Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

'Les Berbères' ibilbidea, muturreko mistoaren joera sendoa

Symon Welfringer, Esteban Daligault, Virgile Devin eta Baptiste Obino frantziarrek Pré de Barreko iparraldeko horman M11 mailako eta 500 metroko bidea sortu dute. Alpinistok bost ekinaldi behar izan dituzte helburu hori biribildu ahal izateko.

Laukote frantziarrak Pré de Barren mistoko ekarpen handia egin du.
Laukote frantziarrak Pré de Barren mistoko ekarpen handia egin du. (Esteban DALIGAULT)

Ez dago zalantzarik: Pré de Barren dagoen Raphaël Borgiseko iparraldeko hormak mistoko etorkizuneko erronkentzat jarraitzen du altxorra izaten. Mont Blanceko mendigunean dagoen murru hori ez da oso ezaguna ingurumari honetan; hala ere, frantziarrek alpinismo tekniko gogorraren erdigunean jarri dute. Patrick Pessi eta Stéphane Benoistek 2003an 'Les Barbares' sortu zutenetik, hormatzar zorrotz hori erabat ahaztuta egon da. Baina 2025ean belaunaldi indartsu batek berriro protagonismoa eman zion. 'Les Barbares 2' (Léo Billon eta Amaury Fouillade) eta 3 (Léo Billon eta Enzo Oddo) marra berriak iritsi ziren. Joan den apirilean, berriz, saga horrek laugarren kapitulua jaso zuen.

Symon Welfringer, Esteban Daligault, Virgile Devin eta Baptiste Obinok bost ekinaldi (denera, urtebete) behar izan dituzte 500 metro eta M11 maila dituen 'Les Berbéres' bide berria (sagaren izenari propio egindako kontrapuntu keinua da) a eta kateatzeko. Zailtasun tekniko horri begiratzen badiogu, aurreratu dezakegu Mont Blanceko mendiguneko bide luzeetan gainditu den mistoko luze gogorrenetakoa dela. Alpinistok soilik eite bat zintzilik utzi dute: 'Les Berbéres' ez dute zorutik saialdi batean egin. Hori balizko errepikatzaileentzat utzi dute, baina, bederen, protagonistok argi dute era askea edo mistoa alpinismoaren etorkizuneko joera dela.

Belaunaldi ezberdinez osatutako laukote horrek onartu du eroria duen ezkutu horrek ezustekoak eman dizkiola. Oro har, espero baino lan gehiago eskatu die. Arazorik gabe, bi egunetan eta azkar zabaltzeko itxaropena zuten. Baina irakurtzen den bezala, urtebeteko lana izan da.

'Les Berbéres'-en historia joan den urteko udaberrian hasi zen. Hots, lehen ekinaldiarekin. Alpinistok bat-batean zaplazteko ederra jaso zuten paretan sartu bezain laster. Horma horren harkaitza oso trinkoa da lehen luzeetan, eta babesteko lekuak aurkitzea oso zaila egin zitzaien. Hortaz gain, bibaketik su txikia erori zitzaien, eta, ezbehar horren ondorioz, saialdia bertan behera utzi zuten.

Bigarren bistan ere, ezustekoek ez zuten etenik izan. Obino eta Daligault izan ziren soka taldea osatu zutenak. Lan horietan zirela, arroka zati batek Obinoren aurpegian jo eta zauritu zuen. Nahiz eta zorabiatuta zegoen, aurrera jarraitu eta erabat leher eginda eskaladaren bigarren eguna amaitu zuten. Biharamunean, gailurretik gertu geratu ziren. Egoera ez zen batere baikorra, besteak beste, aurretik zituzten metroak elurrez estalita zeudelako. Bazekiten kondizio horietan zaila izango zutela euren buruak babesteko. Arriskuaren maila handitu zenez, bigarren ekinaldiarekin amaitzea erabaki zuten.

Azkena, bikain 

Bi saialdi horiek egin eta gero, alpinistok argi zuten hurrengo urterako atzeratuko zutela esku artean zuten helburua. Iragan martxoaren hasieran, Daligault Welfringer eta Devin indarrak batu eta hirugarren bisita egiteko motibazio handiarekin aurkeztu ziren. Aurreko bi bisitek erakutsi zieten horma hori beste 'liga' batekoa dela. Alabaina, eskarmentu gehiago zuten eta oso motibatuta zeuden lanak amaitzeko.

Iaz zabaldutako tarteak arazorik gabe gainditu zituzten. Hamaka zabaldu eta gaua igarotzeko prest zeuden. Biharamunean, madarikazioan bihurtu zen beste ustekabea jaso zuten: elur ekaitz batek murru guztia zuri-zuri utzi zuen. Aurrera jarraitzea ezinezkoa zenez, hirukotea hormatik jaitsi zen. Alpinistok onartu dute jaitsiera hori oso nahasia izan zela.

Ibilbide berria; gehienez, M11 maila du. (Esteban DALIGAULT)

Laugarren bisitaren gidoia ez zen ia aldatu. Devin eta Daligault bat egin eta apirilaren hasieran berriro ziren murruaren oinarrian. Beheko sekzioan dauden luze gogorrenak oso ondo ezagutzen zituztenez, erritmo azkarra eraman zuten. Ordurako, tarte zailenei puntu gorria jarri zieten. Hots, era librean eskalatu zituzten. Baina berriro ere klima makurrak bisita egin zien. Elurra, hezetasun handia eta motxilak erabat bustita. Tontorretik 80 metrora zeuden, baina bikote hori ez zegoen prest arrisku oso handiak (arroka erabat ustelduta zegoen) hartzeko eta laugarren ekinaldia bertan behera utzi zuen.

Energia asko xahutu eta ekinaldietan jasotako porroten ondorioz, bazirudien 'Les Berbéres' proiektuak ez zuela amaierarik izango. Baina argi bat piztu zen. Welfringerrek azken saialdia egiteko proposamena egin zuen. Nahiz eta protagonisten artean zalantzak ez ziren uxatu, azkenean bosgarren eta azken bisitaren aldeko apustua egin zuten.

Apirilaren 18a azken bisita izan zen. Eta aurrekoekin alderatuta, alpinista frantziarrok ez zuten inolako ezustekorik izan. Bosgarren ekinaldi hori ez zuten paretaren oinarritik hasi. Gailurretik rappela egin eta geratzen zitzaizkien azken bi luzeetan sartu ziren. Beheko sekziokoekin alderatuta, askoz ere samurragoak (M5) ziren, baina aurreratu dugunez azken bisitetan klima oso txarra izan zuten.

Era horretan amaitu zen 'Les Berbéres'-eko azken kapitulua. Protagonistok onartu dute ez zutela poz berezik izan lan horiek guztiak amaitu eta gero. Baina gehitu dute proiektu horrekin erabat ase geratu direla, besteak beste, ibilbide arriskutsua eta teknikoki oso-oso zaila sortu dutelako. Horrez gain, azpimarra jarri diete indarrean jarritako etorkizuneko estiloari eta ikuspegiari.