Xabier Izaga

BatBatean, tokiko eszenatik jendearekin bat egiteko jaialdia

Jimmy Jazz aretoak antolatutako Bat Batean jaialdiak 45 talde eta 19 DJ bilduko ditu maiatzaren 15 eta 16an Gasteizko Mendizabalan, Euskal Herri osoko musika komunitatearentzat belaunaldi arteko topagunea berreskuratzeko xedez.

Jaialdiaren antolatzaileak Jimmy Jaz aretoan
Jaialdiaren antolatzaileak Jimmy Jaz aretoan (Endika PORTILLO | FOKU)

Abian da BatBatean jaialdiaren prestaketa. Jimmy Jazz aretoak antolatuta, lotuta dauzka dagoeneko maiatzaren 15ean eta 16an Gasteizko Mendizabalan batuko diren musika taldeak eta DJak, Gasteizko eta Euskal Herri osoko musika komunitatearentzat belaunaldi arteko topagunea berreskuratzeko lehen pausoa izango den jaialdiaren lehen edizioan.

Astearte honetan eman duen prentsaurrekoan, jaialdiaren kartel osoa aurkeztu dute. Joan den abenduan, jaialdiaren berri eman zutenean, 21 talde eta bost DJk osatzen zuten kartela, baina behin betikoa osatzeke zegoela ohartarazi zuten. «Harro» esan dutenez, guztira 45 talde eta 19 DJ izango dira, bost agertokitan banatuta, eta musika elektronikoari eskeinitako gune berezi bat,food trucks gune bat eta kanpaleku bat ere egongo dira. 

BatBatean musika jaialdia da, jakina, baina ez ohikoa. Tokiko eszenatik sortutako proiektua da, «aretoetatik, asteburuko kontzertuetatik eta asteburuero kontzertuetara doan jendearengandik, urte osoan zehar musika zuzenean bizirik sostengatzen duen komunitatetik». Jaialdiaren ideia sortu zenetik, helburu argia izan dutela diote: tokiko taldeei garrantzia eman eta Euskal Herriko musika eszenan dagoen estilo aniztasuna agerian uztea. 

Aurkeztu duten kartelean nabarmen agertzen da aniztasun hori. Euskal Herriko eta Estatuko denetariko artistak daude; horietako hainbatek «aretoak betetzen dituzte, badute publikoa, ibilbidea eta diskurtsoa, baina askok ez dute tokirik aurkitzen jaialdi handietan, izen txikiak haietatik kanpo geratzen dira». Hala, Bat Batean jaialdiak «hiriko esparru klasiko bat» itzuli nahi dio tokiko eszenari, Gasteizko eta Euskal Herriko musika komunitatearentzat adin guztientzako topaketa bihurtuta. 

Hierarkia artifizialik gabe, jendearekin bat eginda 

Gaur egun musikan gertatzen ari dena islatu nahi du jaialdiak, «hierarkia artifizialik» gabe eta jendearekin bat egiten duten proposamenen alde eginez; alegia, publikoarekiko lotura eta nortasun artistikoa erdigunean jarriz.

Antolatzaileek Eduardo Galeano uruguaiarraren esaldi bat aukeratu dute proiektuaren espiritua laburbiltzeko: «Jende txiki asko, leku txikitan, gauza txikiak eginez, mundua alda lezake». BatBatean, beraz, ospakizun kolektiboa da, eta aldi berean, bertatik musika, kultura eta jendarte eszena indartzeko ekarpen xume eta konkretu bat, Gasteiztik Euskal Herrira begirakoa.

Astearte honetan iragarritako banda eta DJak batuta, hauek osatzen dute jaialdiaren kartel potoloa: Aimarz, Ajou! Annekdotas, Añube, Apotheke 90, Ateri, Bellum, Brigade Loco, Bull Brigade, Dinamita, Edu Zarfdoya, Etxeple, Ganibet, Gozategi, Hell Beer Boys, Hofe, Jarfaiter, Juantxo Skalari & La rude Band, Kaos Etiliko, Kaparrak, Lablackie, La Élite, La Txama, Lehen Lerroa, Los Zopilotes Txirriaos, Lukiek, Malakias, Malko, Maruxak, Metrika, Mikosis, Mirotz, Nafarroa 1512, Nerve Agent, Nevadah, No Limitsd, Roy Ellis, Safu, Santa Salut, Sedientos de Cumbia, Segismundo Toxicómano, Skabildean, Sustrai Berriak, Tatta eta Xiberoots, taldeei dagokienez. 

DJak ere ugari izango dira: Aida Blanco, Azken Erromantikoak, Brava, Carlos Perez, Gate-k, Iskra Selector, Lobas, Malandro, MDM b2b Mario Boss, Nelson, Pineaple Sweets, Posse b2b Noetika, Reimy,Rosa Mari, Saturday's Kids eta Wary.

Sarreren salmentari dagokionez, esan dute abonouen azken prezio-aldaketa otsailaren 20an izango dela, 10:00etan, eta martxoaren hasieran artista banaketa eta egun bakoitzeko sarrerak salgai jarriko direla. Gaurtik, berriz, sarrera fisikoak eskuragarri daude Hor Dago! tabernan (Jimmy Jazz artetotik oso gertu). Esan dutenez, lehenengo abonuak laster agortu ziren, eta aurreikusitako eguneko jende kopurua aise gaindituko dela uste dute.