Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Motoak, desira eta rolen jolasa

PILLION
Britainia Handia, 2025. 106’. Zuzen eta gidoia: Harry Lighton. Akt.: Alexander Skarsgård, Harry Melling, Brian Martin, Zamir Mesiti. Musika: Oliver Coates. Argaz.: Nick Morris.

‘Pillion’ filmeko protagonistak.
‘Pillion’ filmeko protagonistak. (British Film Institute (BFI))

Harry Lighton zinemagilearen lehen film luzea, ‘Pillion’, Canneseko Zinemaldian aurkeztu zen, eta Un Certain Regard sailean gidoi onenaren saria eskuratu zuen. 

Protagonistak Alexander Skarsgård eta Harry Melling dira; ekoizle lanetan, berriz, Ed Guiney eta Andrew Lowe aritu dira, besteak beste Yorgos Lanthimosen filmografiaren zati handi baten arduradun izan direnak. 

Adam Mars-Jones idazle eta kritikari britainiarraren ‘Box Hill’ eleberrian oinarrituta, filmak sexu-menpekotasunaren paisaietan barrena egindako sartu-irten emozionala proposatuko du, begirada ironiko eta ausart baten bidez; emaitza, hala ere, ustekabeko samurtasunez eta liluraz beteriko esperientzia izango da. 

Komedia kostunbrista ingelesaren konbentzioak deseraikitzen dituen feel good izaerako lana da, amodioaren mugez eta harreman baten barruko rolen zaurgarritasunaz lotsarik gabe hitz egiten duena. Hemen argi baitago nork gidatzen duen motoa eta nor doan atzean eserita laguntzaile gisa. 

Izenburuak, ‘Pillion’, motorraren atzealdeko bidaiariaren eserlekuari egiten dio erreferentzia. 

Harry Lighton

Londresen bizi den gidoilari eta zuzendari britainiarra da Harry Lighton. Bere lehen film laburra, ‘Sunday Morning Coming Down’, Iris Prize jaialdian hautatua izan zen, eta BAFTAk 2018an aintzatetsi zuen. Bere hurrengo film laburrak ere, ‘Wren Boys’-ek, ibilbidea oparoa izan zuen nazioartean. Azken urteetan, Oliver Hermanus zuzendariarekin lan egin du hainbat proiektutan: ‘Living’ filmean zuzendari laguntzaile gisa; ‘Mary & George’ (Sky/AMC) telesailean bigarren unitateko zuzendari gisa; eta datozen estreinaldien artean, Alexander McQueeni buruzko biopic batean gidoilari gisa. Bere lehen film luzea, ‘Pillion’, 2025ean aurkeztu zen Canneseko zinemaldian eta Un Certain Regard sailean gidoi onenaren saria irabazi zuen.