
Ezpeletan ospatu dute Euskal Monetaren aldeko jaia, Eusko Eguna. Ekoizleek, artisauek, elkarteek, artistek eta biztanleek bat egin dute Europako lehen tokiko moneta den eta 6.000 erabiltzaile dituen euskoaren alde. Hitzaldiak, herria ikusteko bisita gidatua, ipuin irakurketak, ikuskizunak, herri kirolak, txarangak, tailerrak eta jokoak egon dira Ezpeletan besteak beste. Ostean, Zetkin, Belako eta Su Ta Gar taldeen kontzertuek girotuko dute gaua.
Aurtengo Eusko Egunaren karietara, erronka bat ezarri zuten: 5 milioi eusko zirkulazioan izatea. Lortu dute. Hitzorduaren antolatzaileek nabarmendu bezala, «zirkulatzearekin konformatzen ez den moneta bat da euskoa. Hartu-emanak bideratzen ditu, zirkuitu laburrak bultzatu, trantsizio ekologikoa laguntzen du eta lurraldean tokiko elkartasuna indartzen du».
Egitarauari buruz, honakoa nabarmendu dute Eusko Egunaren antolatzaileek: «Ekitaldi ireki gisa pentsatuta, aurkikuntzak, esperientziak eta plazerak nahasten ditu Eusko Egunak. Laborarien eta artisauen azoka, elkarte herria, etxaldeko bazkaria, haurrentzako jarduerak, ikusgarriak, dantza, musika, eta askoz gehiago: edonork atzeman dezake maite duena».
Goizean, Patronaiaren Salan, ‘Gure moneta: Mugaz gaindiko tokiko moneta baterantz’ lelopean antolaturiko hitzaldia izan da 11.00etan hasita. Tokiko ekonomia, trantsizio ekologikoa eta euskararen alde jarduteko egitasmoak bere bidea egin du azken hilabeteotan. Hala, Baztan eta Oarsoaldetik abiatuko den egitasmoa Errenterian aurkeztu zuten joan den otsailean.
Eguneko une gogoangarrienen artean, Mathieu Dumeryren CLIMATØ ikuskizunak klima erronkei buruzko ikuspegi dibertigarria eskaini du. Era berean, ‘Itzaletik’ ikuskizunaren lehen emanaldia antolatu da. Ezpela dantza-talde ezpeletarrak zuzendutako sorkuntza koreografikoa da, emakumeek euskal kulturan duten lekua aztertzen duena.
Gauean Zetkin, Belako eta Su Ta Gar taldeen kontzertuak izango dira merkatu estaliaren azpian. Ostean, gaua girotzeko DJ Lilz eta DJ Txupi, goizaldeko bostak arte, Ñapurrak gelan. Sarrerak 12 eusko edo euroren truke saltzen dira.
Tokiko garagardoa
Berritasunen artean, Eusko Egunean zirkuitu laburrean egindako garagardoa edateko aukera izan da. Aiherran sortua eta Eusko Monetarekin bat egiten duten zenbait eragileren arteko lankidetzaren emaitza da: Etxeko Bob’s Beer, Donamartiriko Garagarberoa Madarikazioa maltategia eta Herriko Garagarnoa elkartea.
Sektorearen bilakaerari erreparatuz, «hazitik basoraino Iparraldean ekoiztua» den garagardoa saltzeko asmoz, Herriko Garagarnoa elkartea aurkeztu zuen iazko urrian Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG). Garagarra ereitetik hasi, maltategitik pasa eta garagardotegietara heldu bitartean, urrats anitz eman behar dira kalitatezko tokiko produktu bat lortzeko. Bada, Donamartirin lehen maltategia ireki eta bederatzi garagardotegi atxiki dira hastapenetik egitasmora: Abarratia eta Sasiko (Aiherra), Akerbeltz (Azkaine), La Brasserie du Pays Basque (Bardoze), Etxeko Bob’s Beer (Hazparne), Kaneta (Hendaia), Kompas (Ortzaize), Landberry (Angelu) eta Luma (Donapaleu).
Nahiz eta bakoitzak bere izen eta marka propioak mantendu, ‘Herriko Garagarnoa’ etiketa ere erabiltzeko aukera dute. Euskal Monetako ordezkarien ustez, «tokiko monetak lurralde-aliantza zehatzak azaleratzeko duen gaitasuna erakusten du ekimenak».

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

La Real, campeona de Copa en los penaltis, como en 1987: ¡va por ti, Aitor Zabaleta!

Aitzol Gogorza presoak askatasuna berreskuratu du 26 urteren ondoren

Médicos comunican a Osakidetza y Osasunbidea que no realizarán jornadas voluntarias de tarde
