Joseba Salbador Goikoetxea
DONOSTIA
Interview
Maialen Begiristain eta Aize Otaño
AEKren Nazio Kontseiluko kideak

«Korrikak euskal komunitatea trinkotzea lortzen du, hau da, komunitate bat garela irudikatzea»

Euskararen aldeko kontzientzia suspertu eta AEKri diru ekarpena egiteaz gain, Korrikak oso eragin zabala eta askotarikoa du, euskal komunitatearen parte sentitzeko gogoan eragiten duelako. Mirari hori gauzatzekoo, buru-belarri aritu dira lanean AEK osatzen duten 600 AEK kide eta 14.000 ikasle.

Aize Otaño eta Maialen Begiristain.
Aize Otaño eta Maialen Begiristain. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mundu guztiak daki Korrika euskararen aldeko mobilizaziorik handienetako bat dela, baina zein da zehazki euskarari eta euskalduntzeari egiten dion ekarpena?

AIZE OTAÑO: Duela 45 urte abiatu zenetik, bi dira Korrikaren helburu nagusiak: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKri diru ekarpena egitea, euskararen normalizazioaren alde egiten duen lan hori aurrera eraman ahal izateko.

MAIALEN BEGIRISTAIN: Helburu nagusiak horiek badira ere, gaur egun ekarpen gehiago ere egiten duela uste dugu. Izan ere, Korrikak, bi urtean behin, euskara lehen lerrora ekartzen du eta gai horrek zentralitatea hartzen du bai hedabideetan, baita agenda politikoan ere. Horrekin batera, euskara ikasten ari direnenen motibazioan ere eragin positiboa du, baita hezkuntzan ere, hor dago adibidez Ikastolen Elkartearekin elkarlanean prestatzen ditugun unitate didaktikoak; eta familia transmisioan ere eragina duela ikusten dugu. Bestalde, lan munduan ere langile asko antolatzen da Korrikaren bueltan, enpresak ere inplikatzen dira… Eta ez dugu ahaztu behar Korrika kulturalak euskal kulturari egiten dion ekarpena, euskal kultura kontsumitzeko ohiturarik ez duen herritarrengan eragiteko ere balio baitu.

Beraz, esan daiteke Korrika gizarte osoari eragiten dion fenomenoa dela…

M.B: Zalantzarik gabe, urtarrilean hasi eta Korrika bukatu arte pil-pilean dagoen gaia dela nabaritzen da. Nabarmentzekoa da Korrikak euskara eta Euskal Herria marrazten dituela mapan, zazpi lurraldeetatik igarotzen delako. Hortaz, nazio ikuspegitik egiten duen ekarpena ere esanguratsua dela iruditzen zaigu. Era berean, euskal komunitatea trinkotzea ere lortzen du, hau da, komunitate bat garela irudikatzea. Eta euskara ikasten hasten diren ikasle askorengan ikusten dugu, adibidez, zer garrantzi duen komunitate horren parte sentitzea. Hortaz, eragina oso zabala eta askotarikoa da, eta segur aski izango dira eskapatzen zaizkigun eragin asko eta asko.

A.O: Antolakuntza lanetan, adibidez, eragile asko elkartzen gara, eta egunerokoan harremanik ez dugunok batzeko ere balio du. Azken finean, Korrikak erakusten du bagarela norbait munduan eta euskaltzaletasunaren aldeko aktibazio horretan eragiten du.

Korrikak euskal komunitatea trinkotzen duela aipatu duzue. Baina zein da euskaltzaleengandik haratago duen eragina?

A.O. Euskaltzaleengandik haratago herritar asko batzen dira Korrikara, baina ez hori bakarrik. Erdal komunitatean bizi den jende askorentzat balio du jabetzeko hemen badagoela hizkuntza bat, badagoela izateko modu bat, euskarak ardazten duena, eta komunitate horren berri izateko ere balio du.

M.B. Lehen aipatu dugun moduan, batzuengan eragin dezake euskara ikasteko pauso hori emateko, beste batzuengan aldekotasun bat lortzeko, eta beste batzuengan komunitate hori existitzen delako ezagutza soila, baina hori ere beharrezkoa da.

Antolaketa horren guztiaren atzean dauden kopuruak itzelak dira. Jakiterik badago Korrikaren hamaika egunetan zenbat pertsonak parte hartzen duen?

M.B: Egia esan, ezinezkoa egiten zaigu kopuru zehatz bat ematea. Azken finean, herriak mugitzen du Korrika, herri ekimena da, eta esan dezakeguna da gure erronka dela aurten inoizko parte hartzaileena izatea.

A.O: Hala ere, zenbait datu azaldu ditzakegu. Adibidez, 600 AEK kide inplikatzen da antolakuntzan, baita horietako bakoitzaren ingurukoak ere. Bestalde, euskaltegiak dauden herri eta eskualde gehienetan Korrika batzordeak antolatzen dira, eta AEK-k dituen 14.000 ikasle inguru ere aktibatzen dira Korrikaren alde. Denera, 3.436 lekuko hartze izango dira ibilbideak dituen 2.180 kilometroetan.

M.B: Horretaz gain, beste modu asko daude Korrikan parte hartzeko. Ez da soilik Korrikan ateratzea, jende askok bere ekarpena egiten du Korrikan doazenei laguntzen, animatzen, bazkaria prestatzen, gauean etxean hartzen…

A.O: Eta hemen ere aipatu behar dugu Euskal Herritik kanpo ere gero eta zabalkunde handiagoa duela, Korrika Munduan ere antolatzen baita, edo Korrikaren Ahizpak…

Zein da ekimen honek AEKri egiten dion ekarpen ekonomikoa? Eta zein dira hori gauzatzeko Korrikak martxan jarri dituen tresnak?

