Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Marvellek, Cornellek eta Rousseauk bide berria ireki dute Dickey mendian

Martxoaren 27an eta 28an, Jackson Marvell, Matt Cornell eta Alan Rousseau estatubatuarrek 'Heavy is the Hand' bidea sortu zuten mendiaren hegoaldeko horman. 1.500 metro horietan zailtasun tekniko oso gogorrak gainditu zituzten: WI6+, M6+ eta A1.

Jackson Marvell, lehen eskalada egunean, luze gogor batean.
Jackson Marvell, lehen eskalada egunean, luze gogor batean. (ROUSSEAU - CORNELL)

Alaskako ohiko denboraldia hasi berri da, eta ateak zabaldu bezain laster berri oso interesgarriak heldu dira. Jackson Marvell, Matt Cornell eta Alan Rousseau estatubatuarrek sinatu dute horietako bat. Hain zuzen ere, bikain ezagutzen duten Dickey mendian. Bada, haren hegoaldeko paretan 'Heavy is the hand' bidea zabaldu berri dute. Teknikoki, bederen, gogorra: WI6+, M6+ eta A1. Rousseauk berak onartu du oso zorrotza dela: «Izotzean asko eskalatu dut, baina ziur aski azken lerro hori zailtasunean inoiz eskalatu dudan iraunkorrena da. Duela hamabost urte, diedro sistema izoztu hori ikusi nuen, eta banekien nire kideen asmoen artean ere bazegoela. Proiektu horren zain egotea merezi izan du».

Jardueraren inguruan hitz egin aurretik, esan behar dugu Marvell, Rousseau eta Cornell espezialista handiak direla Alaskako eskaladetan. Adibidez, Dickeyn bertan hainbat lerro zabaldu dituzte. Zalantzarik gabe, soka talde oso zaildua osatzen dute, eta haien izenak alpinismoaren lehen lerroan kokatuta daude. Adibide gisa aipatu behar dugu duela pare bat urte Frantziako Urrezko Pioleta irabazi zutela Jannuko iparraldeko aurpegian eginiko jarduera ikusgarriarengatik.

Hori esan eta gero, aurreratu behar dugu Dickey mendia alpinismo teknikoarekin lotuta dagoela. Ehun metro falta zaizkio hirumilakoa izateko, baina ezaugarri horrek ez du garrantzi handirik, kontuan hartzen badugu eremu oso basatian kokatuta dagoela.

Alpinista estatubatuarrek bi egun behar izan zituzten aktibitate luze eta arriskutsu hori biribildu ahal izateko. Hain zuzen ere, martxoaren 27an eta 28an. Talkeetnatik hegazkinez irten zirenean, ez zekiten Alaskako mendilerroan zer aurkituko zuten. Baina Dickey mendia ikusi bezain pronto, gidariari Ruth glaziarraren ingurumarian lur hartzea esan zioten. Izan ere, protagonistek argi eta garbi ikusi zuten mendiaren hegoaldeko isurialdea kondizio oso egokietan zegoela. Bederen, hori ondorioztatu zuten hegazkinetik bertatik.

Kanpalekura heldu bezain laster, hotzak 'ongietorria' egin zien: -10 gradu. Gainera, zintzur horretan goizeko hamaikak arte eguzkia ez zen ageri, eta mugitzea kosta egiten zitzaien. Lehen egunak kanpaleku horretatik irten gabe egon ziren, eguraldia ez baitzen batere egonkorra. Hortaz, eguraldi oneko leiho baten zain egon ziren. Rousseauk adierazi du Alaskako mendilerroan dagoen klima berezia dela oso; munduko beste bazter batzuetan izaten denaren oso ezberdina. Hain zuzen, horrek asko erakartzen du bera, besteak beste, jarduera askoz ere zorrotzagoa bihurtzen delako.

Arestian esan bezala, zenbaitetan elkarrekin eta zenbaitetan beste sokakideekin jardunda, bikain ezagutzen dute Dickey. Hala eta guztiz ere, alpinistok ez dira mendi horrek eskaintzen dituen aukerekin aspertzen. Jakin badakite Alaskako mendilerro handi hori esploratzeko 'lorategi' ederra dela, baina onartzen dute Dickeyn lerro berriak zabaltzea oso atsegina egiten zaiela. Rousseaurentzat, bederen, ia obsesio bihurtu da.

