokoadroka taldearekin estreinatuko duen lan berri bat entseatzen. Bien bitartean, Javier Barandiaran aktoreak (‘Karmele’, ‘Handia’...) bidea utzi dio bere alter ego-ari, J.B. Pedradas-i. Asteburuan La Fundicion aretoan estreinatuko du ‘La fiesta fiesta’.

Bere «bakarkako erokeria eszenikoei» bide ematen die Javier Barandiaran aktore donostiarrak J.B. Pedradas-ekin. Zineman ikusi dizkiogun rolekin ez dator bat (Asier Altunaren ‘Karmele’ filman, esaterako, protagonistaren aita isil eta sakona gorpuztu du) oholtzaren gainean erakusten duen umore surrealista eta, solasaldietan, erakusten duen umore beltz ukituarekin.
Baina, hor dago, bor-bor, J.B. Pedradas, antzerkigintzan –Ados Teatroa, Trapu Zaharra, Hika, Théâtre du Rivage, Théâtre du Versant...– urteak daramatzan aktorearen baitan.
Asteburuan (larunbata 14 eta igandea 15) Bilboko Deustuko La Fundicion areto beteranoan estreinatuko du, gaztelaniaz, ‘La fiesta fiesta’, bakarkako lan bat. «Bertan umore erabat pertsonala, antzerki fisikoa eta butoh dantza nahasten ditu emaitza barregarri bezain surrealista lortzeko», aretoaren arabera.
J.B. Pedradas zure heteronimoa da. Nor da J.B. Pedradas?
Zein den? Ni naiz. Bueno, alter ego bat da, zeini baimena ematen diodan nire barruko edo bestela esatera ausartuko ez nintzatekeen gauzak esateko. Baimena ematen diot eta berak nahi duena egiten du. Barru-barruko mobidak ateratzera ausartzen da. Nik bakarka egiten ditudan lanak J.B. Pedradas izenarekin sinatzen ditut.
‘La fiesta fiesta’ lanaren sinopsia irakurrita, jai baten erdian senti dezakezun bakardadeari buruz mintzatzen zarela iruditu zait.
Horretaz asko hitz egin dut: bakardadeari buruz eta eromenari buruz... Urteak betetzen goaz eta gauza batzuk geroz eta hurbilago ditugu: hondoratzea, gaixotasuna... heriotza ere geroz eta gertuago dugu eta baita ere heldutasuna...
Heldutasuna? Zahartzaroa izango da.
Hori ez esateagatik aipatu dut heldutasuna. Baina, bai, zahartzaroaren atarian gaude eta, nahi eta nahi ez, une horretaz hausnartzen hasten zara, zeren ikusten duzu dagoeneko ez zarela gaztea, sartzen zarela azken txanpan eta nola egin aurre azken txanpa horri? Okurritu zitzaidan neurri batean ere hartu zezakeela ikuspuntu hori: atzera begiratzen duzu eta zure bizitza ikusten duzu nola izan den. Bueno, aurretik oraindik zerbait gelditzen zaigu, baina egin beharreko guztia jada egina duzu. Eta zer izan da egin duzun hori?
Nik nahiago nuke pentsatzea festa bat izan dela. Gainera, nik ez dut sinesten heriotzaren ondorengo bizitzan, baina, sinistekotan, esango nuke beste festa bat dela, baina handiagoa.
Lan hau nire umore aldaketa baten ere isla izan daiteke, zeinetan, zergatik hainbeste sufritu? Zergatik hainbeste gauza gaizki hartu? Agian mementoa iritsi zait niri ere pentsatzeko: hemen disfrutatzeko gaude eta goazen ospatzera ospatzeko dagoen gutxi hori!
Baina ze adin duzu ba? Oraindik aurretik duzu...
Nik 56, 57rako bidean [barreak].
«Gurean, antzerkian eta zineman dagoen indar eta sormenak egiten du talka egitura burokratiko pixka bat zaharkitu baten kontra»
Itzul gaitezen estreinaldira: umorea, antzerki fisikoa eta dantza erabiltzen dituzu.
Bai. Ni beti izan naiz oso testu zalea. Baina zenbat eta zaharragoa naizen, are eta gehiago mugitzen naiz oholtzaren gainean. Ez dakit zer gertatzen zaidan. Sartu zait gogoa pixka bat gorputzarekin adierazteko eta hor gurutzatu zitzaidan butho dantza, Ainhoa Alberdirekin egindako tailer batetik abiatuta. Hendaiako Borderline espazioan egin genuen iaz eta diziplina hori oso aproposa da istorio hau kontzeko.
