NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Tolosan emakume bati sexu erasoa egiteagatik

Sexu eraso baten aurkako elkarretaratzea Tolosan, artxiboko irudian.
Sexu eraso baten aurkako elkarretaratzea Tolosan, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du joan den urtarrilean Tolosan emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Atxilotuak emakumeari aurretik lana eskaini zion gero eraso egin zion establezimenduan garbitzaile izateko, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Urtarrilaren hasieran, 38 urteko gizon batek Tolosako ileapaindegi bateko garbitzaile gisa lana eskaini zion 44 urteko emakume bati. Lan baldintzak negoziatu ondoren, gizonak establezimenduraino eramango zuela esan zion emakumeari. Iritsi zirenean, emakumeari sexu erasoa egin zion eta erasoa isilean gordetzeko koakzionatu zuen.

Azkenean, joan den astelehenean, otsailaren 16an, biktimak salaketa egin zuen Ertzaintzan, eta handik egun batera ustezko erasotzailea Tolosako Rondilla kalean atxilotu zuten sexu erasoaren delitua leporatuta. Atxilotua polizia egoitzara eraman zuten, eta asteazken honetan jarri dute epailearen eskuetan.