NAIZ

Bahia Beatriz ontzia itsasoratu dute Erandion eta beste bat eraikitzeko asmotan dira

Bahia Beatriz izeneko ontzi kimikaria itsasoratu dute ostiral honetan Erandion. Algeciras aldean jardungo du. Murueta Ontziolak beste egitasmo bat aurreratua da: Bahia Candela izenekoa, Portugal aldeko uretan ibiliko dena.

Bahia Beatriz uretan jarri dute ekitaldi ikusgarri batean Erandion.
Bahia Beatriz uretan jarri dute ekitaldi ikusgarri batean Erandion. (Marisol Ramirez | Foku)

Murueta Ontziolak ontzi berri bat itsasoratu du ostiral honetan, Bahia Beatriz izenekoa. Produktu kimikoak garraiatzeko erabiliko du Mureloil enpresak. Zenbait agintarik parte hartu du ekitaldian. Aurretik bertan egindako Bahía Candelaren «ahizpatzat» hartu duten ontzia da honako hau, ontziolan eraikitzen den 336garrena.

Ezaugarri batzuk aipatzeagatik, 12 tanke ditu ontzi berriak, 8.000 metro kubikoko edukiera batuz, eta 94 metroko luzera.

Honezaz gain, Muruetak beste kontratu bat sinatu berri du hidrokarburoen hornidura eta garraio enpresarekin, Portugal aldeko uretan hornidura eragiketetarako beste produktu kimikoen tanke bat alegia. Dena ondo bidean, 2026aren amaieran entregatuko da. Bahia Lisboa izena emango diote.

«Lan honek Astilleros de Muruetaren itsasontzien diseinu teknologikoki aurreratuen aldeko apustua indartzen du, berrikuntzan, energia-eraginkortasunean eta erregai berrien erabileran arreta handia jarriz», adierazi du ontziolak.

Konpainiaren azken proiektuek berrikuntza-ildo horri ekin diote, hala nola, Oizmendi izenekoa (2018), gas natural likidotua (GNL) hornitzeko ontzia; eta Ibaizabal Quince deritzona (2020).

Urdaibai aldean (Murueta udalerrian hain zuzen ere) eta Bilboko itsadarrean (Erandion hain zuzen ere) jarduten duen ontziola da hau. 1943. urtetik ari da lanean.