Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Orwellen maisulana orainarekin elkarrizketan

ORWELL: 2+2= 5
Estatu frantsesa, 2025. 99’. Zuzendaria: Raoul Peck. Musika: Alexei Aigui. Argazkia: Ben Bloodwell, Stuart Luck, Julian Schwanitz.

‘Orwell: 2+2=5’ dokumentalaren fotograma.
‘Orwell: 2+2=5’ dokumentalaren fotograma. (Neon)

Raoul Peck zinegileak George Orwellen azken urteak aztertuko ditu ‘Orwell: 2+2=5’ dokumentalaren bidez, eta bere obra –batez ere ‘1984’– irudi, bideo, adierazpen eta pasarte ugariren bidez orainarekin elkarrizketan jarriko du. 

Filmak, hasieratik, ‘2+2=5’ sinbolorik indartsuena dela azpimarratuko du, botereak ezarritako gezurraren ikur gisa; absurdoa eta zentzugabea den zerbait sinestera behartzen gaituzten politikari, enpresaburu eta agintarien menpe bizi garela gogoraraziko digu. 

1949an, George Orwellek bere azken nobela –eta ziurrenik garrantzitsuena– amaitu zuen: ‘1984’. ‘Orwell: 2+2=5’ dokumentalak autorearen azken hilabeteetan eta bere lan ameslarian murgilduko da, eta bere maisulan distopikoan munduari errebelatu zizkion bizi eta kezka-kontzeptuen sustraiak arakatzeko aukera eskainiko du. 

Gai mardul horri forma emateko, Peckek egitura ausarta eta, aldi berean, arriskutsua hautatuko du. Elkarrizketarik ez du erabiliko –ez behintzat lan honetarako espresuki grabatutako adierazpenik–; horren ordez, Orwellen testuak erabiliko ditu kontakizuna eraikitzeko. 

Testuak, gutunak, Orwellen beraren saiakerak, gaiarekin lotura duten filmetako pasarteak, artxiboko irudiak, albisteetako bideoak eta abar. Elementu horien bidez azalduko du hizkuntzaren manipulazioa, propaganda eta errealitatearen ukazioa bezalako kontzeptuak ez direla soilik fikzio distopikoak, gaur egungo fenomenoak baizik. Egia soziopolitiko kezkagarriak agerian geldituko dira, gaur egun gero eta indar handiagoz entzuten direnak. 

Dokumentalak, batez ere, ohartarazpen boteretsu eta mingarri gisa funtzionatuko du: ustezko fikzio distopiko ugari dagoeneko zabalduta dauden garaian bizi garela gogoraraziko digu.