Muturreko eskalada tradizionalean edo trad-ean “Bon voyage” ibilbidea (9a) berezia da oso. Beste “kide” batzuek ez bezala, ez du ohiko artesi estu-estu bat jarraitzen. Bideoan ikusten denez, zulo batetik bestera zeharkaldiak egiten igo behar da. Gainera, igoera gehien jaso duen 9a mailako lerroa da.
James Pearson izan zen puntu gorria jarri zioena. Ondoren, Adam Ondraren, Seb Bertheren eta Jacopo Larcherren igoerak iritsi ziren. Esteban Daligaultena izan da azkena. Nahiz eta arrakasta horren berri orain eman duen, errepikapen hori abenduan lortu zuen.
Aipatu dugu “Bon voyage” berezia dela; bada, azken eskalatzaile horrek ibilbide horretan izan duen agerraldia ez da atzean geratzen. 25 urteko frantziarraren izena, berez, alpinismo teknikoarekin lotuta dago. Oso gaztea da, baina maila handiko jarduerak egin ditu. Oraindik gogoan dugu joan den azaroan Simon Martinetekin eta Virgile Devinekin Grandes Jorassesen egin zuena. Hirukote horrek “Directe de l´Amitié” (M9+, ED+, 1.100 m) era askean eskalatu zuen.
Hilabete eskas geroago, Daligault gai izan da trantsizio bikaina egiteko. Alpinismoko tresneria alde batera utzi, eskalada tradizionalekoa hartu eta muturreko bide bat sinatu du. Zalantzarik gabe, gazte honek ondo baino hobeto irudikatzen du belaunaldi berriaren talentua. Ez soilik goi-mailako alpinismoan; argi eta garbi utzi du polifazetikoa dela.
Eta azken eite hori aipatu dugunez, aurreratu behar dugu Daligault beste arlo batzuetan ere protagonista dela. Alpinista denez, horma luzeetan eskarmentua du. Hortaz gain, eskalada lehiaketetan proposamenak ekipatzen ikusi dugu, eta azken atal horretan ibiltzen direnak entrenatzen ditu.
Muturreko maila duten luze bateko trad-ean, berriz, orain arte bere izena ez da inondik agertu. Zortzigarren esferan zenbait bide sinatu ditu, baina bederatzigarrenetik oso urrun zegoen. Alabaina, “Bon voyage” entzun eta ikusi zuenetik, helburu hori ezin izan du burutik kendu. Lehen saialdiak duela urtebete egin zituen. Iragan udazkenean, baldintza egokiagoekin, berriro itzuli zen. Eta oso azkar, abenduan, marra horren laugarren errepikapenarekin egin zen.
«Ez ohikoa»
Gazte frantziarrak adierazi du ibilbide oso interesgarria dela. Bidearen berezitasunak kontutan hartuta, logistikak garrantzi handia izan du. Bide atipikoa denez, kontzeptu eta jarrera batzuk aldatu behar izan zituen: «Ohiko artesi bat ez denez, zuloetan frienda-k jartzen eta ondorengo ekinaldietan kentzen jardun behar da eskuei lekua egiteko. Hortaz gain, zeharkaldi batean murgiltzen zara, eta azken espoloiak ere kutsu ederra eskaintzen dio. Bete-beteko bidea da, eta estiloa oso egokia da nire ezaugarrietarako. Izan ere, hatz bateko edo biko heldulekuak ditu».
Prozesuari dagokionez, Daligauletek dio metodo berriak aurkitu zituela. Ondraren bideoa ikusi eta txekiarrak eginiko mugimenduak errepikatzen saiatu zen, baina ohartu ere ezin zituela egin. Azkenean, Pearsonen eta Larcherren metodoei jarraitzea erabaki zuen aldaketa batzuekin. Hasieran soka goitik zuela makina bat ekinaldi egin zituen; behetik hasita, berriz, gutxi.
Udaberriko bisita horretan ez zuen aurrerapen handirik egin, baina azkenekoetan aise gainditu zuen bidearen giltza. Azken saialdian kondizio oso txarrak izan zituen, baina, bitxia bada ere, katera erorikorik gabe heldu zen.
Irakurtzen den bezala, eskalatzaile honek ez du denbora asko behar izan “Bon voyage” kateatzeko. Eraginkortasun horrek maila bereko beste bide batzuk probatzera animatu du; bederen, gogo handia du “Tribe”-ra joateko. Gogora dezagun Cadaresen dagoen (Italia) marra horren lehen igoera Larcherrek egin zuela, eta orain arte soilik bi errepikapen dituela: Pearsonena eta Pietro Vidirena. Denek diote bederatzigarren maila duela.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
