
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak ekimen berria jarriko du martxan, Euskal Herrira Palestinatik ihesi heldu diren errefuxiatuei laguntza ahalik eta ondoen eskaini ahal izateko. ‘Palestina Euskal Herrian dago’ izeneko diagnostiko-azterketa egingo dute, dituzten arazoak ulertu eta pertsona hauen egoerari eta haien beharrizan espezifikoiei buruzko txosten deskribatzaile bat prestatzeko.
Prentsaurrekoa egin dute Amaia Herrero Emari elkarteko kideak, Eneko Gerrikabeitia Mundubat GKEko buruak, Ibon Meñika ekimeneko kideak, Nekane Balluerka EHUko errektore ohiak eta Mohammad Farajallah palestinar ekintzaileak. Kanpaina berria azaltzeaz gain, dei egin dute larunbatean, hilak 21, Yala Nafarroak Iruñean egingo duen mobilizazioan parte hartzera.
Balluerkak irakurri du manifestua eta azaldu du Palestinatik ihesi Euskal Herrira heldu diren palestinarrei ez zaiela beste kolektibo batzuei egin izan zaien bezalako harrera egin, bereziki, instituzioen ikuspuntutik. Horrek bultzatu ditu diagnosi azterketa egiteko erabakia hartzera.
Farajallahk adierazi du Gernika-Palestina ekimena izan dela proposamenari ekintzaz erantzun dion eragile bakarra eta esker ona agertu die horregatik. Izan ere, bera bezalako ekintzaileak ezinbesteko pieza izango dira ikerketa burutzeko; nor hobe, palestinarrak baino, haien egoeraren berri emateko.
Informearen ondorioak ekainaren 20an, hots, errefuxiatuen nazioarteko egunean, plazaratuko dituztela iragarri dute. Horrekin, indartu nahi dute prentsaurrekoan ere berretsi duten baieztapena, Palestina Euskal Herrian dagoela.
Jakitun dira abiatu berri duten ekimenak ez diela ez herri ekimenari ezta auziari berari ere jendartean ikusgarritasun handirik emango; hala ere, «egin beharreko zerbait» dela uste dute.
Genozidioak darrai
Gerrikabeitiak Palestinatik helarazi dieten informazioaren berri eman du. Besteak beste, azaldu du genozidioak ez duela etenik izan eta israeldar armadak lurrak okupatzen jarraitzen duela. Horrela, Gazako zerrendaren erdia armadaren kontrolpean dago eta, beraz, bertan palestinarrek ezin dituzte lurrak nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabili. Gainera, ez dute itsasorako eta, ondorioz, arrantzarako sarbiderik.
Itxaropenerako deia ere zabaldu nahi izan du, Palestinarik bertatik Palestinar Emakumeen Batasun Orokorra sindikatuak bidalitako bideoarekin. Bertan, egoeraren larritasuna ez ezik, hainbat emakumek erakusten dute Euskal Herritik bidalitako laguntza heltzen ari zaiela.
«Kalean jarraitu behar dugu, mobilizatzen jarraitu behar dugu», berretsi du Meñikak. Horregatik, dei egin du larunbateko manifestazioarekin bat egitera.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