Hirukoteak hegazkinetik hartutako lerro berriaren irudia. (ROUSSEAU - CORNELL)

Eskalatu duten paretaren oinarritik oso gertu dago kanpalekua: 30 minutura. Martxoaren 27an, oso goiz, eskalatzeko prest zeuden. Lehen 300 metro samurrak erritmo oso azkarrean igo zituzten. Soka gerrira lotu gabe, izotzezko diedro sistema batera iritsi ziren. Aurretik, 760 metro oso zail zituzten. Soka bizkar zakuetatik atera eta lehen luzeei ekin zieten. Ohartu ziren diedro izoztu horiek zailtasun tekniko gogorrak zituztela, eta horregatik eskalada hori egun batean egiteko asmoa zapuztu zen.

Oso zorrotza

Rousseauk aipatu du diedro izoztu horiek asko exijitu zietela. Kalitate handia eskatzen zuten metro horiek formazio oso tente eta beldurgarri baten aurrean jarri zituen. Hots, bidearen giltzaren aurrean. Cornellek lehen luzearen ardura hartu zuen. 90 graduko izotz zirrikitu batetik igo zen: WI6+. Luze bertikal hori atzean utzi eta Marvell jarri zen sokaburu. Zintzilik zegoen izotz daga bat saihestu ahal izateko, lauzpabost metro artifizialean igo zituen. Helburu nagusia ez zen tarte hori librean egitea, baizik eta bere bi kideak mehatxatzen zituen daga hori ez puskatzea. Eskalada osoan artifizialean eginiko metro bakarrak izan ziren. Ondoren, izotzezko xafla mehe batzuetatik jarraitu zuen. Izotz horrek zabalean soilik 30 zentimetro zituen; lodiera, berriz, 2,5 zentimetrokoa zen.

Nahiz eta zailtasun teknikoak eta arriskua oso handiak ziren, hirukoteak ez zuen etsi. Lerrootako protagonistak oso motibatuta zeuden, eta, luze tente batzuk gainditu ostean, bibak egoki bat prestatzen hasi ziren. Bi orduko lanaren ondoren, elurrean erlaitz bat antolatu zuten. Azkenean, gaueko hamaiketan, bi lagunentzako denda txiki batean sartu ziren.

Leku txikia bazen ere, gaua nahiko ondo igaro zuten. Goizeko bostetan alarmak jo zuen. Gosaldu bezain laster, Rousseauk hurrengo luzearen ardura hartu zuen. Berriro ere izotzezko daga batekin topo egin zuen. Nola edo hala, hura inguratu eta izotzezko beste xafla batean sartu zen. Zorionez, ezkerrean zuen arrokak aukera bikainak eman zizkion friendekin bere burua babesteko. Hurrengo 50 metroak ez zitzaizkion errazak egin, baina Rousseauk bere lana burutu zuen.

Ondoren, beste lau luze oso bertikal gainditu zituzten izotzean. Justu puntu horretan zailtasun tekniko handienak amaitu ziren. Arratsaldeko 16.20an hormaren gainera heldu ziren. Ordutegi horrekin ez zeuden oso eroso; izan ere, oraindik beste 450 metro igo behar zituzten Dickeyren gailurrera iristeko. Azken zati horretan lan eskerga egin behar izan zuten elur sakonean. Oso zuhurrak izan ziren, elur jausia eragitea bai ala bai saihestu behar zutelako. Bi orduko zeharkaldi horrek tontorrera eraman zituen.

Alpinistok erlaitz txiki batean antolatu zuten bibaka. (ROUSSEAU - CORNELL)

Atseden pixka bat hartu, elkar besarkatu eta jaitsierari ekin zioten. Berandu zen, baina ez zeuden oso arduratuta. Mendebaldeko aurpegitik jaitsi ziren. Isurialde hori eskalatutakoarekin alderatuta oso-oso ezberdina da. Aurpegi abegitsua erakusten du elurrezko aldapa samurrekin. Tontorra zapaldu eta bi ordu eta erdira eskiak jarri, kopetako argia piztu eta kanpalekura abiatu ziren.

Amaitzeko, alpinista estatubatuarrek adierazi dute igoera hori oso berezia izan dela. Aurreratu dugun bezala, urteak zeramatzaten helburu horren atzetik. Eta azkenean arrakasta lortzeko gai izan dira. Hala ere, protagonistok azaldu dute lan oso gogorra egin behar izan dutela eskalada tente hori gainditzeko. Batez ere, jarraian egin beharreko hamasei luzeak. Horrez gain, arrisku objektiboak kudeatu behar izan dituzte. Zorionez, jarduera biribiltzeko kondizio nahiko onak izan zituzten.