M.B: Korrikak AEKri egiten dion ekarpen ekonomikoak ahalbidetzen du Euskal Herri osoan normalizazioaren alde egiten dugun lana aurrera eraman ahal izatea. Korrikaren ekarpenik gabe, gaur egun AEK-k ezingo luke normalizazioan egiten duen lana egin, administrazioek bideratzen dituzten baliabideak ez direlako nahikoak oraindik ere. Eta ekarpen ekonomikoa gauzatzeko tresna edo bideak asko dira: lekukoa eskuratzea, Korrika laguntzaile edo babesle izatea, arropa erostea, hasiera eta bukaera jaietan parte hartzea…

AEK-k 50 urte beteko ditu aurten. Zein da AEKren egoera ekonomikoa gaur egun?

M.B: Oraindik ere Korrika antolatzen jarraitu behar izateak erakusten du zein den gure egoera ekonomikoa. Hau da, Korrikatik lortzen dugun diru ekarpenik gabe ezingo genuke biziraun eta ezingo genuke normalizazioaren alde egiten dugun lana egin.

A.O: Gaineratuko nuke Korrikaren sorreratik egiten ari garen aldarrikapen berbera egiten jarraitzen dugula: finantzaketa egitura iraunkor eta egonkor bat behar dugula Euskal Herri osoan, modu horretan herritarrentzat euskara ikastea doakoa izan dadin, dirurik aurreratu behar izan gabe, eta modu irisgarrian egiteko aukera izan dezaten. Gaur egun oztopoa ez baita soilik dirua, baizik eta lanorduetan euskara ikasteko eskubidea bermatzea. Azken finean, epe ertainera begirako plan bat eskatzen dugu, doakotasunaren alde egiten ari diren urrats horiek zein diren aurretiaz ezagutzeko.

Hala eta guztiz ere, finantzaketa marko hori lortuko balitz, Korrika ez litzateke desagertuko, ikusirik gizartean duen eragin positiboa…

A.O: Noski, Korrikak jarraituko luke existitzen, baina beste modu batean. Gure ametsa da Korrika egiten jarraitzea, baina diru ekarpen hori bilatu beharrik gabe. Soilik izan dadila euskararen aldeko eta euskaltzaleak elkartzeko festa bat.

Eta ikasle kopuruen aldetik, zer egoeratan zaudete une honetan? Zein da azken urteetako helduen euskalduntzearen bilakaera?

M.B: Une honetan AEKn 14.000 ikasle ingururekin ari gara Euskal Herri osoan, eta azken urteetan aldaketa nabaritu dugu, EAEn eta Nafarroan bereziki. Bi komunitate horietan egin diren sustapen politiken ondorioz, ikasleek diru gutxiago aurreratu behar dute eta nabaritu da ikasle gehiago gerturatu direla gurera. Ipar Euskal Herrian ere goranzko joera dugu azken urteotan.

A.O: Kopuruaz gain, esan beharra dago ikasleen tipologia ere aldatu egin dela. Ikasleek denbora gutxiago dute euskara ikasteko eta horrek moteldu egiten du euskalduntze prozesua. Hori da gure erronketako bat, hau da, gizartearen aldaketei egokitutako eskaintza egitea.

Aurrera begira, zein dira zuen helburu nagusiak?

M.B: Gure helburu nagusia Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea da, eta horretarako AEKn euskararen normalizaziorako eremu guztietan eragiten jarraituko dugu: ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hala ere, oso momentu berezian bizi gara, bereziki presa dugulako pizkunde berri bat abiatzeko.

A.O: Bi urte badira larrialdi linguistikoan gaudela esan genuela, ordutik hona ere aipatu izan dugu euskararen etorkizuna jokoan dagoela, eta testuinguru horretan, Korrikarekin lortu nahi duguna da euskalduntzea lehen lerrora ekartzea. Izan ere, gure iritziz, ez dago Euskal Herria euskalduntzeari begirako plangintzarik. Azken ikerketen arabera, 400.000 herritarrek ez du inolako interesik euskara ikasteko, edo Nafarroan %65ek ez du inolako harremanik euskararekin, eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketen arabera, biztanleriaren %30 euskalduna izateko, 40.000 hiztun gehiago beharko lirateke.

M.B: Datu horiek argi uzten dute helduen euskalduntzea eta alfabetatzea estrategikoa dela eta herria euskalduntzeko ardatzetako bat izan behar duela. Euskararen unibertsalizazioan urratsak egin behar baditugu, hiztun aktiboak behar ditugu. Hala ere, errealitatea da hiru eremu administratiboetako markoak oztopo direla Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko helburu hori lortzeari begira. Batetik, euskarak ez dauka ofizialtasun estatus berdina Euskal Herri osoan, eta azken hilabeteetako oldarraldi judizialaren ondorioz, ikusten ari gara ofizialtasunean atzera egiten ari garela.

A.O: Horren aurrean, ezinbestekoa ikusten dugu hizkuntza politika koordinatu, bateratu eta bakarra. Ildo horretan, orain dela gutxi itun soziopolitiko berri baterako proposamena egin da Euskalgintzaren Kontseiluaren barnean, etorkizuneko hizkuntza politiketarako bide orri bat zehaztuz, eta hor helduen euskalduntze eta alfabetatzeari begira zer behar ditugun dago jasota.