
Emakumezkoen Binakako Txapelketa Nagusiak ezagutzen ditu dagoeneko hurrengo igande eguerdian Agurainen, ETB-ko kamerak zuzenean direla, jokatuko diren finalerdietan arituko diren bikoteen izenak. Ikusmin handia sortu zuen igandean Igorren jokatu zen ligaxkako azken jardunaldiak eta, harmailak beteta jokatu ziren partiden ondoren, Arrizabalaga-Bergara / Ruiz de Infante-Mendizabal eta Sagardui-Gaminde / Aldai-Arrillaga izango dira finalaren atarian jokatuko diren kanporaketak.
Lehen partida hil ala bizikoa zuten Sagardui-Gaminde eta Ibarrola-Erasunek, garaipenetik harago, tanto bakoitzak ere berebiziko garrantzia izan zezakeelako sailkapenean postu bat igo edo behera egiteko. Gauzak horrela, lehia orekatua eta gogorra izan zen, baina azkenerako Sagardui-Gamindek eraman zuten ez bakarrik puntua, baita bigarren postura igotzeko balio izan zien 22-11ko emaitza ere. Porrot horrek, aukera gabe utzi zituen Ibarrola-Erasun, Ruiz de Infante-Mendizabalekin hiruna puntura berdinduta, azken hauek tanto gehiago egin dituztelako ligaxka osoa kontuan hartuta.
Bigarren partidak ez zuen horrenbesteko tentsiorik, bi bikoteek ziurtatuta baitzuten Agurainerako txartela. Eta igarri zen; izan ere, txapelketa osoan zehar bikote bezala asko batu badute ere, atzokoan Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak ez zuten euren egunik onena izan eta ezer gutxi egin ahal izan zuten, dudarik gabe, lehen ligaxka honetan bikoterik sendoena izan den Arrizabalaga-Bergararen aurka (22-2). Gernikarrak eta bergararrak jokatutako sei partidak irabazi dituzte eta txapela janzteko faborito garbiak dirudite, baina orain bikote guztiak hutsetik hasiko dira berriro.

Samaa Kadri Kasmi: la mejor nota de Bachillerato en Nafarroa tiene nombre y vocación

Quinto día de guerra: más ataques a Teherán pero problemas crecientes para EEUU

Dos chicas de Barakaldo y uno de Balmaseda, entre los fallecidos en la pasarela de Santander

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti
