
Giro benetan aparta izan zuen Gasteizko Olabe pilotalekuak Araba Euskaraz Master Serieseko finalak jaso zituen ostiral gauean, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan. Txapeldunak Johan-Lopez eta Lur-Oaia izan ziren.
Final ederra, piloteatua eta une batzuetan gogorra. Halakoxea izan zen Johan-Lopez eta Erkiaga-Zabala bikoteek jokatu zutena eta partida ona ikusi ahal izan zuten bertara gerturatutako zaleek.
Johanek irabazi egin zion Erkiagari, Biscayne Cup-aren 'errebantxa' eta Lopezek ere atera zuen Daniako pilotalekuan geratu zitzaion arantza. Zumaiako atzelariarentzat bere azken partidak, azken pilotakadak dira egun hauetan jokatu behar dituena, eta atzokoan partida ikusgarria jolatu zuen Gasteizen. Zesta berriarekin, errebesez oso gogor eman zion Imanolek, izugarrizko misilak jaurti zituen eta huts bakar bat ez zuen egin partida guztian zehar.
Neurketa bikain hasi zuen Aritz Erkiagak. Astelehenean beste final bat du Durangon, baina ez zen indarrak gordetzeko asmoarekin etorri Gasteizera. Lehen tantoetan lehen erremateak sartu zituen eta aurretik izan ziren markagailuan, setaren azken txanpara arte. Johani kosta egin zitzaion sakearekin Erkiagari airea kentzea eta Ispasterkoak ez zuen barkatu.
Hamabinakoan, Zabalak pilota zaila jarri zuen eskuinez (12-13), baina laranjek tanto ederra egin zuten ondoren. Lopezek hiru misil jaurti zituen errebesez atzera, Zabalak eraman zituen, baina hirugarrenean Johanek egin zuen tantoa, honek ere, errebesez eta azpi azpitik, min handia eginez (13-13). Azken bi tantoetan Aritzek ez zuen asmatu. Bere hormabikora iritsi egin zen Johan, eta atzean amaitu zuen lapurtarrak (14-13); eta azken tantoan, txapa behera jaurti zuen pilota aurrelari bizkaitarrak (15-13).
Hala ere, partida ez zen hautsi eta Erkiagak eta Zabalak beren aukerei eutsi zieten amaierara arte. Lehen tantoa egindakoan, argi esan zion Lopezek Johani: «Erkiagari kendu!». Lan zailak izan ziren horiek Zabalarentzat, baina ondo erantzun zuen markinarrak.
Atsedenaldirako tantoa benetan izan zen ederra. Piloteo gogor eta luzea izan zen, azkenean Aritzek errematatu, Johan iritsi eta berak hormabikoa bota (8-6). Biarriztarrak bi sake atera zituen errebotera jarraian (10-6), baina bizkaitarrek eutsi egin zioten finalari, baita 14-10 galtzen egonda ere. Laranjen tanto faltan, hiru maisulan utzi zizkigun Erkiagak: sake-errestoan lehena (14-11), saihetsetik txik-txakera (14-12) eta errebotean, bi pareta goxo-goxo botata (14-13). Hala ere, ezin izan zuten 14.a egin eta Johan eta Lopezentzat izan zen finala eta txapela (15-13).

Lur eta Oaia, emakumeetan nagusi
Emakumeen finalean, merezimendu osoz irabazi zuten Lur Lejardi markinarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak. Lejardi izan zen partidako protagonista nagusia: denboraldiko bigarren Mastersa irabazi du eta sailkapeneko liderra da.
3-0 jarri ziren azkar aurretik, baina hiruna berdintzea lortu zuten Maite Ortiz de Mendibilek eta Frida Watkinsek, zumaiarraren horma-biko bat tarteko (3-3). Baina tanto horretatik aurrera, moreentzat izan zen protagonismo osoa. Urdinek ezin izan zuten Lur Lejardi jokoz kanpo utzi, markinarrak partidaren agintea hartu zuen eta tanto-sorta itzela utzi zuen neurketa osoan, eta batez ere lehenengo jokoan: min asko egin zuen eskuinarekin, Fridak ez zuen kantxan kokatzen asmatu eta Maite ere nahasita ibili zen aurreko koadroetan.
Konfiantza handia erakutsi zuen atzokoan Lurrek. Distantzia luzetik errematatzen ere asmatu egin zuen (8-3koa, zortzi koadrotik botatako bi pareta izan zen) eta atzean oso seguru aritu zen Oaia Otaño. Seguru, eta errebesez oso ondo jokatuz (15-3).
Bigarren jokoan, partidan sartzea lortu zuten urdinek. Une batzuetan, etxeko pilotariak, Maitek, lortu zuen Lur jokotik kentzea, indar handia baitu arabarrak. 1-4 ere jarri ziren aurretik eta atsedenaldira arte, pare-parean joan ziren bi bikoteak (8-7). Bigarren seta, hamarnakoaren ondoren erabaki zen. Lurrek atzean egin zuen hamaikagarrena; piloteoan dominatu eta barruan hutsunea bilatuta, hamabigarrena; barruan moztuta 14-10ekoa eta goitik behera eskuinarekin 'pikatuta', 15.a eta azkena.

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

La Real, campeona de Copa en los penaltis, como en 1987: ¡va por ti, Aitor Zabaleta!

‘Freed from desire’tik ‘Txoria txori’ra, realzaleek amestu zuten gaua

Aitzol Gogorza presoak askatasuna berreskuratu du 26 urteren ondoren
