NAIZ

«Urrats handi bat emanda» itzuli da Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioa Zeelanda Berritik

Lehenengo aldia zen eta arrakastatua suertatu da. «Urrats handi bat eman izanaren sentsazioarekin» Euskal Herrira bidean da berriz Zeelanda Berrian Munduko Txapelketan lehian ibili den euskal selekzioa.

Ipar Arrinda, ardi moztaileen euskal selekzioko kideetako bat, euskal ikurrez inguraturik Zeelanda Berrian.
Ipar Arrinda, ardi moztaileen euskal selekzioko kideetako bat, euskal ikurrez inguraturik Zeelanda Berrian. (EAME)

Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioa «mugarri historiko berriak idatzita» itzuliko da Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan aritu ondoren. Izan ere, han «munduko moztailerik eta artilaririk onenekin batera» jarduteaz gain, Munduko Kontseiluko kide berri gisa onartua izan da Euskal Herria. Honengatik ere, «urrats handi bat eman izanaren sentsazioarekin itzultzen da selekzioa; ilusio handiarekin eta etorkizunera begira onena oraindik etortzeke dagoen ziurtasun betearekin». Txapelketan zehar bizitako esperientzia dokumental batean jasoko dela iragarri dute, gainera. 

Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatu da Golden Shears and Woolhandling Munduko Txapelketa. «Kirolaren esparrutik haratago, moztaileen sektorearen balio kateak egindako lanak eta grinak ereindako fruituak jasotzen hasi gara. Ezartzen ari garen mugarri historiko hauek guztiak dira horren guztiaren erakusleihoa. Hau, ordea, hasi besterik ez da egin. Moztaileon historia idazten jarraitzeko prest eta gogo biziz gaude», nabarmendu dute Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteko kide diren selekzioko moztaileek eta artilariek.

Balorazio hau egin dute lehiari dagokionez: «Izugarria izan damaila, exijentzia, giroa, harremana, lehia eta entrenamenduak. Beste herrialdeetako moztaileekin eta artilariekin izandako elkarrizketak, trukeak eta bizitako uneak». Honezaz gain, «Euskal Herriak nazioarteko eszenatoki handienean egotea merezi duela erakutsi dugu. Asebeteta sentitzen gara». Ikurrinak eta erabakitzearen aldeko mezuak erakutsi dituzte Zeelanda Berriako topaketan.

Kontuan hartu behar da, gainera, herrialdea «ardi moztaile modernoaren sorlekutzat jotzen dela», eta horregatik ere han erakutsitakoaren oihartzuna biderkatuko da. Baita euskal ardi moztaileentzako irakaspenak ere: «Ardi mota eta erritmo berriak, teknika eta kultura desberdinak. Egun bakoitza erronka fisiko eta mentala izan dira, baina etengabeko ikasgaia. Nazioarteko erreferenteekin sektoreaz hitz egin dugu, estiloak kontrastatu ditugu, xehetasunak zuzendu eta etorkizunerako
bide berriak zabaldu», zehaztu dute.


Munduko Kontseiluko kide

«Munduko Txapelketaren une esanguratsuenetako bat Euskal Herria ofizialki Munduko Kontseiluko kide izateko jasotako izendapena izan da –erantsi dute Euskal Herritik joandako lagunek–. Aintzatespen instituzional honek egindako bidea berresten du eta, aldi berean, lehen parte-hartzea ez dela gertaera isolatu bat bermatzen du, aro berri bati hasiera emanez. Isilpean egindako ahalegin kolektiboak bere fruituak eman dituenaren baieztapena da».

«Lorpen hau ez da Zeelanda Berrian gaudenena soilik –erantsi dute–. Proiektu honetan sinesten duten bidelagun guztiena da. Euskal Herrian dauden moztaile eta artilari guztiena, modu batera edo bestera babesten gaituzten erakunde, enpresa zein pertsonena, tradizioa bizirik mantentzen duten eta diskrezioz baina profesionaltasun handiz lanean jarraitzen duen lehen sektore osoarena. Hau zuen guztiona da eta zuekin batera bidea marrazten jarraitu nahi dugu».

Beren bilakaerari dagokionenean honako hau ekarri dute gogora: «Euskal Ardi Moztaileen Elkartea (EAME) gara. Euskal Herrian zein mundu mailan euskal ardi-ile mozteari ikusgaitasuna eskaini nahi diogu. Munduko industriarik zaharrenetakoari merezi duen balioa eta lekua eman. Elkarlana, ordezkaritza eta formakuntza eskaintzen dizkiogu sektoreari. Elkarlana. Lehen sektoreari zerbitzu profesionala eskaintzen diegu. Artzaintza babesten eta sustatzen dugu. Ordezkaritza. Nazioarteko ardi-ile mozte ekitaldietan eta txapelketetan Euskal Herria ordezkatzen dugu. Formakuntza. Ardien ilea mozteko, epaitzeko eta artilea sailkatzeko formakuntza eskaini eta bultzatzen dugu».