Butho, japoniar dantzan, inprobisazio mota bat da, ezta?
Japoniatik datorren disziplina batean du oinarri da eta haiek esaten dutena da inkontzienteak dantzatzen duela.
Gaztelaniaz egin duzu lan hau, baina euskaraz asko lan egin duzu antzerkian eta zineman. Euskal antzerkiaren susperraldi bat dagoela esango nuke, ezta?
Nik esango nuke heldutasun pixka bat dagoela. Badaramatzagu hamarkada batzuk antzerkia garatzen zonalde honetan edo territorio honetan, eta pixkanaka antzerkigintza bat eraikitzen ari da.
Zinemagintzan, berdin. Honen inguruan, ‘Karmele’ filmean egiten duzun Karmeleren aitaren paperak, txikia izan arren, atentzioa eman du. Liburuan garrantzia ez duen pertsonaiak, zineman, ordea, badu.
Eskaini zidatenean, Kirmen Uriberen liburua (‘Elkarrekin esnatzeko ordua’) irakurri nuen eta joan nintzen azpimarratzen Franciscori buruz agertzen zen informazio guztia. Ezer gutxi esaten da, eta guk pertsonaia asmatu behar izan genuen. Asier Altunarekin eta Nagore Aranbururekin batera osatu genuen familia hori eta egia da bihurtu zela pertsonaia bat, ez dakit nola esan, kontrapuntu bat dena, indarra hartzen duen presentzia bat. Oso ondo pasa genuen eta oso gustura batu nintzen filme horretara.
Medikuntzan litzentziatua zara. Zerk bultzatuta utzi zenuen, aktore izateko?
Konturatu gabe izan zen. Ikasketak egin nituen eta gero egin nuen familiako medikuarena Gasteizen... baina ikasketak egiten nituen bitartean, antzerki talde batean aritu nintzen eta festetan animatzailea edo showa muntatzen zuena nintzen. Beti gustatu izan zait, baita eskolan ere. Familiako medikuarena bukatu eta gero lan pixka bat egin nuen eta, bueno, bat-batean konturatu nintzen askoz hobeto pasatzen nuela eszenatokiaren gainean eta hobeto egiten nuela. Eta, gainera, nik egiten nuenaren ondorioak ez zirela hain larriak. Ardura gutxiago eta dibertimendu gehiago.
Beti Garbi Losada aipatzen dut, bera izan baitzen aukera hau hartzeko konfiantza eman zidana. Berarekin hasi nintzen lanean ofizio honetan.
Ez al zara sekula damutu?
Ospitalera edo larrialdietara joan naizen bakoitzean esaten dut: ‘Eskerrak hau utzi nuela! Eskerrak ez nagoela mahaiaren alde horretan!’.
Nola ikusten dituzu gaur egungo antzerkia eta zinema gurean?
Arte eszenikoetan orokorrean, dantza ere sartuko nuke pakete horretan, Euskal Herriari buruz hitz egiten badugu, badago sorkuntza aldetik ehun potente bat. Gero indar eta sormen horrek guztiak egiten du talka egitura burokratiko pixka bat zaharkitu baten kontra. Badaude egitura batzuk aldatzen ez direnak edo, aldatzen badira, ez era eraginkorrenean, eta horrek kontra egiten dio sormen guzti horri. Eta neurri batean ez dio uzten hazten behar duen bezala.
Nik esango nuke zineman gauza bera gertatzen dela: eredu zehatz bat dago, euskal zinemaren industria bat sortzearena eta mentalitate ekonomiko batekin, eta esango nuke horrek ez diola uzten Euskal Herrian egin zitekeen zineari hazten hazi beharko lukeen bezala.
Antzerkian ere asko sortu baina gutxi programatzen dela esango nuke, ezta?
Nik beti ikusi izan dudana da diru publiko asko inbertitzen dela ekoizpenetan eta oso gutxi emanaldietan. Jakin behar da ere diru gutxiekin sortzen, baina gero ordaina baduzu... hau da, lau sosekin egindako zera batekin 20 ‘bolo’ edo emanaldi baldin badauzkazu, behintzat erakutsi ahal izango duzu zure lana. Orduan, nire ustez, gastatu beharko litzateke gutxiago ekoizten eta gehiago gauzak erakusten. Publikoa egiten da horrela, ikuslegoa gauzak ikustetik sortzen da eta.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

