Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Jonmi Magunagoitia
Eibarko jokalaria

«Talde honen bereizgarri handiena lehiakortasuna da»

Hirugarrenez, Jonmi Magunagoitiak (Zornotza, 2000) Eibarren atea babesteko ardura du eta lehen taldeko atezaina da iaztik. Etxekoa izanda, «une txarrak sakonki sentitzen» ditu eta play-offa eskura dagoen oraingo unea «sekulako poztasun eta ilusioz» bizitzen ari da.

Jonmi Magunagoitia, Areition.
Jonmi Magunagoitia, Areition. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Markako zenbakiak biltzen ari da Eibar 2026an eta igoerako play-offean sartzea eskura dauka, denboraldia amaitzeko bost jardunaldi besterik falta ez direnean. Horretarako, ia lehian izango dituen puntu guztiak poltsikoratzen jarraitu beharko du, larunbatean Ipuruan Malaga aurkari zuzenaren kontra jokatuko duen partidatik hasita.

Jonmi Magunagoitiak zainduko du atea. Jubeniletan jantzi zuen lehen aldiz elastiko gorri-urdina, orduan lehen taldea Lehen Mailan zegoela, eta bere burua hor irudikatzen zuen bere ametsetan. Eibarren bueltan, hainbat esperientzia bizi ondoren, nahiago du hurrengo partidaz harago ez pentsatzea, tentazioa handia bada ere. «Egia esan, ez dut denborarik galtzen datorren urtean Lehen Mailan egongo garen imajinatzen. Larunbateko partida daukat buruan, ondo egotea, lehiatzea, irabaztea».

Ilusioa izango duzu. Zeintzuk dira sentsazioak denboraldiko azken hilabetearen aurrean?

Oso sentsazio onak. Egiten ari garen ibilbidea horrela sentitzeko modukoa da. Eta, noski, ilusio handiz. Taldean ere hori sumatzen da, ilusioa, poztasuna. Eta anbizioa, gauza polit bat egiteko aukera ikusten dugulako, eta hori baino motibazio handiagorik ez dago.

Eta urduritasuna? Postuak igotzen dituzuen heinean agertzen ari al da?

Ez dut sumatzen urduritasunik. Ez dugu sentitzen presio hori, behar hori, partida guztiak irabaztekoa goian egoteko. Uste dut gakoa dela partida bakoitza lehiatzera eta disfrutatzera irteten garela. Batez ere lehiatzera. Talde honen bereizgarri handiena lehiakortasuna da, burua horretan jartzen dugulako. Ez dugu nerbioentzako lekurik uzten.

Nork esango zigun abenduan gaur honetaz hitz egiten arituko ginela. 

Kontrasteen denboraldia izan da. Lehen hilabeteetan gauza asko ondo egiten genituen, baina gero ez ginen gai emaitzak ateratzeko. Baina konfiantza genuen gure eguneroko lanean, argi genuen lanak duen garrantzia eta horri eutsi genion.

Helburua urtez urte motelduz joan da. Baina inork ez zuen espero Eibar jaitsiera postuetan sufritzen ikustea.

Guk ere ez. Talde ona genuela ikusten genuen eta joko aldetik ondo genbiltzan, baina emaitzak ez ziren heltzen. Baina eguneroko lanari eutsiz, egiten genituen akats puntualak zuzentzen joan garen heinean eta, batik bat, lehiakortasun puntua handitu  dugunetik, emaitzak lortzen joan gara.

Hondoa jo zenuten eta, bat-batean, gau beltza udaberriko egun argitsua bihurtu zen.

Buruan daukat zelan elkartu ginen denok aldagelan, gabonen inguruan, argi geneukalako buelta eman behar geniola. 'Kito. Amaitu da, honaino heldu gara, ezin dugu jarraitu. Denok jarri behar dugu lan-jantzia eta gure artean eta lanarekin dena aterako dugu aurrera'. Eta hemen gaude.

Ez dakit ados egongo zaren, baina esan dizudan «bat-batean» horri data jarriko diot. Hiru aldiz jarraian galdu ondoren eta jaitsiera postuetan zeundetela, hutsean berdindu zenuten Kordoban. Partida ez zen batere erakargarria izan, baina ordura arte egin ez zenuten bezala lehiatzen ikusi zintuztedan. Eta lehiakortasuna izaten ari da zuen gorakadaren gakoa.

Bai. Nik ere partida hori guretzat inflexio puntu bat izan zela uste dut. Ikusi genuen nola lehiatu behar dugun, zein mentalitaterekin zelairatu behar dugun partida bakoitzean. Partida hartatik aurrera beste Eibar bat ikusi da. Jokoa ere hobetzen doa erosoago sentitzen zaren heinean.

