Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Himalaiako udaberriko denboraldian, zaharrak berri

Azken urteotako joera errepikatzen ari da espedizio komertzialekin. Annapurnan, Dhaulagirin eta Makalun lehen igoerak iritsi dira; ia guztiak oxigeno artifizialarekin. Everesten, berriz, Karl Egloff eta Tyler Andrews denbora onenak ezartzen saiatuko dira oxigeno gehigarririk gabe.

Khumbuko glaziarrean ibilbide seguruena prestatzen ari dira langileak.
Khumbuko glaziarrean ibilbide seguruena prestatzen ari dira langileak. (Icefall-SCPP)

Himalaiako udaberriko denboraldia martxan da eta, ohi den bezala, zortzimilakoak foku nagusi guztiak bereganatzen hasi dira. Mendi txikiagoen protagonismoa, aldiz, udazkeneko denboraldiak jasotzen du.

Nepalgo administrazioak iragarritako araudian hainbat aldaketa espero ziren zortzimilako horiek eskalatzeko, baina momentuz ez da ezer entzun. Kirol ikuspuntutik ere, ez da ia aldaketarik izan. Espedizio komertzialak jaun eta jabe dira mendi horietan, eta ehunka mendizale dira zortzimilako ezberdinetara hurbildu direnak.

Annapurna, Dhaulagiri eta Makalu nahiko «goiztiarrak» izan dira. Mendi horiek behetik gora soka finkoekin lotu eta gero, lehen igoerak iritsi dira. Tontorra lortu duten ia guztiek oxigeno artifiziala erabili dute. Gai horren inguruan aipatu behar dugu, berez, gailur egile guztiek oxigeno maskara kendu behar dutela aurpegia ikusi, argazkia atera eta ziurtatzeko zortzimilakoaren puntu garaiena lortu dutela.

Bien bitartean, beste zortzimilako altu batzuetan soka finkatzeko eta kanpaleku ezberdinak antolatzeko lanetan dira. Everesten, adibidez, duela astebete Khumbuko glaziar erraldoi puskatuan ibilbide egokiena zein seguruena lortzeko egiten ari ziren lanak bertan behera utzi behar izan zituzten. Izan ere, langileek serac erraldoi eta ezegonkor batekin topo egin zuten. Gogoratu behar dugu 2014ko apirilaren 18an luizi batek 14 langile hil zituela, eta orain dela hiru urte beste hiru.

Khumbuko glaziarraren ibilbidea eta goiko kanpalekuak antolatzen dituzten bitartean, gero eta mendizale gehiago heltzen ari dira kanpaleku nagusira. Hedabide batzuek diote Everesteko kanpaleku horrek 3.500 lagun jaso dituela. Mendian gora ibiliko direnez gain, oinarrizko kanpalekuan arlo ezberdinetako langileak izango dira: sukaldariak, sendagileak, fisioterapeutak, aisialdietan buru belarri daudenak…

FKT

Aipatu dugu aurtengo udaberriko denboraldiak ia ez duela aldaketarik izango, eta egoera hori Everesten bertan erabat txertatuta dago. Kirol berri nagusien artean, ultrarunnerren agerraldiaren inguruan hitz egingo dugu. Hain zuzen ere, bi espezialista saiatuko dira munduko mendi garaienean Fast Know Time (FKT) edo ezagutzen den denbora onena ezartzen: Karl Egloff eta Tyler Andrews. Ekuadortarra eta estatubatuarra Everesten krono onena ezartzen saiatuko dira oxigeno gehigarria erabili gabe.

Andrewsi dagokionez, aurreratu behar dugu «kolpe» ederrak jaso dituela Everestekin. Makina bat saialdi egin ditu, baina oraindik ez da gai izan FKT azkarrena ezartzeko. Iaz, adibidez, lau ekinaldi egin zituen eta horietako batean 8.400 metrora heldu zen. Iparraldeko isurian egin zituen saialdi horiek, baina Txinak Tibeteko aurpegi hori itxi egin du eta horregatik aurten hegoaldeko isuriko ibilbide klasikoan jardungo du.

Oxigeno artifizialik gabe eta non-stop eran gogor borrokatzeko estatubatuarrak entrenamendu espezifikoak egin ditu. Joan den abenduan, adibidez Everesting izeneko errekorra gainditu zuen zinta baten gainean. 8.848 metro metatu zituen 8 ordu eta 17 minututan.

Egloff ere «korrika» ibiliko da munduko mendi garaienean. Norgehiagoka mediatiko horretan ere buru-belarri ibili zen iaz. Ekuadortarrak ez zuen zorterik izan, eta soilik 7.300 metroko kota erdietsi zuen. Bere bigarren saiorako hegoaldeko isuriko ohiko ibilbidea aukeratu du. Batzuk kritiko dira bi ultrarunner horien estiloarekin, baina, bederen, espedizio klasikoen eta komertzialen eskaintza alboratu eta eredu arin, azkar eta autonomo baten alde egingo dute.

Everestetik gertu, Lhotsen, Bartek Ziemski helburu handi batean buru belarri ibiliko da. 37 urteko poloniarrak zortzimilako hori eskiatu nahi du. Igoerarako ez du langileen edo mendi gidarien laguntzarik izango. Hortaz, gain, aurreratu du oxigeno gehigarririk ez duela erabiliko.

Ziemski espezialista handia da eta eskarmentu oparoa du zortzimilakoak eskiekin jaisten: Broad Peak, Gasherbrum II, Manaslu… Azken urteotan ez bezala, Oswald Rodrigo Pereirak ez dio proiektu horretan lagunduko. Azkenik, gogoratu behar dugu 2018an Jim Morrisonek eta Hilaree Nelsonek lehen aldiz Lhotse eskiatu zutela. Bi eskiatzaileok oxigeno artifiziala erabili zuten.