
Helbururik handienak eta konplexuenak, urrats labur eta sinplez osatuta daude neurri handi baten. Beraz, Kutxabank Araskik Emakumeen Endesa Ligan beste denboraldi bat jarraitzea helburu handitzat har baliteke ere, hobe da arabarren helburuak sinplifikatzea: hurrengo partida irabaztea. Eta kito!
Joan zen asteburuan Ferroli irabazi ostean, eta batez ere Joventutek Esteponaren aurka galdu eta gero, bidea asko erraztu zitzaion Madelen Urietaren taldeari. Hasteko, jaitsiera postuak atzean laga zituelako. Psikologiak benetako eraginik baldin badu jokalariengan hitzordu berezi bati aurre egiteko garaian, garaipen psikologiko nabarmenagorik gutxi aurkituko dugu Ferrolen kontra araskizaleek egindako balentria baino. Kontua ez da 86-66 nagusitu zirela bakarrik, baizik eta zortzi onenen artean sartu guran zebilen aurkari bati egurra emateko gai izan zirela.
Garaipen handi hori lortzeko sei jokalari 11 puntu edo gehiago sartzeko kapaz izan ziren arabarrak, erreboteetan eta asistentzietan nagusi izan ziren eta aurreneko erdian egindako lan ona hirugarren laurdenean lorturiko 26-11 partzial paregabeari esker errematatu zuten.
Azken garaipen bat behar dute gasteiztarrek, ordea. Hain zuzen, joan zen asteburuan Joventuti Badalonan irabazi zion Estepona izango dute aurkari. Gasteiztarrek sobera dakite zer-nolako arerioa den talde andaluziarra, bere garaian Araskitik pasatako hiru jokalari dituelako taldean: Melisa Gretter, Tanaya Atkinson eta Leia Dongue.
Alabaina, motibazioari dagokionez, ez dago kolorerik, eta hori albiste ona da Araskiren alde: Malagako taldeak dagoeneko badaki zortzi onenen artean amaituko duela Emakumeen Endesa Ligako Fase erregularra, eta etxean jokatzen duelarik garaipena bilatuko badu ere, ez du aurreko asteetako amorrurik izango, are gutxiago Araskik bere burua salbatzeko izan beharko lukeen amorruaz alderatuz gero.
«Lehenengo unetik azkeneraino kontzentraturik jokatu behar dugu: gugatik, zaleengatik eta hiriagatik», zehaztu du Sami Hill Kutxabank Araskiko jokalariak. Torontoko eskoltaren iritziz «40 minutuetan jokatu behar dugu topera. Hauxe da Gasteizen nagoen hiru urte hauetan jokatu behar dudan partidarik garrantzitsuena eta gauzak ondo egin behar dira.
Antzera mintzo da Kike Garcia de Garayo Made Urietaren entrenatzaile laguntzailea ere. «Elkar hartuta jokatu beharko dugu, aiztoa haginetan hartuta ahal bada. Partida irabazteko egin beharreko horretan pentsatu behar dugu, ez bestetan; horretarako galdutako baloi kopurua murriztu beharko dugu, saskira begira inspirazioa aurkitu eta une zailetan gogor egin», laburbildu du azken honek.
Deskuiduan Kutxabank Araskik partida galduko balu, oraindik ere maila mantentzeko beste aukera bat izango luke, baldin eta Joventuterk Kanaria handiaren etxean galduko balu. Katalanek nahitaez irabazi behar dute eta horrek presioa areagotu behar die, baina era berean, Kanaria Handiak aspaldi galdu zuen maila, aspaldi saldu zituen Contell –egun Esteponan ari den antolatzailea– eta Merceron taldeko bi izarrak, eta jarraian 17 partida galdu ostean, saila dirudi Joventuten aurka bolada hori etetea lortuko dutenik pentsatzea.
Neurketa guztiak 19.00etan hasiko dira –Euskal Herriko ordutegiaren arabera–. Kutxabank Araskik ez bezala, etxean amaituko dute beren ibilbidea berdin IDK Euskotrenek nola Lointek Gernika Bizkaiak, Girona eta Perfumerias Avenida taldeen aurka, hurrenez hurren. Lan txarrak euskal talde bientzat, Emakumeen Endesa Ligako finalera iristeko hautagaietako bi izango dituzte-eta aurrean.
Bizkaitarren kasuan babeslearen azken partida izango da. Horren harira, Gerardo Candina gernikarren presidenteak «bi hilabete eta erdiko epea» aipatu du elkarrizketa baten babesle berriren bat lortu eta datorren urtean ere Emakumeen Endesa Ligan kantxaratu ahal izateko. «Erakunde publikoekin zein enpresekin berbetan ari gara, baita egungo babesle txikiekin ere, hemendik aurrera zer egin eta bidean nola jarraitu argitzeko».

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

Nueva funcionalidad de Google: activa NAIZ como fuente preferida para seguir la actualidad

El crucero del hantavirus deja ya un caso en Suiza y desembarcará el sábado en Tenerife

La ‘cuadrilla’ recreada por Marta Garatea anunciará los Sanfermines 2026

