
Hazikoopek Hazikoop up! izeneko inkubazio eta azelerazio programa berria aurkeztu du, 100.000 euroko zuzkidurarekin startup kooperatibo teknologikoak bultzatzeko. Ekimenak «jauzi estrategikoa» ekarri nahi du, kooperatibismoa «hazkunde handiko sektoreetan kokatzeko helburuarekin».
Programa Bilboko B Accelerator Tower (BAT) gunean garatuko da, eta hainbat heldutasun-mailatako proiektuei zuzenduta dago, pre-seed fasetik hasi eta merkatuan lehen urratsak ematen ari diren enpresetaraino. Parte-hartzaileek formakuntza, mentoria eta laguntza espezializatua jasoko dute, negozio-eredua findu, egitura juridikoa garatu eta finantzaketa eskuratzeko.
Hazikoop up! sektore estrategikoetan jarduten duten ekimenei irekita dago, hala nola trantsizio energetikoa, digitalizazioa, adimen artifiziala edo biomedikuntza. Programak, gainera, inbertsio ekosistemarekin konektatzeko aukera eskainiko du, eta amaieran Demo Day batean aurkeztuko dira proiektuak.
Erakundeko arduradunen arabera, helburua da «ekintzailetza teknologikoa eta eredu kooperatiboa uztartzea, balio erantsi handiko jardueretan presentzia handiagoa lortzeko». Horretarako, hasierako faseetan esku hartzea eta proiektuak azkarrago eskalatzea funtsezkotzat jo dute.
118 kooperatiba berri
Bestalde, Hazikoopek 2025eko balantzea ere aurkeztu du. Iaz, 118 kooperatiba berri sortzen lagundu zuen EAEn, eta guztira 271 lanpostu eragin zituzten. Lurraldeka, Gipuzkoan sortu ziren gehienak, ondoren Bizkaian eta Araban.
Datuen arabera, kooperatiba gehienak lan elkartukoak izan dira, baina bestelako tipologiak ere ageri dira, kontsumo edo etxebizitza arlokoak kasu. Gainera, nabarmendu dute azken urteetan hazten ari dela migratzaileek sustatutako proiektuen kopurua.
2002tik hona, Hazikoopek 3.398 kooperatiba baino gehiago bultzatu ditu, %73tik gorako biziraupen-tasarekin. Guztira, 8.500 enplegu baino gehiago sortzen lagundu du, «kooperatibismoaren sendotasuna eta egonkortasuna berretsiz», ohar batean adierazi dutenez.

Familias de Sestao presentan quejas por la visita de un campus infantil a la Guardia Civil

Guía básica para un poteo sanferminero sin sionismo

Lakua intenta recoger cable después de que la consejera Pedrosa señalara a dos correctores

Un investigador vasco halla una traducción inédita de Tolkien en una biblioteca de Oxford