Buruaren garrantzia argia da. Martxora arte ezin izan zenuten etxetik kanpo irabazi eta Leganesen aurreneko garaipena lortu zenutenetik ez dago geldi zaitzaketen inor. 

Horrela pasatzen da askotan. Motxila astun hori kentzen duzu eta dena dator aurpegiz hortik aurrera. Orain gauden unean, agian botatzen duzu begirada atzera eta esaten duzu 'joe, orain jokatuko bagenu Kordobako partida hura edo Granadakoa, seguru irabaziko genituzkeela'. Baina une desberdinak daude denboraldian zehar, eta uste dut une hartan lortu ahal izan genuen emaitzarik onena lortu genuela. Eta, azkenean, egoera txarrari buelta eman eta gora eraman gaituena emaitza horietan ere oinarritu dugu; gauden unean egin dezakegun onena egitea da kontua.

Gaur egungo «onena» baino hoberik ez da egongo. Dena ondo ateratzen zaizue, eta taldeak erakusten duen konfiantzan nabaritzen da.

Asko irabazi dugu alde horretatik. Eta ez da partidetako kontu hutsa, eguneroko lanekoa baizik. Ikusten da jokatzen duenak jokatzen duela, taldean ez dela igartzen, taldeak beti mantentzen duela lehiakortasun maila, exijentzia maila, fidagarritasun maila... Jendea egunerokoan nola entrenatzen den ikusteak segurtasuna eta konfiantza handitzen ditu. Eta hori izaten ari da gako handienetakoa.

Azken partidaren adibidea hor dago. Baja ugari eta garrantzitsuekin joan zineten Albacetera, baina partida hasi zenean ez zuen inork haien falta sumatu.

Baja garrantzitsuak ziren, dudarik ez. Baina talde honetan baja guztiak dira garrantzitsuak eta, aldi berean, inor ez da ezinbestekoa. Esan dizudanagatik, guztion eguneroko lana sekulakoa delako. Ikusi beharko zenuke gutxiago jokatzen duenak nola sakatzen duen entrenamenduan, eta horrek egiten du jokatzen duenak gehiago sakatzea... Eta denon onurarako da. Horregatik gaude lasai, badakigulako berdin dela nork jokatzen  duen.

Beste gako nabarmena errendimendu defentsiboaren hobekuntza izaten ari da, partidaren argazkia beti aurrelari batentzat izaten bada ere.

Izan daiteke, baina eraginkortasuna ere azpimarratuko nuke, aurreko postuetan eraginkortasuna handitu egin dugula. Lehen komentatzen ari ziren aldagelan, orain ehun eta piko tiro gutxiago behar izan ditugula lehen itzulian baino, gol kopuru ia berbera sartzeko.

Eta gabonetatik hona 18 partida jokatu dituzue eta hamarretan utzi duzue zuen atea hutsean. Denen erantzukizuna da, baina zu bereziki pozik egongo zara.

Egia esateko, lehen itzulian gol gutxien jasotzen zituzten taldeen artean geunden. Baina oraingo zenbakiak beste maila batekoak izaten ari dira; oso onak dira. Segurtasun horrek konfiantza handitzen du. Eta atezaina izanik, argi dago oso pozik amaitzen dudala atea hutsean uzten dugunean. Baina garrantzitsuena niretzat irabaztea da, berdin zait golen bat jasota bada.

Hobekuntza horien guztien ondorioz heldu gara gaur egungo egoerara. Ez dakit zenbat aldiz begiratu behar izaten duzuen astelehenetan sailkapena, ikusten duzuena sinesteko.

Oso kontziente gara egin dugunaz; badakigu oso zaila dela. Baina bagenekien kapazak ginela. Eta horregatik guztiagatik, egoera umiltasun osoz hartzen dugu, baina baita anbizio eta ilusio osoz ere, bost partida gelditzen baitira eta igotzeko aukera hor dago.

Azken jardunaldiak, gainera, albiste on bat utzi du: zazpigarrenak bazarete ere, ez zaudete inoren menpe. Dena irabazten baduzue, gutxienez play-offa jokatuko duzue.

Eta sekulako ilusioarekin gaude. Baina nik ez dut hurrengo partidatik haratago begiratzen. Beste gauza batzuetan pentsatzen hasten bagara, kontzentrazioa galduko dugu, lehiakortasuna jaitsiko dugu eta akabo. Hurrengo partida.

Ez da nolanahikoa, gainera.

Erabakigarria. Eta Ipuruan jokatzeko zortea daukagu. Jendea etortzera animatzeko aprobetxatuko dut, oso gertu sentitzen baititugu eta euren laguntza nabaritzen eta eskertzen dugu.